Ramon Zugazaga gernikarrak ipini zion izen euskalduna Elko Nevadako nesken futbol talde honi. Argazkian , eskuinean, Zugazaga, Gonzaga dioen jantziarekin
Datorren astean ailegatuko dira. Hirugarrenez hartuko du parte Nevadako (AEB) Elko Indar nesken futbol taldeak Donosti Cup nazioarteko txapelketan. Eta hirugarrenez ere izango da klubeko presidente Ramon Zugazaga gernikarra bidaiako burua. “Ez dakit irabazi ahalko dugun baina ondo jokatuko dugula badakit”, esan dio EuskalKultura.com-i. Elko, euskal eragin handiko herria da Estatu Batuetan, eta izan ere datorren astean, Indar-koak hemen direla, ospatuko ditu herriak bere euskal jai entzutetsuak.
Elko, AEB. Uztailaren 1etik 12ra bitartean, Elkoko (Nevada, AEB) 42 gaztek bidaiatuko dute Euskal Herrira, Donostian jokatuko den 24. Donosti Cup futbol txapelketan lehiatu ahal izateko. Beraiekin batera guraso andana bat joango dira ere; guztira 95 laguneko koadrila gidatuko du Ramon Zugazaga gernikarrak Euskadin barrena. Euskal Herrian izango diren lehen aldia izango da askorentzat eta, esperientziaz hobeto gozatzeko, euskara eskolak hasi dira hartzen duela hilabete pare bat: “Ilusio handia dute”, aitortu du Elkoko Biltoki euskal jatetxeko nagusia zen Zugazagak.
Uztailaren 6an hasi eta 11n bukatuko da txapelketa. Talde guztiek hiru partida jokatuko dituzte gutxienez eta, hortik aurrera, kanporaketak hasiko dira: galtzen duenak ezingo du jarraitu. “Irabaziko dugun ez dakit, baina ondo jokatuko dugula bai. Gure 15 eta 16 urteko neskak oso fuerteak dira”, diosku ge r nikarrak. Izatez, presidenteak aipatzen duen talde hau hainbat txapelketako garailea da AEBetan: "Utah, Idaho, Oregon, Kalifornia…" eta bukatu gabe utzi du zerrenda.
Olarain Erresidentzian egingo du lo taldeak eta bazkaldu, “jatetxe desberdinetan” egingo dutela esan du Zugazagak. Ahalik eta herririk gehien bisitatuz, gainera. Hasteko, 4an Gernikara egingo dute osteratxoa. Behin txapelketa amaituta, Ameriketara itzuliko dira taldekide gehienak, uztailaren 12an. Baina Ramon eta bere familia Zugazagatarrekin igaroko dituzte bi aste oso.
Elko Cup
Goizegi da balizko Elko Cup-ari buruz berba egiteko, baina Donostikoaren antzekoa izango den txapelketa bat antolatu nahiko luke presidenteak, Elkon bertan. “Asko pentsatu dut horretan, nahiz eta gaitza den”, esan du. Edozelan ere, Nevada Youth Soccer Association elkarteari aipatu egin dio ideia eta txapelketen antolakuntza aztertzen ari da gernikarra Elkon izen euskalduneko Indar taldeko buru eta sortzaile den Ramon Zugazaga.