Gernika, Bizkaia. Iazko edizioan ekitaldia Donibane Garazin egin ondoren, Gernika ian da Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguneko Euskal Herriko ekitaldi insttuzionala egiteko Eusko Jaurlkaritzak aurten hautatu duen herria. Jakina baita euskal diasporari estu lotutako herria dela Gernika, bertatik eta inguruko herrietatik andana bat euskaldun atera baitira mundura historian zehar, bereziki Hego zein Ipar Amerikara, baina baita Australiara ere, XX. mendean. Izan ere, Urkullu lehendakaria buru izango duen irailaren 8ko ekitaldira euskal diasporakide diren eta diasporarekin harremandutako jende guztiak gonbidatu ditu Eusko Jaurlaritzak, dei berezia eginez Gernika eta ingurutik eta Euskal Herritik oro har Australiara emigratu zutenei.
Eskaera: bidali Diasporaren Eguneko zure ekitaldiak
Aldi berean, eta urtero bezala, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak deialdia zabaldu die Irailaren 8ko Euskal Diasporaren Eguna modu batera edo bestera ospatu behar duten munduko euskal etxe eta komunitate guztiei, eta euskaldunei oro har, prestatzen ari diren hitzordu, programa edota ekitaldiaren berri bidal diezaioten euskaletxeak@euskadi.eus helbidera, iritsiko den informazio guztiarekin mundu mailako Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguneko ekitaldien agenda osatu eta zabaldu ahal izateko.