euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporaren Eguna 2024: Arrecifes, Chacabuco, San Nicolas eta Pergaminoko 400 lagunetik gora elkarlanean ospatzen

2024/09/12

Pergaminon Diasporaren Egun arrakastatsua, ezberdina eta jendetsua ospatu zuten lau euskal etxek elkarrekin. Datorren urtean gehiago nahi dute
Pergaminon Diasporaren Egun arrakastatsua, ezberdina eta jendetsua ospatu zuten lau euskal etxek elkarrekin. Datorren urtean gehiago nahi dute

PUBLIZITATEA

Pergamino, Argentina. Lau euskal etxe indarrak metatzeko ahalegin gogotsuan. Sei hilabete baino gehiagoko koordinazio lan fin eta etengabearen ondoren, azkenean iritsi zen emaitzez gozatzeko eguna. Zalantzarik gabe, hori da joan den larunbatean, irailaren 7an, egin zutena ekitaldiaren ardura zuzena hartutako lagunek zein Pergaminora bildu ziren 400dik gora pertsonek. Gogo bateratua erakutsitakoak San Nicolaseko Euzkal Etxea, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bate, Chacabucoko Guillermo Larregui eta Lagun Onak anfitrioia izan ziren, Euskal Diasporaren Eguna batera deituz, arrakasta eta partaidetza handiz gainera. Bertara bildu ziren Euskadiren Argentina-Mercosur-eko ordezkari Sara Pagola eta FEVAko lehendakari Asier Iriberri Plazaola.

Jardunaldia Lagun Onak Euskal Etxearen egoitzan hasi zen —goizeko 9etan, mus tailerrarekin, Chacabucoko Euskal Etxeak eskainia, eta gastronomiakoarekin, hau euskaraz, San Nicolaseko 'Euzkal Etxea'ren eskutik— eta ia igande egunsentiraino luzatu, erromeria girotu zuten azken notak ahitu ziren arte. Arratsaldean, programa Arte Ederren Museora pasatu zen eta giro ederrean egin ziren txikientzako jarduerak, helduentzako dantza tailerra, zahatoari buruzko hitzaldia, San Nicolas eta Arrecifeseko abesbatzen emanaldia, kantu libreko tailerreko kideen presentzia alaiarekin, eta euskal genealogiako standa, Laura Nobileren eskutik. Danborrada Carlos Otegui-ren eskutik heldu zen, oraingoan Arrecifeseko txikiak partaide, Donostiako Martxa gogo biziz jotzen.

 
Sara Pagola eta Asier Iriberri Euskal Diasporaren Egunean partaide Pergaminon

 
Chacabucoko Guillermo Larregui EEko kideak arduratu ziren mus tailerra gidatzeaz

Aparteko lekua merezi du taularatu zen antzezlanak. Paula Cordoba zuzendari bereziki prestatua Euskaldunak Denak Bat-eko Bat Etorri antzerki tailerreko aktoreek eta Alaitasuna taldeko dantzariek bertan eman zezaten. Mariana Domineren ahotsean Pello Mari Otañoren "Ameriketako panpetan" bertso ezagunak aireratu ziren, eta Anabela Bilbaoren aurresku batek abiatu zuen kontaketa, aipagai izan zituena Arrecifeseko landa eremuan euskal familien presentzia, Euskal Etxearen sorrera, gailenduz elkarri laguntzearen garrantzia. Gidoia osatzean, Artetxe familiaren lekukotasuna eta begirada jaso zituzten egileek. Artetxetarrak 1952an iritsi zen Arrecifesera, frankismotik ihesean. Entzuleek, zinez hunkituta, zutik txalotu zuten emanaldia. Atzera Euskal Etxera, lau euskal etxeetako haurrek dantza erakustaldia inauguratu zuten Lagun Onak-en egoitzaren aurrean. Helduen dantza taldeen txanda izan zen ondoren. San Nicolasekoek, Katxarranka dantzatu zuten; Arrecifeseko taldeak, Sagarrak jo;  Chacabucokoak, Korrontziren 'Akerrak adarrak okerrak' kantan oinarritutako koreografia bat; eta anfitrioiek, Zazpi Jauzirekin aurkeztu ziren. Evaristo Vidaurretari eskainitako gorazarrearen ondoren, taskaren eta erromeria luze baten tenorea sartu zen.

 
Arrecifeseko lagunek Diasporaren Egunerako propio egindako antzezlana taularatu zuten

 
Sukaldaritza eta euskara eskutik helduta San Nicolasekoen eskutik, Asier Iriberri arretaz begira

Ospakizun bateratua, Lehendakarien hitzetan

“Jardunaldia bestelakoa izan zen, aberasgarria oso, eta lankidetzaren eta elkarrekin lan egitearen balioak gailen utzi zituen", iritzi dio San Nicolaseko 'Euzkal Etxe'ko lehendakari Ana Maria Erausquinek EuskalKultura.eus-ek balantzeaz galdetuta." Egiazko festa eguna”, izan zela egurtatuz. Chacabucoko Euskal Etxeko lehendakari Juan Cruz Zubeldiaren esanetan, “Diasporaren Eguna lau euskal etxeon artean batera egin izanak, ikutu ezberdina ekarri zion, nik uste, bakoitzak gure aldetik egin izango genuenaren aldean, eta aniztasun horrek, argi eta garbi, eguna aberastu zuen. Ekimena hasiera-hasieratik babestu genuen, eta ez genuen huts egin, topaketaren arrakastak agerian utzi duenez”. 

Arrecifesetik, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko lehendakari Teresa de Zavaletaren hitzetan, "Elkartzeko aukera paregabea izan da, arrakasta nabaria, eta hain da honela formato honen aldeko gure apustua, gure nahia datorren urtean bilkura Arrecifesen egin eta antolatzeko ardura geuk hartzea dela, eta halaxe adierazi diegu gainerako euskal etxeei, geu anfitrioi izatea", baietsi du.

Aurten anfitrioi izandako Lagun Onak-eko lehendakari Andrea Sabasek, azkenik, honako balantzea egin digu: "Oso pozik gaude. Honek dimentsio garrantzitsu bat hartu du, eta nolabait hori zen bilatzen genuena, festa hau zerbait handia izatea, uste dut maila eman dugula. Ahalegin handia egin da, eta eskertu beharra diegu gurera etortzea bidaiatu behar izan duten gainontzeko euskal etxeetako kideei, bereziki arazo ekonomiko makalekoak ez diren garai hauetan. Elkarlan ildo honi eustea nahi genuke, eta datorren urtean ere, bidaiatzea tokatzen zaigunean, gure onena ematen saiatzen segituko dugu".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia