Urriaren 16an Uztaritzen euskal emigrazio eta Diasporari buruzko gogoeta egingo da, Eusko Ikaskuntzak, Euskal Kultura Erakundeak eta Eusko Diasporak antolatuta. Jardunaldiak "Euskal emigrazioa: oroitzapena baino gehiago?" izena hartu du eta Kanaldude herri telebistak grabatuko du. Gonbidatuen artean, Estatu Batuetatik etorriko diren Johnny Curutchet eta Martin Goicoechea bertsolariak izango dira.
Uztaritze, Lapurdi. Euskal emigrazioari buruzko topaketa handia ari dira prestatzen Uztaritzen, datorren urriaren 16rako. Jardunaldia Uztaritzeko Lapurdi gelan egingo da, arratsaldeko zazpietan, "Euskal emigrazioa: oroitzapena baino gehiago?" lelopean. Antolatzaile dira Eusko Ikaskuntza, Euskal Kultura Erakundea eta Eusko Diaspora.
Hizlariek euskal emigrazioaren memoria izanen dute aipagai: zer da memoria horrekin gaur egun? Nolako ikusmoldea dugu atzerriratu diren euskaldunetaz? Nola ikusten dute haiek beren ama-lurra? Mitoa eta errealitatea juntatzen ote dira? Emigrazioaz oroitzen segitu behar ote da? Zertarako eta nola?
Gonbidatuen artean honakoak izango dira: Argitxu Camus Etchecopar (Ikertzailea), Laura Igantzi (Euskal Artzainak Ameriketan elkartea), Monika Legarto (Euskal Argentina elkartea), Marie Pourquié (Quebec-eko Euskal Etxea), Joseba Etxarri (EuskalKultura.com) eta Robert Acheritogaray (8 Probintziak elkartea).
Eztabaida zuzenean ikusi ahalko da internet bidez www.kanaldude.tv herri telebistan.
Eztabaidaren ostean bertan bildutakoek gaiari buruz solasten jarraitu ahalko dute ondoko zintzur-bustitzean, Eusko Ikaskuntzak, Euskal Kultur Erakundeak, Oteiza, Adam, Agour, Bipia eta Hiruzta enpresek eskainirik. Tarte honetan, gainera, bertsotan ariko dira Estatu Batuetatik etorritako bi bertsolari: Johnny Curutchet (Kalifornia) eta Martin Goicoechea (Wyoming).
Informazio gehiago nahi izanez gero, bidali e-maila Eusko Diaspora-Eusko Ikaskuntzako Maialen Zamponi-ri (maialen.zamponi@eusko-ikaskuntza.org).