Buenos Aires, Argentina. Dirulaguntzak nola eskatu: orain arte inoiz jorratu ez den gai garrantzitsu hau mahaigaineratuko da uztailaren 15 eta 16an Union Vasca Euskal Etxean egingo den Euskal Etxeen topaketan. Euskadiren Argentinako-Mercosurrerako Ordezkaritzako Harreman Instituzionalen arduraduna den Mariana Satostegui-k gomendio eta aholkuak emango dizkie euskal etxeetako arduradunei Eusko Jaurlaritzari egiten dizkioten eskaerak ahalik eta eraginkorren egin ahal izateko. Hugo Andiazabal FEVAko lehendakariaren esanetan, “batzuetan euskal etxe batzuk deialditik kanpo geratzen dira, ez baldintzak betetzen ez dituztelako, baizik eta ez dutelako ongi asmatzen inprimakiak nola eta zein irizpidez bete. Horiei egongo da zuzenduta trebakuntza eta ziur gaude interes handikoa izango dela euskal etxea askorentzat”.
Satostegui-renarekin batera, honako ekintza hauek ere garatuko dira Topaketan:
Uztailaren 15ean, larunbata:
-10etan, Topaketaren hasiera eta FEVAko agintarien agurra
-10.30etatik 13etara, Hausnartzeko tailerra: “Zeintzuk dira euskal etxeen arazoak eta arazoen irtenbideak?”. Aktibitatea Arrecifeseko Ana Idigorasen ardurapean egongo da
-13etan, Bazkaria
-15etatik 17etara, Mus Tailerra, Chacabucoko Pablo Pavesa koordinatzaile
-17.30etatik 20etara: Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskatzeko gomendio eta aholkuak, Mariana Satostegui koordinatzaile
-21etan, Afaria
Uztailaren 16an, igandea:
-10etan, Hausnartzeko Tailerraren jarraipena
-13etan, Agur bazkaria
“Euskal etxeetako ordezkarien partaidetza oso garrantzitsua da ekintza hauetan guztietan. Ana Idigorasek eskainiko duen tailerra bera, duela bi urte hasi ginen eskaintzen eta aurten euskal etxeek eskatuko dutelako errepikatuko dugu. Asko ikasten da informazioa eta esperientziak trukatzen eta ziur aski aurtengo tailerretatik, eta oro har topaketatik, ideia berriak eta erabilgarriak aterako dira”, adierazi digu Hugo Andiazabalek.
Euskara ere Bahia Blancan
HABEk kudeatzen duen Euskara Munduan programak aurrera jarraitzen du eta Neguko Barnetegia uztailaren 15etik 22ra izango da. Ikastaro trinkoan urtean zehar on line saioetan ikusitako hizkuntza gaiak landuko dira, lehentasuna ahozko gaitasunari emanez. Jarraian, hau da, uztailaren 22an eta 23an, irakasleentzako trebakuntza jardunaldiak izango dira Kinku Zinkunegi teknikariaren ardurapean.
Txikien, dantzarien eta euskal etxeen urteko bigarren topaketa
Bere jarduerekin jarraituz, abuztuaren 26 eta 27an txikiekin lan egiten duten begiraleak trebatzeko tailer bat eskainiko du FEVAk Buenos Airesen, Laurak Bat Euskal Etxeko egoitzan. Irailean, berriz, dantzarientzako tailerra egingo da, hau ere Laurak Baten, Euskal Herritik etorritako dantzariak irakasle.
Irailaren 30ean eta urriaren 1ean Euskal Etxeen urteko bigarren topaketa izango da, Bahia Blancan egingo denaren antzeko programa batekin. Topaketa honetako tailerrak sukaldaritza eta musari buruz izango dira eta ‘Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskatzeko gomendio eta aholkuak’ tailerra errepikatuko da. Lekua oraindik ez dago baieztatuta baina Pergamino dago aukera posibleen artean. Urriaren 7an, Argentina osoko euskal etxeetako Txikien Topaketa izango da Llavallolgo Euskal Echea ikastetxeko instalazioetan.
Informazio gehiago eskuratzeko edota FEVAren ekintzak ezagutzeko, Feva Mistica Vasca Facebook kontua bisita daiteke.