euskal diaspora eta kultura
2011/06/08
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Kilometro ugariko bidaiak egin ohi dituzte FEVAko agintariek Federazioaren eta euskal etxeen arteko harremanak sendotu eta indartze aldera. Eta hala izan da joan den astean Ricardo Basterra FEVAko lehendakariak eta Marta Abarrategui idazkariak egin dutena. Lau eguneko ibilbidean, Entre Rios eta Santa Feko bost elkartetan izan ziren Euskal Federazioko ordezkariak.
Bira maiatzaren 25ean hasi zen Lucy Arcelus buru duen Concepción del Uruguayko Ibai Txori euskal etxean. Bertako batzordekideek hartu zituzten FEVAko ordezkariak, eta instituzioak aurrera eramaten dituen ekintzen berri eman zieten. Ekintzen artean, aipatzekoa da komunitate osoari zuzenduta eta euskaraz ematen den ehungintza-tailerra. Euskal dantzak ere irakasten dira Ibai Txori euskal etxean, eta dantza taldeak aurkezpenak egiten ditu herriko jaietan, Maiatzaren Iraultzaren egunean edo Independentziaren egunean, batzuk aipatzearren. FEVAko ordezkariek Euskal Herriko mapa bat oparitu zieten Concepciongo euskaldunei eta gonbidatu zituzten Federazioko kide-egitera, ez baitira oraindik. Bisita bukatzeko, anfitrioi eta bisitariek afaria partekatu zuten.
Biharamunean, esan nahi baita maiatzaren 26an, Concordia hirian egin zuten beste geldialdi bat Basterrak eta Abarrateguik. Euskal etxe honetako kideek jakinarazi zieten FEVAko agintariei, erakundeak antolatzen dituen “peñek” edo lagunen arteko bilerek izugarrizko arrakasta izaten dutela herriko komunitatean. Bide batez, Manuel Amiano lehendakari duen euskal etxeko lagunek herrian “euskal kluba” dagoela adierazi zieten FEVAkoei, baina kluba eta euskal etxea ez datozela bat helburuetan. Bisitaren testuinguruan, Basterrak Federazioa bultzatzen ari den ekintzei buruz hitz egin zuen.
[Ricardo Basterra eta Marta Abarrategui Santa Feko Gure Etxea euskal etxeko kideekin]
Maiatzaren 27an Santa Feko Gure Etxea euskal etxeko lehendakaria den Catalina Villanueva eta Zuzendaritza Batzordeko beste kideekin erreki bat konpartitu zuten FEVAko agintariek. Topaketan, Santa Feko euskaldunek euskal etxea hiriko Gizataldeen Jaia antolatzeko taldean dagoela eta orokorrean, herriko jai guztietan parte hartzen duela janarazi zuten.
Maiatzaren 28an, larunbatean, Paranara heldu zen FEVAko ordezkaritza. Mesopotamiako herri honetan euskal etxeko lehendakari Federico Borras eta Urrundik-eko beste kide batzuek hartu zituzten Basterra eta Abarrategui eta euskal etxeko egoitza ikusi ondoren, instituzioak eskaintzen dituen proposamenak deskribatu zituzten paranatarrek, tartean xake klaseak, dantzak eta “Euskal Aztarna” erakusketan oinarrita dagoen antzerki lana. Bide batez, Basterra FEVAko proiektuei buruz mintzatu eta Pilota Berria programari buruzko zalantza batzuk argitu zituen. Parana herria utzi baino lehen, Federiko Borrasek elkarrizketa bat egin zion FEVAko lehendakariari “Presencia Vasca” irratsaioan emateko.
[FEVAko ordezkariak Paranako Urrundik euskal etxeko lagunekin]
Birarekin bukatzeko, Rosarioko Zazpirak Bat bisitatu zuten FEVAko lehendakari eta idazkariak maiatzaren 28ko arratsaldean. Enrique Otaño Zazpirak-eko lehendakariak erakundeko mendeurrenaren ospakizunari eta datorren urteko euskal asteari buruzko informazioa eman zien FEVAren izenean joanak ziren Basterra eta Abarreteguiri. Basterrak, bere aldetik, FEVAk eskaintzen dituen proposamenak aurkeztu zien rosariotarrei. Euskal etxeko egoitza ikusi ondoren, elkarrekin afaldu zuten Zazpirak Bat-eko kideek eta FEVAkoek. Euskal etxe guztietako zuzendari eta kideek kontent agertu ziren jasotako bisitarekin.
[Basterra lehendakariak eta Abarrategui idazkariak Rosarioko Zazpirak Bat ere bisitatu zuten]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus