Hala uste dute munduko zenbait euskal etxetatik Aitziber Atxutegi kazetariarekin mintzatu diren euskaldunek. Tartean daude Estatu Batuetan, San Frantziskoko Euskal Etxeko Pierre Etcharren eta Philippe Acheritogaray, Argentinako Cordobako Gure Etxea Euskal Etxeko Alejo Martin; eta Brasilgo Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxea, Casa Basco Brasileira. Lekukotasunak, Deia egunkariak argitara emaniko honako artikulura ekarri ditu.
Aitziber Atxutegi. Carlos Urrutia bizirik atera zen Gernikako Bonbardaketatik. Horregatik, Estatu Batuetara emigratu zuenean, Arbolaren ezkur bat eraman eta San Frantziskoko bere etxeko lorategian landatu zuen. Eta zalantzarik ez zuen izan San Frantziskoko Basque Cultural Center-i oparitzeko, 1982an zabaldu zutenean. "Berak hain zuzen landatu zuen. Ohorea da kimu bat ukaitea, Euskal Herriaren segitzeko gogoaren sinbolo baita, gure kultura atxiki nahiaren eta Euskal Herriaren irudi da", onartzen du bertako kide Pierre Etcharren-ek. Zazpi harrik inguratzen dute, bana Euskal Herriko lurralde bakoitzeko eta ondoan karrokanpoa du, euskaldunak Ameriketara artzain izatera heltzen zirenean bizileku zeukaten horietakoa. "Askorentzat, lehenengo etxea izan zen Ameriketara iritsitakoan. Hiru sinbolo hauek --arbolak, lurraldeen izenek eta karrokanpoak-- Estatu Batuetara etorri ziren euskaldunen historia kontatzen dute", azaltzen du. "Gure erroekiko, gure etxearekiko elkargune eta lotura da", gehitzen du San Frantziskotik ere Philippe Acheritogarayk.
Munduan barreiatuta dauden hamarnaka euskal etxeentzat, Gernikako Arbolaren kimuok, irudika dezakeguna baino askoz gehiago esan nahi dute. "Harro sentiarazi eta hunkitu egiten gaituzte. Gure euskal nortasunean sendotu eta konprometitu egiten gaitu munduari zabaltzen dion bake mezuarekin, miresten dugu eta ohorea da gure artean hazten ikustea", gailentzen du Argentinako Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeko lehendakari Alejo Martinek. Cordoban, Gernika Plazan zeukaten arbol bat idortu egin zitzaien eta Juntetxearekin hitz egin ostean, beste kimu bat bidali zieten. "Landatu behar dugun lekua ez dago oraindik erabat egokitua. Arbola, gainera, geldialdi sasoian etorri zitzaigun eta bere lehenengo hostoak atera zitzan zain egon ginen, sendotu zedin", kontatzen du Martinek. Zalantza izpirik ez du, ordea, iristen zaien eguna berezia izango dela oso. "Euskal Komunitateak beti izan du oso sentipen berezia gure Haritzarentzat".
Brasilen ere ezin izan dute orain arte landatu euren kimua Sao Pauloko Euskal Brasildar Etxeko lagunek. Bertako kide Dunia Goitiak Batzar Nagusietako presidentearen eskuetatik jaso zuen 2015eko Euskal Gizataldeen Mundu Kongresuan. "Ale bat eskatu genuen, euskal etxe orok bat eduki beharko lukeelako; euskaldunek gehien maite dugun ikurretako bat da", diote Brasildik. Cantareira mendietan bere egokitze prozesuarekin segitzen duen artean, Antxieta Jauregian landatzeko planak egiten dituzte. "Sao Paulo hiria fundatu zuen euskalduna izan zen Antxieta, eta Jauregia hiriko parlamentuaren egoitza da gaur egun". Aurtengo uda amaieran landatu nahiko lukete, "horrek harro eta bozkarioz utziko gintuzke".
Baina kimuak ez dira soilik euskal etxeetan errotzen; bortizkeriak astindutako udalerriek ere landatu nahi izan dute bake sinbolo hau euren lurretan. Hala gertatu da, esaterako, Gernikak bezala, populazio zibilaren kontrako bonbardaketak bizi izan zituen Bartzelonako La Garrigan. 2009an landatu zuten, erasoen 70. urteurrenean, egun museo bilakatu duten garai hartako aire erasoen kontrako babesleku batean. "Guretzat pribilegioa da kimu bat edukitzea, berez daukan sinbolismoagatik. Herriaren memoria espazioen artean erreferentzia da", esaten du harro Enric Costa-k, Udaleko Ondare alorretik.