euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako sanferminzaleak sareetan bilduko dira bigarren urtez ohiz kanpoko dei birtualetan baina su eta garrari eutsiz

2021/07/07

2021eko sanferminak
2021eko sanferminak

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona, Nafarroa. Nazioarteko jai egutegiko famatuenetakoak dira Sanferminak eta bigarren urtez pandemiak bertanbeheratu egin ditu aurten presentzialki. Baina ez ditu euren sua eta gogoa itzali, moldatu baizik. Argentinako diasporan, bertako lau Nafar Etxeak sare sozialetara atera dira. Eta astelehenean bertan, uztailaren 5ean, lau lehendakariek bideo bat prestatu zuten elkarrekin beren kide eta zaleak agurtzearren. Ikus beherago Oscar Crocek (Rosarioko Nafar Etxea), Martin Urtasunek (Bueno Aireskoa), Gonzalo Ericek (Mendozakoa), eta Miguel Lasak (Bolivar) zabaldutako irudiak.

[Argentinako nafar etxeetako lehendakarien agurrak]

Hauek gaurko eta datozen egunetarako Diasporan prestatutako hitzorduetako batzuk dira:

Gaurtik aurrera Bolivarreko Nafar Etxeak bideoak zabalduko ditu sareetan, Txupinazoa eta Miguel Angel Lasa lehendakariaren eta Walter D'Aloia kontsulordearen agurren ostean. Nafar plater tipikoak, abesbatzaren eta dantzarien emanaldiak eta dantzarien euskal jantzi tradizionalen erakusketa egingo dute. Uztailaren11an, 9:30etan, San Fermin meza. Informazio gehiago, hemen.

Santa Feko hiri nagusian, Rosarioko Nafar Etxeak ‘Sanferminen liburuxka’ argitaratu du, festen historiaz gain Nafar Etxea bera eta Nafar Etxeko jendea aurkezturik. Aurtengo programa irakurgai topa dezakezu aldizkarian (ikus 29. orrialdean). Bere aldetik, Buenos Airesko Nafar Etxeak janaria prestatu eta salduko du uztailaren 9an. Menu argentinarra (lokroa) eta penintsulakoa (tortila) egongo da aukeratzeko. Informazio gehiago, hemen.

Buenos Aires hiri eta probintziatik aldenduz, Mendozako Nafar Etxea ere proposamen gastronomikoaz plazaratu da. ‘San Fermin Paella’ erosi nahi duenak uztailaren 9ra arte egin dezake erreserba. Zozketak ere egongo dira. Informazioa, hemen. Eta Espainiako nafar etxeak ere aipatzearren, estatuan zehar sakabanatuta dauden zenbait nafar etxek ere ez diote muzin egin egun berezi hauetan zerbatekin plazaratzeari eta sare sozialetara eta ekitaldi mugatu eta sinbolikoak iragarruz agertu dira,

Pergaminon, bertako Lagun Onak Euskal Etxeko sukaldariak berriro ere bilduko dira, oraingo honetan paella erraldoi batekin ospatzea proposatuz. San Fermineko paella uztailaren 10ean salduko dute. Informazio gehiago, hemen. Eta Entre Rios probintzian, Paranáko Urrundik euskal Argentinar Elkarteak San Fermineko topa-egitera gonbidatzen du, gaur, bertan gaueko 10etan. Topaketa birtuala, Zoom-en izango da. Linka asociacionurrundik@hotmail.com helbidera behar da eskatu.

Buenos Aires probintziara itzuliz, bertako hiriburuan La Platako Euzko Etxea aurrez aurreko ekintza iragarri duen euskal etxe bakarra izan da. Uztailaren 9an egingo dute, honako egitarauarekin: 12etan, txupinazoa, puxikak askatzea, aurreskua eta paella. Lekua mugatua izango denez, garaiz egin behar dira erreserbak. Edo janaria erosi eta etxeratu daiteke. Arratsaldeko 4etan, txokolatea pastekin, musa, fandangoa eta euskal produktuen salmenta. Azulen, ostera, bertako Gure Txokoak irratsaioa estreinatuko du, "Euskaldunen Ahotsa" eta gogora ekarriko du efemeridea herriko Udal Irrati Publikoan.

Venezuelatik, adierazi digute Caracasko Eusko Etxeak aurtengo ez-festak gogoan izango dituela bere hileroko ohiko mezan datorren igandean, goizeko 11etan [uztailaren 8an eguneratua: bertan behera utzi da kale segurtasun ezagatik). Kanadako British Columbia probintzian, Vancouverreko Zazpiak Bat Euskal Etxeak uztailaren 10ean egingo du San Fermin bazkari eta egunpasa antolatuz: Egitaraua: eguerdiko 12etan: Agur dantza; 12:15etan: Txalaparta kontzertua; 13ean: Txupinazoa; 13:30etan: Bazkaria; 14:30etan: Euskal kantak; 15:30etan: Jolasak/Musa; 17etan: Entzierroa; 18etan: Dantza; 18:30etan: Gaixoa ni.

Gehiago dira munduan batera edo bestera, birtualtasun handiago edo gutxiagoz, Sanferminen izpirituari segituko diotenak. Asko dira astean zehar sare sozialetara atera diren euskal etxeak, San Fermineko irudi, dei eta testuak plazaratuz. Zure inguruko euskal etxekoa ez baduzu topatu, otegui@euskalkultura.eus helbidera idatzi eta konta diezagukezu. Gora San Fermin!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia