euskal diaspora eta kultura
2011/05/03
PUBLIZITATEA
Bahia Blanca, Argentina. Hamaika aukera daude Euskal Herriaren aldeko mezu bat adierazteko. Aniztasun horretaz baliatuz, Bahia Blancako Union Vasca-ko lagunek egun osoko jaia ospatu zuten joan den apirilaren 24an, Pazko Igandean bertan. Hasteko, bertako eta Neuquengo pilotariek pilota paleta erakusketa eta partida jokatu zuten euskal etxeko egoitzan. Ondoren, meza entzun eta bazkaria konpartitu zuten Bahia Blancako euskaldunek etxeko tabernan. Topaketan euskarazko kanta tradizionalak abestu zituzten gonbidatuek eta bukatzeko, euskal etxeko euskara arloko arduradunek Pazko arrautzak zozketatu zituzten.
[Union Vasca euskal etxeko euskara arloak Pazko arrautzak zozketatu ditu (argazkia EE)]
Las Floreskoa txapeldun Floresen. Euskal pilota da, zalantzarik gabe, diasporan zehar ezagunena den Euskal Herriko kirola. Eta Argentinako Las Floreseko euskaldunek omenaldi txiki bate egin nahi izan zioten Aurelio “Lio” Viegas pilotari gazteari Aberri Eguneko ospakizunean. Viegas Uruguaiko Flores-en burutu zen lehenengo Euskal Asteko Pilota Lehiaketako txapelduna izan zen eta 'Loretako Euskaldunak' euskal etxeko kideek harrera berezi bat egin zioten Pirinio Mendebalde muturreko herriarentzat hain garrantzitsua den egunean.
[Aberri Eguneko ospakizunarekin batera ongi etorria eman diote Loretako Euskaldunak-eko kideek Aurelio “Lio” Viegas pilotari gazteari (argazkia EE)]
Laprida herrian, berriz, Argentinako bandera eta ikurrina izan ziren Pazko Igandeko Mezaren lekukoak. “Santos Joaquin y Ana” parrokian burutu zen zeremonian euskal etxeko ordezkariak bildu ziren.
[Lapridako euskaldunak Aberri Eguna ospatzeko egindako mezan. argazkian: Maria Ester Arrondo, Mildred Guridi, Raquel Casemayor, Ana Belén Alzúa, Eurique Germade apaiza, Iliana Mormando eta atzean Elsa Eyherabide (argazkia EE)]
Cordoban, Gure Txokoa euskal etxeko kideek ere kanpoko ekintza batekin ospatu zuten Aberri Eguna. Cordoba hiriburuko Gernika plaza txikian, Argentinako ereserkia eta “Gernikako Arbola” abestu zituzten bildutako lagunek eta etxeko kide den Jorge Saenz-ek hitz batzuk zuzendu zizkion publikoari. Cordobako euskaldunek Euskal Herriarekiko duten engaiamendua azpimarratu zuen Saenz-ek eta bide batez, herriko eta probintziako udalaren laguntzarekin Gernika Plazan hobekuntzak egingo direla jakinarazi zuen.
[Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeko kideak (argazkia EE)]
Azkenik gaurkoz, Uruguai eta bertako hiriburu Montevideo izan zen Independentistak elkarteak aukeratu zuen lekua beren ekimena egiteko. Proposatutako egitarauari jarraituz, apirilaren 23an eta Cagancha Plazan, Aitor Alava dantzariak eskainitako dantzekin hasi zen ekitaldia. Jende mordo polita hurbildu zen Libertad monumentura ikuskizuna ikustera eta Euskal Herriaren egoerari buruzko informazioa jasotzera.
Uruguaiko euskal diasporaren ordezkariak presente egon ziren zeremonian eta ekimenarekiko beren atxikimendua adierazi zuten. Ondoren, Aberri Eguna zela eta plazaratutako hainbat mezu irakurri ziren Cagancha Plazan, tartean, FEVA eta Zingirako Euskaldunak euskal etxeena, La Platako Unibertsitateko euskaldun taldearena eta Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeko mezuak.
[Independentistak Elkarteko kideak Montevideoko Independencia plazan]
Montevideoko ekitaldiekin jarraitzeko, 18 de Julio etorbidetik Independencia Plazara abiatu zen taldea eta han ohorezko Aurreskua dantzatu zuen Alavak. Lore sorta bat utzi zuten Jose G. Artigas generalaren monumentuaren oinarrian eta hamarnaka puxika berde askatu ziren. “Argi berdea independentziari, gora askatasuna, gora Euskal Herria Askatuta”, oihuarekin eman zioten bukaera ekintzari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus