euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako zenbait elkartetan bat egin dute Santa Agedako koruen tradizioekin: Boise, Madril, Valentzian...

2018/02/06

Santa Agedako kantariak atzo gauean Boiseko Basque Block-en, Euskal Etxearen aurrean kantari (arg. Euskal Museoa-EuskalKultura.com)
Santa Agedako kantariak atzo gauean Boiseko Basque Block-en, Euskal Etxearen aurrean kantari (arg. Euskal Museoa-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal geografian zehar asko eta asko dira makilak eskuetan hartuta eta ahots hutsez edo trikitixa, txistua, panderoa edo beste instrumenturen bat lagun baserriz baserri edo etxez etxe abiatzen diren Santa Ageda koruak. Usadio hori Diasporara ere heltzen da eta badira euskal etxe eta komunitate batzuk, egunean berean edo hitzordua asteburura pasatuta, hitzorduarekin bat egiten dutenak. EuskalKultura.com Boisekoan egon da, baina leku gehiagotan ere ospatu dute, Madrilen, Valentzian...

Boise, Idaho, AEB. Idahoko Boisen, atzo astelehena atera ziren Santa Agedako koruak, kantatuz, makilak eskuetan. Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxean euskara klaseak amaitu ondoren izan zen, Itxaso Cayero eta Todor Azurtza irakasle. Zazpi t'erdietan zegoen jarrita hitzordua eta euskal ikasleetatik geratu zirenei, Boiseko beste herritar batzuk gehitu zitzaizkien. Boiseko Biotzetik abesbatzako kide batzuk ere baziren tartean.

Bilgune zen Boiseko Euskal Museo barnean kantatu ondoren, taldea Basque Block-era atera zen eta bertan kokatzen den Boiseko Euskal Etxearen kanpoaldean kantatu zuen, trikitixa ibilbide osoan lagun. Ondoren, Leku Ona jatetxeraino heldu eta barnera pasatu ziren, bertan kantatzeko. Bezeroei tradizioa zer den azaldu ostean, berriz ere, trikitixak lagundutako "Egun da Santimamiña" doinupeko kalejiran, partaideak Bardenay garagardotegi handiraino iritsi eta bertako bezero artera sartu ziren. Baimena eskatu, bertan ari zen musika minutu batzuetan jaitsi eta han ere kantatu zituzten ohiko koplak.


Itxaso Cayero Gernika Tabernako bezeroei Santa Agedari buruzko azalpenak ematen (arg. Boiseko Euskal Museoa-EuskalKultura.com)

Bertatik, kalejira gehiago eta Basque Block-eko kontrako puntan dagoen Gernika taberna izan zen hurrengo geldialdia. Hor ere, taberna barruan eta bezero harrituen aurrean, Itxaso Cayero euskara irakasle boisetarrak zertan datzan Santa Ageda tradizioa azaldu zuen eta koplak kantatzeari ekin zioten, bertatik berriz ere Euskal Museora itzuli eta aurtengoa amaitutzat emateko.

Gutxienez Mexiko Hiriko Euskal Etxean, Bartzelonakoan eta Londresen ere egin izan dituzte lehenago Santa Agedako koruak, baina aurten ez zaigu horren berririk iritsi.

Euskal Herritik kilometrotan gertuago, Madrileko Euskal Etxean eusten diote tradizioari, eta hala egin dute aurten ere, joan den larunbatean, eguerdiz, Agate Deuna bazkaria eginez eta iluntzeko zazpietatik aurrera ibilbidea abiatuz San Nicolas Plaza (Txoko Zar), Plaza de la Villa. Sacramento kalea, Puerta del Sol, Plaza Santa Ana, Quevedo (Zerain) eta Marques de Cubas (Kupela), bederatziak aldera berriz ere Euskal Etxearen egoitzara iristeko.

Boisen bezala, partaideen artean Madrilgo (Euskal Etxeko) Euskal Abesbatzako kideak ikus eta entzun zitezkeen.


Agate Deunaren Bezperako ospakizuna Valentziako Laurak Bat Etxean joan den larunbatean (arg. Laurak Bat)

Itaso alderago, Valentzian ere ez ziren atzean geratu eta, bertatik Laurak Bat Euskal Etxeko kideak adierazten digutenez, kasu honetan ere hitzordua joan den larunbatera aurreratu zen, jende gehiagok parte hartu ahal izan zezan. "Kanta-merienda-afaria" antolatu zuten elkartearen egoitzan eta hogei bat lagun makilekin lurrean joz eta koplak kantatuz ospatu zuten Agate Deuna.

(zeure euskal etxe edo Diasporako komunitatean antolatu baduzue eta horren berri eman nahi badugu, idatzi info@euskalkultura.com helbidera)



Komentarioak

  • Agate Deuna

    Eskerrik asko Joseba Etxarri-ri atzokoan gurekin trikiaz aritzeagatik. Giro ederra sortu zuen.

    Todor (Boise, Idaho, AEB), 2018/02/06 23:28

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia