euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diego Moreira, genealogista: “Dagoeneko Larrabeiti, Escosteguy familiak ikertu ditugu Brasilen eta segi dezakegu”

2014/09/16

Diego Moreira Larrabeiti genealogista, aurkezpena egiten Rio Grande do Sul Euskal Etxeak antolatu zuen Euskal Kultur Topaketan, 2014ko uztailean (argazkia Rio Grande do Sul EE)
Diego Moreira Larrabeiti genealogista, aurkezpena egiten Rio Grande do Sul Euskal Etxeak antolatu zuen Euskal Kultur Topaketan, 2014ko uztailean (argazkia Rio Grande do Sul EE)

PUBLIZITATEA

Brasil hegoaldeko Rio Grande do Sul Euskal Etxean genealogista talde bat anbizio handiko egitasmo bat ari da sustatzen: Brasilgo euskal familien genealogía ikertu eta argitara ematea. Diego Moreira Larrabeiti da proiektuko arduraduna, Elimar Insaurriagarekin batera, eta bere esanetan, brasildar askok ez dakite euskal jatorria dutenik, baina egon, badira makinatxo bat. “Nik neuk, 2012a arte ez nekien ezta munduan euskal etxeak zaudenik ere. Gaur, aldiz, nik neuk lagundu dut bat sortzen", adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Begoña Miñaur. Diego Moreira Larrabeiti genealogista biziki ari da gozatzen Rio Grande do Sul Euskal Etxeak bizi duen une onarekin. Gaztea baina oso aktiboa da elkartea, eta orain egitasmo berri bat jarri du abian: “Por uma genealogía vasco-brasileira”, Brasilgo euskal abizenen genealogía ikertu eta argitaratzeko helburuz. Lan itzela da, baina hasiak dira jada pauso garrantzitsuak ematen, Moreira koordinatzaile.

-Nola hasi zinen genealogía munduan?

-Beti maite izan dut genealogía. Nire familiari diodan maitasunak zerikusia duela uste dut. Genealogia gure bizitza luzatzeko bide bat da. Heriotz fisikoa ezin da sahiestu, baina gure ondorengoen oroimenean bizi gaitezke. Horrenbestez, nire semeen jaiotzak eraman ninduen ikerketan murgiltzera.

Nire ustez genealogiak gure nortasuna eraikitzen ere laguntzen digu. Genealogiarekin gure arbasoei buruz eta euren kultur inguruneari buruz ikasten dugu, eta horrek lagundu egiten du ikusten euren zati bat guregan ere badagoela ikusten.

-Nongoa da zure familia?

-Nire arbasoen euskal adarra Bizkaitik dator. Nire birramona, Pura Larrabeiti Goiri, Deriokoa zen, Mungiako Larrabeititarren eta Derioko Goiritarren alaba. Bere aitaren aldeko amona, Malzarraga Aspe, Baranbiokoa zen, arabarra.

-Euskal Herrian Brasilgo euskal komunitatea ez da oso ezaguna. Euskaldunen ondorengo asko al dira Brasilen?

-Brasilgo biztanleria 200 milioitik gorako da. Euskal immigrazioa ez zen nagusienetakoa izan Brasilen, baina halarik ere ondorengo asko daudela pentsa genezake.

-Migrazio berria ala aspaldikoa da?

-Badakigu XVI. mendeaz geroztik izan direla euskaldunak Brasilen.  Esaterakok, Juan de Azpilicueta eta San Jose Anchieta jesuitak 1549an eta 1553an heldu ziren, hurrenez hurren. Manoel da Nóbregarekin batera, Anchietak São Pauloren sorkuntzan parte hartu zuen, 1554ko urtarrilaren 25an.

Baina euskaldun gehienak XIX. mendeko migrazio handietan etorri zirela ematen du. Lan-baldintzak garai haietan ez ziren oso onak. Esklabutza indarrean zegoen. Hori dela eta, immigranteentzako ere, lan-baldintzak txarrak ziren. Horrregatik uste dugu euskaldun askok beste herrialde batzuetara joatea erabaki zutela, esaterako Uruguaira edo Argentinara, lan-baldintzak hain kaskarrak ez ziren lekuetara.

