euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako prentsa albisteen digitalizazioak pauso berria emango du eta euskal etxeetako gazteak partaidetuko

2007/11/19

Euskal Astean Josu Legarretak, Mariluz Artetxek eta Raúl Bereciartuak aurkeztu zuten ekimena
Euskal Astean Josu Legarretak, Mariluz Artetxek eta Raúl Bereciartuak aurkeztu zuten ekimena

PUBLIZITATEA

Ekimenaren helburua Ameriketako egunkarietan azken 100 urteetan euskal Diasporari buruz agertu diren albisteak bildu eta digitalizatzea da. Asmo hori nola burutu finkatzeko Eusko Jaurlaritza, FEVA, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Argentinako Hegoaldeko Unibertsitatea bildu ziren iaz. Orain Buenos Aires, La Plata, Rosario, Tandil, Mar del Plata eta Cordobako Unibertsitateek eta beste zenbait euskal etxeek ekimenean parte hartzeko gonbitea jaso dute. Erakunde hauetako gazteak izango dira bildutako materiala euskarri digitalera pasatzeko arduradunak eta horretarako trebakuntza ikastaro bat jasoko dute bi aste barru.
Urrian Rosarion egin zen Euskal Astean Josu Legarreta Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendariak aurkeztu zuen Ameriketako egunkarietan euskal diasporari buruz agerturiko berriak digitalizatzeko ekimena. "Garrantzi handia ematen diot gai honi, arrazoi desberdinengatik informazio asko galtzen ari delako", azaldu zuen. "Euskal Herriari buruz landu diren beste gaien aldean emigrazioa, erbesteratzea eta euskal etxeak apenas aztertu diren gaiak dira".

Hori dela eta, gai honetan sakondu nahi duten ikerlarientzako dokumentazio basea egiteko asmoz lankidetza akordioa sinatu zuten iaz Lehendakaritzak, FEVAk eta Hegoalde eta Euskal Herriko Unibertsitateek. Lehen pauso bezala bi unibertsitateetako adituek ekimena burutzeko metodologia aztertu zuten. Orain erronka dokumentazio bilketa eta materialaren digitalizazioa izango dira.

Euskal Etxeetako gazteen parte hartzea

[Euskal Astean egin zen aurkezpena entzutera bildu ziren lagunak, Josu Legarreta hizlari]

2006an ekimenean parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien Buenos Aires, La Plata, Rosario, Tandil, Mar del Plata eta Cordobako unibertsitateei. Proiektuak ez die diru ekarpenik egitea eskatzen, unibertsitate bakoitzak digitalizatzen dituen albisteen truke Ameriketako herrialde guztietan egindako digitalizazioa jasoko duelako. Euskal Etxeetako gazteek parte hartze garrantzitsua izango dute ekimenean, bilketa lana beraiek egingo dutelako, metodologia atalaz unibertsitateak arduratzen diren bitartean.

Ikastaroa abenduan

Proiektuan parte hartu nahi duten gazteentzat prestakuntza ikastaro bat egingo da abenduaren lehenengoan. Bertan unibertsitateko bekadunek, unibertsitateak dauden herrietako euskal etxeetako gazteek eta Argentinako bost euskal etxe zaharrenetatik bina gaztek hartuko dute parte (zaharrak izateagatik zilegi baita material digitalizagarri gehiago izango dutela pentsatzea). Azken baldintza hauek betetzen dituzten bost euskal etxeak Arrecifes, Comodoro Rivadavia, San Nicolas, Necochea eta Villa Maria dira.

Ikastaroa Euskal Herriko Unibertsitateko Oscar Alvarez Gilak eta Hegoaldeko Unibertsitateko Jose Bernardo Marcilesek emango dute, abenduaren batean, larunbata, Buenos Aireseko Laurak Bat elkartean, Hiriburu federaleko Belgrano 1144ean.


Lotura interesgarriak

Ekimerari buruzko informazio gehiago
www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net

Digitalizazioak Kubako Laurac Bateko artxiboa salbatu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 18an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia