Buenos Aires, Argentina. Athletic-eko kapitain ohi den aurrelari nafarrak eta Almagroko San Lorenzo klubak irailean fitxatu zuenetik talde porteñoko jokalari denak, Buenos Airesen egonda ez zuen joan den igandean aukera pasatzen utzi Athletic-Reala partida ikusi eta argentinar hiriburuko Athletic Clubeko Lagunarte Ofizialeko kideak agurtu eta ezagutzeko hauek, Realeko Peñako gonbidatu lagunekin batera Laurak Bat Euskal Etxean egin zuten elkarretaratzean, pantaila handian ikusteko. Ustekabeko bisita izan zen, gainera, eta guztia Espainiako Movistar+ plataformako talde bat grabatzen ari den dokumental bateko parte izango da.
Dokumentalak, izan ere, Athleticeko futbolaria San Lorenzora nola iritsi zen kontatzeaz gain, klub argentinar honek euskal gizataldearekin izan duen lotura historiko handian ere sakonduko du (ikus EuskalKultura.eus-en San Lorenzo-k euskal futbolariekin izandako harremana). Derbia bukatu eta gero, Athletic-en garaipena (bat eta huts Athleticen alde) ospatu zuten bildutakoek eta Ikerrek kamisetak sinatu zituen, argazkiak egin eta ordu erditxo bat geratu zen zaleekin hizketan.
Iker Muniainek Athletic-eko bere kamiseta oparitu zien Lagunarteko kideei
Pantailetan 2025ean
Iker Muniaini buruzko dokumentala Movistar+ plataformako ‘Informe+’ programaren ekoizpena da eta hastear dagoen urte honetan estreinatuko da, data oraindik ere zehazteke. Madrildik etorri den lantaldea, Estibalitz Ortega arabarra buru, azaroaren erdialdera iritsi zen Buenos Airesera eta Iker Muniain ez ezik, San Lorenzoko zale, agintari eta historialariak ere elkarrizketatu dituzte. Madrilen finkatutako kazetari euskaldunak EuskalKultura.eus-i esan dionez, “lan handiko egunak izan dira baina emaitzak ere oso onak izan dira eta dena oso ondo joan da". "Oso gustura ibili gara eta maitemindu egin gara Boedoko jendearekin. Nortasun gogorreko jendea da!”, azpimarratu du.
"Beleak", "lehoiak" eta euskaltzaleak
Bilboko Athleticen Argentinako Lagunarte Ofizialak 70 bat kide aktibo ditu eta hirurehun bat jarraitzaile. Horien artean badaude San Lorenzoren zaleak ere, futbol zaleen artean "beleak" ezizenarekin ezagunak direnak hemen. Athletic-eko Lagunarte argentinarreko Hernan Ceciaga eta Santiago Iribarne "beleak","lehoiak" eta "euskaltzaleak" ere badira, izan ere euskara ikasle baitira Buenos Airesko 'Euskaltzaleak' Euskaltegian.
Iker Muniain "bele" euskaltzaleen taldearekin: Hernan, Santiago, Amaia eta Garazi
Gure buletinarekin solasean Hernan Ceciagak adierazi duenez, “Iker oso pozik dago San Lorenzon eta oro har Argentinan egin dioten harrerarekin. Eta dudarik gabe guretzat oso berezia izan da berarekin batera ikustea derbia". "Euskal Herrian, Espainian ez bezala, derbia lagun artean bizi dugu. Alegia, partida hasi aurretik eta partida bukatu eta gero bi ekipoen zaleak elkarrekin ateratzen gara poteatzera. Horregatik gonbidatu genituen Realeko lagunak”, diosku dokumentalerako ere lekukotasun-emaile elkarrizketatu duten Hernan Ceciagak.