Euskaldun gehien Brasilgo hegoaldean izan zela dirudi. Asko Argentina eta Uruguaitik pasa ziren hona etorri baino lehen. Ondorengo asko dago baita ere Sao Paulon. Ni Rio de Janeiron bizi naiz eta bertako zenbait euskal familia ezagutu ditut. Baina dagoeneko Amazoniatik ere jaso ditut euskaldunen ondorengoen mezuak.

-Genealogia Basco Brasileira proiektuari dagokionez, zein da zuen helburua?

-"Por uma genealogia basco-brasileira" proiektuaren asmoa da Brasilgo euskaldun immigranteen informazio genealogikoa bilatu, gorde eta argitara ematea, liburutan argitaratzea. Horrenbestez, gure ardatza immigranteak dira, bi munduen arteko zubiak. Haiengandik hasita, euren arbasoen eta ondorengoen berri jasoko dugu. Familia gero eta gehiago ekimenean sartu ahala, euskal-brasildar mosaiko osatuagoa ari gara egiten.

-Nortzuk osatzen duzue egitasmoaren lantaldea?

-Bertan parte hartzen duten familia guztiek. Nire lana biltzen dugun informazioa kudeatzea da. Egitasmoa Rio Grande do Sul Euskal Etxearen genealogia atalaren baitan dago, eta ni horren parte naiz, Elima Insaurriaga genealogista eta ikertzailearekin batera.

-Zeintzuk dira zuen hurrengo pausoak?

-Familien bitartez proiektuaren berri zabaltzen ari gara. Brasilgo euskaldunen ondorengoek lan hau egiten ari garela jakin behar dute. Era berean, gurekin harremanetan jarri diren lehenengo familiek bidali dizkiguten datuak antolatzen ari gara dagoeneko.

-Ze familien genealogia ikertu duzue orain arte?

-Ni neure familiarekin hasi nintzen, Larrabeiti. Elimar Insaurriagatarrak ari da ikertzen, bere lehengusu Eduardorekin. Egitasmoan parte hartu nahi duten familien artean, aipa ditzaket Alava, Ezquioga, Gondra, Iribarrem eta Aguirre abizenak. Eta dagoeneko ikertu ditugunen artean Escosteguy eta Irigoyen. Gehiago iker ditzakegu. Familiek agertzen duten interesaren arabera.

-Rio Grande do Sul Euskal Etxea oso gaztea da, baina oso aktiboa. Nola bizi duzue esperientzia hau?

-Harrigarria da Rio Grande do Sul Euskal Etxearen dinamika. 2012a arte ez nekien munduan euskal etxerik zegoenik ere. Gaur, aldiz, nik neuk lagundu dut bat sortzen, nire ikertzaile lanarekin.

Elkarteak gastronomia eta kultur topaketak antolatu ditu, eta uztailean Euskal Brasildar Kulturaren aurreneko Mintegia egin genuen. Hein handi batean, bizitasun honen arrazoia Ana Luiza Etchalusen ahaleginaren fruitua da, berak lan handia egin du gaur egun dugun integrazio hau lortzeko. Gure proiektua, motibazioa bizi bizi mantentzeko era bat da.

-Izan al zara inoiz Euskal Herrian?

-Sekula ez. Nire arbasoen lurra ezagutu nahiko nuke, eta ikertu. Egunak emango nituzke genealogi-artxiboetan murgilduta, informazio hobearen bila, internet bidez eskuratu ezin dudan informazioaren bila.

Baina familientzako egiten dugun ikerkuntza lan hau doakoa da, beraz, bidaia hori nik neuk ordaindu beharko nuke eta une honetan ez daukat modurik Euskal Herrian genealogia ikertzeko egonalditxo bat finantzatzeko.

-Norbaitek zuekin harremanetan jarri nahiko balu, zer egin beharko luke?

-E-mail bat bidali neuri, diegomoreirageo@gmail.com helbidera, edo mezu bat utzi gure proiektuaren blogean:  bascosnobrasil.blogspot.com.br



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia