Bilbo, Bizkaia. TikTok gustukoa duzu eta sare sozialetan arraina itsasoan bezala zabiltzan Diasporako gaztea zara? Hona aukera, abenduaren 28an abiatuko baita gazte TikTok-eko IV. Bziber lehiaketa, 11 eta 16 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzendua, aurten gainera zabaltzeko ahalegin berezia eginez Diasporan euskaldunak diren eta euskara ikasten ari diren gaztetxoen artean. TikTok sarean oinarritu den euskara hutsezko lehen lehiaketa da Bziber. Gazteek biziki erabiltzen dituzten sareetan euskarazko edukiak sortzea du helburu, baita erreferente euskaldunak indartzea ere.
Azkue Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lankidetzan antolatutako aurreko hiru edizioen harrera ona ikusirik, lehiaketa berriro ere martxan jarriko da abenduaren 28tik urtarrilaren 5era bitartean, gazteen Gabonetako oporraldiarekin bat eginez Edurne Azkarate aktorea izango da Gabonen inguruko 4 erronka botako dizkiena gazteei Tik Tok sarean burutzeko.
Euskaraz dakien 11 eta 16 urte bitarteko gazte orok parte hartu ahalko du ekimenean, Euskal Herritik, Diasporatik edo beste edonondik.. Parte hartzeko Bziber Lehiaketaren Instagram eta TikTok kontuak (@bziber_lehiaketa) jarraitu eta erronkak igotzearekin nahikoa da. Nobedade gisa, edizio honetan modu pribatuan parte hartzeko aukera ere izango da, bideoak publiko egin gabe.
Lehiaketa gidatuko duen Edurne Azkaratek TikTok sarean Gabonekin lotutako 4 erronka botako dizkie gazteei, proba horiek gaindi ditzaten, nahi duten moduan. Hau izango da kronograma:
-Abenduak 28: 1. proba argitaratuko da
-Abenduak 29: 2. Proba argitaratuko da
-Abenduak 30: 3. Proba argitaratuko da
-Abenduak 31: 4. Proba argitaratuko da
-Urtarrilak 3: Parte hartzeko azken eguna
-Urtarrilak 4: Balorazio erronka
-Urtarrilak 5: Lehiaketaren irabazleak iragarriko dira
Edurnerekin batera, gazteentzako erreferente diren hainbat lagun eta tiktoker arituko dira probak zabaltzen sareetan, tartean, Goazen! telesailean Juneren papera antzezte duen Lorea Intxausti @lorea_intxausti, Goazen! telesailean Markelen azalean sartzen den Asier Burgete @asierburguete0 eta @libebeitia tiktoker-ak ere.
Gazteek teknologiarekin lotutako sarien zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Proba edo erronka bakoitzeko bi saritu suertatuko dira, hau da, guztira 8 irabazle izango ditu lehiaketak. Irabazle bakoitzak 100 euroko balioa duen saria jasoko du: sareari eta teknologiari lotutako TikTok kutxa (argi gurpila eta kroma egiteko tresnak) eta Bziber markako arropa.
-Lehiaketari buruzko informazio guztia: https://bziber.eus