euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako kideek bat egingo dute Bilboko Arriagan egiten ari den Axularren 'Gero'-ren irakurraldiarekin

2008/06/19

 Itziar Albisu eta Itsaso Kobayashi New Yorken Gero irakurtzen
Itziar Albisu eta Itsaso Kobayashi New Yorken Gero irakurtzen

PUBLIZITATEA

Gaurko goizeko zortzietan hasi eta arratsaldeko zortzietara bitartean, Bilboko Arriaga Antzokian Axularren 'Gero' euskal literaturaren maixulan klasikoaren Lehen Irakurraldi Jarraitua egiten ari dira. Ekitaldia Elkarlan Euskaltegiak (Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti y Juan Mateo Zabala) antolatu dute, Bilboko Euskara Arloaren eta Ipar Kutxaren babesarekin. New York, Boise eta Buenos Airesetik jaiarekin bat egingo dute Diasporako euskaldunek, aldez aurretik grabatutako bideoetan liburuaren pasarteak irakurriz. Ekitaldia zuzenean ilus daiteke ETBren webgunean.

Bilbao, Bizkaia.  Gaurko hau Axularren 'Gero' liburuaren lehen irakurraldi publiko, oso eta etenik gabea da. Ekitaldia Elkarlan Euskaltegiek urtero egiten duten Euskara Ikasleen Jaia izeneko ikasturte bukaerako ospakizunaren parte da.

Goizeko zortzietan irakurraldiari hasiera eman diotenak Joan Mari Irigoien idazlea eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakaria izan dira. Arratsaldeko zortzirak arte, euskal gizarteko pertsonai ezagun, euskara ikasle eta hiritar anonimo ugari pasatzen ari dira Arriagako eszenatokitik, besteak beste Mikel Urdangarin eta Kepa Junkera kantariak, Kirmen Uribe idazlea, Joane Somarriba txirrindualria eta Gorka Iraizoz eta Joseba Garmendia Athletikeko futbolariak.

Diasporako euskaldunek ere ekitaldi honetan parte hartu nahi izan dute eta AEB eta Argentinatik helduko da haien elkartasuna: Itziar Albisu eta Itsaso Kobayashi New Yorketik; Chris Bieter, Nere Lete eta Madalen Bieter Boisetik, Irma Biskaitxipi Bahia Blancatik eta hamaika lagun gehiago Santiago (Txile), Montevideo (Uruguai), Sao Paulo (Brasil), Mexiko, Puerto Rico, Sydney (Australia), Tokio (Japonia), Frankfurt (Alemania), Paris, Londres, Erroma eta Murtziatik. Eurek ere liburuaren pasarteak irakurriko dituzte, aldez aurretik grabatutako bideoetan. Bideoak antzokian eta Arriagaren kanpokaldean jarri dituzten pantaila erraldoietan ikusi ahal izango dira. Ekitaldia zuzenean ikus daiteke ETBren webgunean.


Lotura interesgarriak

Itziar Albisu eta Itsaso Kobayashi (Bideoa ikusi)

Chris Bieter, Nere Lete eta Madalen Bieter (Bideoa ikusi)

Irma "Titina" Biskaitxipi (bideoa ikusi)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia