Reno, AEB. Bi jatetxe, euskal etxea, Center for Basque Studies-etik urtero igarotzen diren bisitari, ikasle eta irakasleak... Renon euskal giroa nabaria da, Tania Arriaga-Azkarateren esanetan. 2010az geroztik bera ere giro horren parte da, Nevadako Unibertsitatean doktoretza ikasketak egiten ari dela. "Center for Basque Studiesen doktoregoa, edo ingelesez erraten den moduan Ph.D-a egiten ari naiz. Nirea antropologia eta komunikazioa uztartzen duen ikerketa da eta #NASF izeneko Nafarroako ekintzaile taldea hizpide du", esan dio EuskalKultura.com-i.
Berriki, unibertsitateko irratian saio hasi du; "Basque Roots" (euskal sustraiak) izena du eta asteartero asteartero euskal musika eta Renoko euskal komunitateari buruzko berriak zabaltzen ditu. "Irratsaio musikala da eta hamar bat minutu irauten du. Asteartero asteartero garai guztietako euskal musika, euskaraz kantatutakoa jartzen dut", azaldu du Arriagak. "Tarteka marteka, Renoko Center for Basque Studies-ek antolatzen dituen ekitaldien berri ere ematen dut". Saioaren hizkuntza ingelesa da, edo, hobe "Basquenglish"-a, Arriagak dioen bezala.
Irratsaioa internet bidez entzun daiteke, asteartetan (11:00, Renoko ordua).
Euskal Diasporarekin maitemindua
Taniak Diasporarekin harreman berezia du. 2000tik 2002ra Seattlen egon zen baina han ez zuen Nevadan aurkitu duen euskal girorik bilatu. "Orain badakit bertan oso talde polita dagoela, ekitaldiak eta horrelako kontuak antolatzen dituztela. Nik, aldiz, ez nuen zorte hori izan. Renon, hemen bai, euskaldun asko dago. Reno euskalduna da!".
Diasporako kide sentitzen da iruindarra, "eta kontent-alai, gainera! Euskal diasporarekin maitemindua nago, hortaz, haren parte izateak pozten nau".
Mihiluze saioan eta EuskalKultura.com-en
Seattletik bueltan, eta Renora joan baino lehen, Donostian urte batzuk egin zituen Taniak, eta besteak beste EuskalKultura.com-en eta ETBko Mihiluze saioan aritu zen lanean. Euskarari buruzko hitz joko lehiaketa zen "Mihiluze" eta Taniak gogoan du handik pasa ziren Diasporako zenbait kidek utzi zuten harridura, esaterako Rocio Basterrak, argentinarra berau eta hainbat euskal etxetan euskara irakasle.
"Guretzat harrigarria zen, argentinarrak izanik, euskaraz horren garbi eta horren ongi hitzegitea, horrek egunerokotasunatik ateratzen gintuen zerbait bazen, bai. Gainera, Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok egiten zizkieten galderei bikain erantzuten zieten. Niretzat Euskal Herritik kanpo bizi eta euskalduntzen diren guztiak, superheroiak dira eta ni haien fan-a".