euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporatik Bingen Amezagaren lanen dohaintza egin zion atzo Xamezaga argitaletxeak Euskadiko Artxibo Historikoari

2020/07/10

Monumentua Bingen Amezagari bere sorterri Algortan, 1988an inauguratua
Monumentua Bingen Amezagari bere sorterri Algortan, 1988an inauguratua

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. Bingen Amezaga Arestiren (Algorta, 1901 - Caracas, 1969) obra osoen dohaintza egin zion atzo Euskadiko Artxibo Historikoaren baitango Euskal Diasporaren Artxiboari, idazle, itzultzaile eta kulturgizon nabarmena izan zen algortar honen seme Xabier Amezagak sortu eta kudeatzen duen Xamezaga argitaletxeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarezekin harremandu eta honek Amezaga hona bideratuta egin da dohaintza, uztailaren 9an hain zuzen "egun honetan betetzen baitira 81 urte Venezuelako XX. mendeko erbestea hasi zela, Cuba itsasontzia La Guairako portura iritsita Gerla Zibileko lehenengo euskal errefuxiatu espedizioarekin", Xabier Amezaga berak azaldu duenez.

Gogora dezagun Bingen Amezaga (Amezaga'tar Bingen edo Vicente Amezaga) Algortan jaio eta Merkataritza Injineritza Teknikoko eta Zuzenbide ikasketak burutu zituela. Getxoko zinegotzi hautatu zuten 1931an, Jose Antonio Agirre alkate zela. Hezkuntza Saileko zuzendaria izan zen, Jesus Maria Leizaolak izendatua, lehenengo Eusko Jaurlaritzan, eta hor egonik lehenengo ikastola ofiziala sortu zuen, Plentzian, 1936ko abenduan. Euskara ez zuen etxetik ikasi, baina erabat menperatzera heldu zen. Mercedes Iribarren Gorostegui-rekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituen, Mirentxu (Marie, Parisen jaioa); Begoña (Parisen); Arantzazu (Buenos Airesen); Bingen (Montevideon); eta Xabier (Montevideon). Erbesteratuta, Argentina, Uruguai eta Venezuelan bizi izan zen.

Caracas eta Montevideoko Unibertsitatetan zuzenbide-irakaslea izan zen. Euskal aldizkarietan ipuin, narrazio eta saiakerak argitaratu zituen eta bereziki nabarmendu zen klasikoak eta nazioarteko autoreak euskaratzen, tartean Wilde-ren Reading Baitegiko leloa; Shakespeare-ren Hamlet eta Danemark'eko Erregegaya; Goethe-ren Lur-Mi-a; Plinioren Plini gaztearen idazkiak; Eskiloren Prometeu burdinetan; Zizeronen Adiskidetasuna; Deskartesen Metodoaren diskurtsoa eta Juan Ramón Jiménez-en Platero ta biok (1952-1968).

Xabier Iñaki Amezaga Iribarren, Bingen Amezagaren seme gazteena da eta bere aitaren legatuaren gordailuduna. Aitaren lana atxiki eta zabaltzeko eginbeharra hartu du eta helburu horrekin haren obrak bildu eta digitalizatu, eta internet eta sare sozialetan zenbait webgune eta leku sortu ditu. Esaterako, Editorial Xamezaga, Facebooken, Twitterren...

Orain, atzoko egunez, aitaren obra osoak helarazi dizkio Euskadiko Artxiboko Historikoari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia