euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Film batek Horacio Echevarrieta XX. mende hasierako milioidun bilbotarraren berri ematen digu

2011/03/30

Horacio Echevarrieta euskal diputatuek emandako plaka errezibitzen Gernikako Juntetxean 1925ean, Kontzertu Ekonomikoaren alde eginiko lanarengatik (argazkia EuskoMedia.org)
Horacio Echevarrieta euskal diputatuek emandako plaka errezibitzen Gernikako Juntetxean 1925ean, Kontzertu Ekonomikoaren alde eginiko lanarengatik (argazkia EuskoMedia.org)

PUBLIZITATEA

Horacio Echevarrieta euskal industrialariari buruzko 'El último magnate' izenburuko dokumentala aurkeztu zen atzo Malagako Zinemaldian. "1920ko hamarkadan hasitako isilpeko azpijokoa dakar gogora lanak, espioitza, azpikeria politikoa, isilpeko armen ekoizpena edo orduan munduko itsaspekorik onena zenaren eraikuntza uztartuz", diote Sincro ekoiztetxetik. Izan ere filma Donostiako Sincro ekoiztetxeak egin du, Malagako MLK produktorearekin batera, eta ETBren eta Canal Sur TVren partaidetzarekin, Eusko Jaurlaritzak, Andaluziako Juntak eta Espainiako ICAAk lagunduta. Zuzendaritza lana eta gidoia ere euskal-andaluziarra izan da, buruak José Antonio Hergueta eta Donostian bizi den Olivier van der Zee holandarra izanik.

Cadiz, Espainia. 80 minutuko dokumentalak askorentzat ezezaguna den Horacio Echevarrieta (1870-1963) bilbotarraren abentura historikoa azaltzen du. Berarentzat ez zen nahikoa izan meategien eta itsasontzien jabea izatea, Bilboko Gran Via eraikitzea edo Iberia aire konpainia sortzea; aitzitik, itsasontzi onenak eraiki nahi izan zituen, eta lortu zuen, 'Juan Sebastián Elcano' eraikita. Alabaina, munduko itsaspekorik onena eraikitzea bizitzako erabakirik zailena izan zen.

Bilbo, Madril, Malaga, Cadiz, Salamanca, Rotterdam, Haga, Berlin eta Bremen hirietan filmatua, Euskal Herriak eta Andaluziak elkarlanean ekoitzitako dokumentalak ibilbide luzea egin du film bihurtu arte, proiektuari ekin zitzaionetik produkzioa amaitu bitartean bost urte igaro baitira. Ikerketa lana sei herrialdetan baino gehiagotan egin da, artxibo, liburutegi, zinemateka eta funts pertsonal ugari kontsultatuta, galdutako irudiak eta desagertutzat jotako istorio zatiak berreskuratzeko eta Echevarrietaren eta E-1 itsaspekoaren puzzlea osatzeko.

Euskal Herritik proiektuan parte hartu dutenen artean aipatzekoak dira David Berraondo donostiarra, Donostiako Sincro ekoiztetxea (baterako produkzioaz arduratu dena) eta Olivier van der Zee (zuzendarien artean). Azken hau jatorriz holandarra da, baina Donostian bizi da eta, bere filmen artean, nabarmentzekoak dira "La Canción de Roldán" film luze dokumentala, "Balenciaga" (2008), "Oteiza 100 urte" (2008) edo "Cuidadores" (2008), argazki zuzendari gisa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia