euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Doi-doi euskara ikasten hasitako ikasleek poema eta testuak irakurri eta euskaraz kantatuko dute Unibertsitate Complutensean

2022/10/17

Euskarazko olerki eta testuak irakurri, egungo euskal kantuak kantatu eta momentu goxo bat pasatzera gonbidatzen dute urriaren 19an
Euskarazko olerki eta testuak irakurri, egungo euskal kantuak kantatu eta momentu goxo bat pasatzera gonbidatzen dute urriaren 19an

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. Euskara ikastea ezinezko helburua dela? Datorren asteazkenean Madrilgo Unibertsitate Complutensean egingo den ekitaldi batek mito hori gezurtatzea hartu du xede, hain zuzen ere unibertsitate bertako ikasle talde bat lagun, tartean ikasturte honetan, duela hilabete pasexe euskara ikasten hasitako ikasleak. Ez ditu seguruenik oraindik EiTBek kontratatuko, baina poema eta kontaketak euskaraz irakurtzeko eta euskal errepertorio modernoko kantuak kantatzeko gauza izango dira, euren aurrerapenak bilduko direnekin gogotsu partekatuz.

Asteazkenean bertan —urriaren 19an— Hizkuntzen eta Itzulpenaren Eguna dela-eta egingo dute, 12:30etan, Filologia Fakultateko A eraikineko Gradu Aretoan, Euskal Ikasketa Arloa antolatzaile, Complutense Unibertsitateko Linguistika eta Arabiar, Hebrear, Euskal eta Ekialdeko Asiako Ikasketen Departamentuaren baitan.

"Euskarari buruz erraz esaten dute, batere ezagutzarik gabe, hizkuntza zaila dela, oso zaila eta maizegi baita ikastezina dela ere. Planteatu dugun erronkan erakutsiko dugu mito hori faltsua dela", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Karlos Cid Abasolo aipatu departamentuko irakasle titularrak. Abasolo bera Madrilen jaioa da eta heldua zela ikasi zuen euskara, gaur egun poema-liburuen egile eta zenbait liburuen euskaratzaile ere badela.

Ekitaldi osoa gaztelaniara itzuliko dute. Partaide izango dira Sendoa Aguirregoitia, José Hipólito, Begoña Martínez, David Nicolás eta Enrique Vercher.

Zeure euskara hobetu nahi? Euskarara gerturatzeko gonbidatu nahiko zenukeen lagunen batekin hurbildu nahi?  Klaseek, gainera, unibersitate-kredituak dauzkate.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia