Buenos Aires, Argentina. Erraldoiak eta buruhandiak euskal jatorria duten tradizioa direnik esan ezin bada ere, munduko dozenaka herrialdetan baitaude, Euskal Herrian errotuta daude oso eta funtsezkoak dira jai herrikoi askotan. Argentinari dagokionez, batzuk oso aspaldi iritsi ziren euskal diasporako txoko honetara, beste batzuk orain urte batzuk, eta badira hemen jaio zirenak ere. Errege-erregina bikotea, esaterako, 1995ean iritsi zen itsasontziz Iruñetik Buenos Airesko Nafar Etxera. Nafarroako Gobernuak elkartearen mendeurrena ospatzeko egindako dohaintza izan zen. San Fermin jaietan Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan barrena dabiltzan erraldoi eta kilikiak eraikitzen dituen enpresa berberak fabrikatu zituen.
Necocheako Euzko Etxean, berriz, inork ez daki nola eta noiz agertu ziren lehenengo erraldoiak. Argentinako zaharrenak direla pentsatzen da. Gaur egun 93 urte dituen Sara Zubillaga Esnaolak 1942an, haurra zela, EEko lehenengo dantzari taldean hartu zuen parte eta gogoan du garai hartan han zeudela. Errege bat eta erregina bat ziren. Cacho Carricartek 80 urte ditu gaur egun, eta bat dator Sararekin 70 urte baino gehiago daramatzatela euskal etxean. Bertan egin zen 2011ko Euskal Aste Nazionalerako, baserritar bikote bat batu zitzaien eta, monarkiaren bidetik apur bat aldenduz, erregea eta erregina sukaldari eta sorgin bihurtu ziren. Ia hiru metroko altuera dute, burua maché paperezkoa, eta barruan egitura metalikoa, arinagoa eta eramangarriagoa izatn zedin hala birmoldatua.
Arrecifesen egindakoa: Juan Lucio Agotegarayren kilikiaren gauzatze prozesuko irudiak
Aurtengo San Ignazio jaietan aurkeztu zuten Arrecifesen Juan Lucioren kiliki edo buruhandia
Tandilen, lau buruhandi daude Gure Etxean, batetik Patxi eta Maritxu euskaldunak, eta bestetik sorgina eta sukaldaria, azken hau batzuetan Argiñano deitua. 2012an eraiki zituzten Euskal Etxeko zuzendari eta kolaboratzaile fin eta nekaezin Maite Rodenasen ekimen eta irudimenari esker. Dantzari taldeko haur baten amona den Juanita Larzabalekin eta euskal etxeko zuzendarietakoa ere zen Santos Confortirekin batera gauzatu zuten. Intuizioz eta euren trebeziak lagun, ez baitzuten horretarako prestakuntzarik. Gaur egun margotzen badu ere, orduan Maite ile-apaintzailea zen, eta Santos, arotza. Buruhandiek ia 2 metro eta erdiko altuera dute, eta EEko ekitaldi aretora doanak bertan ikusiko ditu. Euskal Etxeko ospakizunetan, aurreko plazara edo espaloira atera ohi dira. Baita aberri-data argentinarretan ere. “Uztailaren 9an edo maiatzaren 25ean ateratzen ditugu, udal mailako gizatalde guztien desfilean partaide izaten baikara eta eurek laguntzen gaituzte», azaldu dio EuskalKultura.eus-i Gure Etxeko lehendakari Graciela Confalonierik.
Bere aldetik, Arrecifesek joan den abuztuan aurkeztu zuen Juan Lucio, Euskaldunak Denak Bateko idazkari eta kide nabarmen izan eta orain urtebete hil zen Juan Lucio Agotegaray Etxanizen omenez egindako buruhandia. 2022an, Euskal Etxearen mendeurrenerako sortutako Potxolo eta Cuza erraldoiekin bat egin zuen. Jaietan, elizatik euskal ehoitzaraino doan ibilbidea egin ohi dute, La Vascako gainerako kideekin batera. Cesar Solanes arduratu zen buruhandiaren sorreraz, baita erraldoi bikotearenaz ere. Bere lagun eta artista plastiko Luis Budnikek egin zituen hiru buruak eta, aurrekoan bezala, azken hau ere “Musutruk egin zuen. Gainera erregistratu egin zuen eraikuntza-prozesu osoa pausoz-pauso. Luis Budnikek berak egindako artxiboak dira, oso baliagarriak beste euskal etxeren batean horrelako proiektu bati ekin nahi badiote”, diosku Arrecifesko erreferenteak. Galdera, beraz, berehalakoa da: Animatuko al litzateke norbait?
Eraiki bat zure Euskal Etxean
Proiektu polita izan daiteke zure Euskal Etxerako. Norbaitek bat eraikitzeko interesa balu Arrecifesen erabat prest leudeke galderak erantzun eta aholkuak emateko. Horiek entzunda, zeure esku litzateke erabakitzea egin ala ez. Animatu eta idatzi e-maila Arrecifesko Euskal Etxera, centrovascoarrecifes@gmail.com helbidera, edo kontaktatu zuzenean Whatsappez Cesar Solanésekin 2478-508237 zenbakian.