Donostia-San Sebastian. Buletin honetan biltzen joan garen bezala, 2025eko Aberri Eguneko ospakizunak Euskal Herrian baino lehenago hasi ziren Diasporan, Cañuelasko Aberri Eguna bezalako topaketekin apirileko lehenengo asteburuan, segituz 20an bertan Euskal Herriko deialdiekin bat, eta jarraitzen dute oraindik, datorren asteburuetan eta baita ondokoetan ere, kasu batzuetan maiatzean ere sartuz. Teknologia berriei esker, gainera, deialdi bateratuak ere egiten dira online, kasuren batean Gernikaren 88. urteurrena ere gogoan.
Ausaz hautatuta eta Aberri Eguneko munduko hitzorduen lagin edo adibide diferente batzuk emateko asmo bakarrarekin, hona 2025eko Aberri Eguneko ospakizunen erreferentzia labur bat. Esaterako, New Yorkeko Euzko Etxeak joan den igandean ospatu zuen Eckford kaleko bere egoitzan eta Manhattango Txikito jatetxeko Alex eta Eder Montero sukaldari ezagunek prestatuz uten menua. Bazkalostean, Aberri Eguneko hitzak, eta euskal giroko arratsaldea, musika eta kantuak ere falta izan gabe.
Lagun ugari bildu ziren New Yorkeko Euskal Etxean, tartean Kirmen Uribe idazle ondarroarra
Barranquillako Euskal Etxeak ere, Kolonbian, bazkari baten inguruan ospatu zuen eguna. Hiriko talde euskaltzalea txikitxoa da, eta menua etxekoa izan zen, etxeko sukaldean prestatua: paella eta patata tortilla. Arduradunek zabaldutako Aberri Eguneko hitzetan, honakoak: “Egun honek gogora dakargu Euskal Herria ez dela bakarrik leku bat mapan; bizirik den komunitate bat baizik, hizkuntza eta historia dituena, gure baitan, euskaldunotako bakoitza gauden lekuetan taupadaka ari dena”.
Barranquillan, Karibeko Euskal Etxea autoizendatutako lagunak Aberri Eguna prestatzen
Hiriburu venezuelatarrean, Caracaseko Eusko Etxeak ere Pizkunde Igandean bertan ospatu zuen Aberri Eguna, egun osoko jai batekin. Egitaraua Oscar Buroz apaizak emandako mezarekin hasi zen, Alaiak abesbatza lantari. Ondoren Euskal Herriko eta Venezuelako ereserkiak abestu eta eta Koldo Olaldek txistu-danbolina jo zituen, Julen eta Ibane Azpiritxaga anaiek Aurreskua dantzatuz. Pilota erakustaldia eskaini zuten frontoi berrituan eta etxeko futbol taldeari sariak eman zizkioten. Bazkalostean, zaleek Real Madrid eta Athletic-en arteko partida ikusi zuten.
Aberri Eguna Caracasko Eusko Etxean
Peruko Trujilloko Euskal Etxe gazteak ere gogoan izan eta gogoz egin izan du bar Aberri Egunarekin sortu enetik, eta aurtengoan bere kide eta lagunetako batzuk bazkari baten inguruan bildu zituen. Aipatu zuten, besteak beste, Aberri Eguneko ospakizunen historia 1932an lehenengoa egin zenetik, euskaldunen herriaren izaera nazionala aldarrikatuz, "bere buruaren jabe izateko eta subiranotasuna eskuratzeko duen eskubidea berez" dagokiola.
Aberri Eguna Trujillon
Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko lagunek urtero bezala egin zuten bat Aberri Egunarekin, elkartearen egoitzan bazkalduz eta azpimarratuz, besteak beste, "Euskadin eta munduan zehar barreiatutako euskal gizataldeetan bizirik segitzen duela aurrekoek eutsitako lekukoa ondokoei pasatzeko engaiamendua, eta oraina eta geroa emateko haien legatuari, katebegi berriak erantsiz euskaldunen kate luzeari".
Aberri Eguna Montevideoko Haize Hegoan
Tokion, Tokyoko Euskal Etxeko lagunak ere ez zuten aukera galdu nahi izan eta elkartearen egoitzan bildu ziren Aberri Eguna ospatzeko.
Aberri Eguna Tokion
'Txileko Euskal Gizataldea' Euskal Etxeak beste era batera ospatu zuen. Kaleratzeke zeuzkaten Euskal Ahotsa beren aldizkariaren 2. eta 3. zenbakiak eta karia honetara sareratu zituzten. Aldizkariak hemen irakur daitezke. Sao Pauloko Eusko Alkartasunak, Brasilen, apirilaren 26an ospatuko du bazkari batekin. Informazioa hemen. Montevideoko Euskal Erriak, apirilaren 28an, topa-egite batekin, eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena ere gogoan, Alberto Irigoyenek eskainiko duen hitzaldiko solasgai. Informazioa, hemen. Santiagoko Euzko Etxearen kasuan maiatzaren 4an egingo dute ospakizuna. Argentinan, makina bat euskal etxek ospatuko du Aberri Eguna.
Jakina askoz ere ekitaldi gehiago egin direla eta egingo direla. Munduan barrena sakabanatutako hitzordu horietako hainbat gure agendan kontsultagai.