euskal diaspora eta kultura
2011/06/30
PUBLIZITATEA
Bilbao, Bizkaia. Euskal Herrian dira berriz ere, baina Doctor Deseo talde bilbotarreko kideek ez dute berahala ahaztuko Mexico DFn izan diren egunetan bizi izan duten zirrara (edo mexikarrek dioten bezala, 'vibra' ona). Iragan ekainaren 21ean taldeak emanaldia egin zuen hiriburuko Lunario aretoan, eta 900 lagunek bete zuten gunea, taldearen bisitaren zain hamarkada bat baino gehiago zain eman ostean.
Mexikar zaleek hitzez hitz abestu zituzten taldearen kantuak eta kontzertu gogoangarria bizitzeko aukera izan zuten. Zale horietako bat, Oskar Pliego, taldearekin izan zen Mexikon izan ziren sei egunetan eta eurekin joan zen Euskal Etxera, el Chopo merkatura, eta jakina, kontzertuetara. Oskarrek sarean jarri ditu taldearekin grabatu dituen bideoak eta EuskalKultura.com-eko irakurleekin partekatu nahi izan ditu.
Taldeak eskerrak helarazi nahi izan dizkie zaleei idatzi baten bidez. "Loiutik atera ginenean ezin genuen imaginatu zetorkiguna. Sei egun Mexiko DFn, promozioari eta kontzertu egunei aurre egiteko, eta horrek oso gustura sentiarazi gaitu lagun zoragarriekin", adierazi du taldeak.
"Euskal Etxean dena bikain joan zen. Oso ondo tratatu gintuzten eta dena izan da ahaztezina, baina ez errepikaezina, espero dugu... Jendeak taldeko kideekin argazki piloa atera zituen eta euskal elkartean etxean bezala egon ginen, eta barre asko egin genuen", azaldu dio EuskalKultura.com-i taldeko managerrak, David Fernandezek.
Taldeak harrituta segitzen du izan zuen harrera dela eta. "Ondo egon zen Radio RMX-eko akustikoa, harrigarria Bizarroko bat-bateko saioa... baina Lunarioko kontzertuak bizar-ileak zutikatu zizkigun, batzuk malkotan ere aritu ginen. Taldekideak irten zirenean, banan banan, sekula entzun dugun txalo zaparrada eman ziguten. Taldea zoragarri aritu zen, sei hilabete jo gabe egon ostean; barrenak hustu zituen, aretoa lepo betetzen zuten 900 lagunen mailan egon ahal izateko", laburtzen dute bizitakoa.
"Orain, gauza bakarra gelditzen zaigu esateko: 1.000 esker eta hortxe ikusiko dugu elkar 2012an!!!", bukatzen dute.
-Bideo gehiago, hemen
-Doctor Deseoren webgunea, hemen
-Etxepare Euskal Institutuak taldeko kantari Francis Diezi egin dion elkarrizketa (Etxeparek bira antolatzeko sostengua eman zuen), hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus