euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako kideak partaide dituen Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko deia zabaldu du

2024/03/29

Euskal Herria Baterak (EHB) deia egin du leihoetan ikurrinak ipintzera; eta ekitaldi bateratu batera larunbat honetan Bilbon
Euskal Herria Baterak (EHB) deia egin du leihoetan ikurrinak ipintzera; eta ekitaldi bateratu batera larunbat honetan Bilbon

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. Diasporako kideak partaide dituen Euskal Herria Batera (EHB) ekimen herritarrak Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko deia zabaldu du, eta herritarrei ekitaldi bateratu batera deitu die bezperan, larunbat honetan Bilboko Campos Eliseos Antzokian, euskal nazioa aldarrikatu eta narrazio bat eta Jon Maia gidoigile duen ekitaldi antzeztu bat partekatzeko. Hona 2024ko Aberri Egunaren aurkezpena egiten zuen agerraldiko bideoa, euskaraz lehenik eta gaztelaniaz ondoren:


Xabier Euzkitze, Estitxu Garai eta Mireia Epelde Aberri Egun bateraturako deia irakurtzen


Diasporak Carlos Etchepare euskal argentinarra izan zuen ordezkari

EHB espres zuzendu zaie munduan barrena euskal diaspora osatzen duten euskaldunei, honako hitzez, aurkezpen ekitaldian Carlos Etchepare euskal argentinarrak jendaurretuak, esanez Euskal Herria Batera 2020ko Aberri Egunaren testuinguruan sortu zen ekimen herritarra dela, “hainbat esparrutako euskal sustraiak dituen talde bat osatzen duena, eta Aberri Eguna baliatu nahi dugu geure burua nazio gisa berresteko”.

Deia Aberri Eguna ospatzera igandean Euskal Herrian, Diaspora barne; eta larunbatean ekitaldi bateratu batera Bilboko Campos Elíseos Antzokian

“Uste dugu badela garaia elkarrekin lan egiteko, etorkizun hurbilean Aberri Egun bateratu bat ospatzeko baldintzak sortzeko”.

Etchepareren hitzetan, “euskal gizarteak bilakaera handia izan du, eta horrekin batera euskal nazioa sentitzeko modua. Euskal Herria Batera-k euskal nazioarekiko atxikimendua berritu, egokitu eta zabaltzeko deialdia egiten du”, Euskal Herria Batera-ren konpromisoak, besteak beste, gogora ekarriz: “Etorkizuneko erronkei aurre egiteko batasunaren ideia zabaltzen jarraitzea. Erakunde eta eragileak ez ezik, herri honen kapital nagusitzat jotzen dugun eta euskal komunitatearen oraina eta etorkizuna esparru ekonomiko, sozial, akademiko, zientifiko, kultural eta kirolean eraikitzen ari den gizarte-sektore osoa ere babesten du, Euskal Herriari etorkizun hobea emateko helburuarekin”.

AGIRIA OSORIK

2024ko Aberri Eguna. Euskal Herria Batera!
Deialdia eta konpromisoa

Euskal Herria Batera 2020ko Aberri Egunaren testuinguruan sortutako ekimen herritarra da. Esparru ezberdineko pertsona talde bat gara eta Aberri Eguna baliatu nahi dugu nazio gisa berresteko, euskal nazioarekiko atxikimendua zabaltzeko eta jendarte erakundeei eta eragileei euskal nazioarekiko konpromisotik jardun dezaten eskatzeko. Pandemiaren testuinguruan Aberri Eguna, Euskal Herria osoan, aldi berean eta modu bateratuan ospatzea lortu genuen. 2022-tik aurrera, pandemiako segurtasun neurriak atzean utzi ondoren, alderdi abertzaleek bere ohiko mobilizazioak berrartu zituzten eta nork bere deialdia egin zuen. Euskal Herria Batera bateratasunean jarri genuen indarra eta urteroko ekitaldi bateratua Aberri Egunaren bezperara eramatea erabaki genuen.

Aurten, 2024an, deialdi bat egin nahi dugu Euskal Herria aintzat hartzen dutenei eta, aldi berean, gure konpromisoak berretsi nahi ditugu.

Deialdia Euskal Herria aintzat hartzen duten askotariko erakunde eta eragileei:

Batera aritzeko garaia dela uste dugu. Batera krisi ekonomikoak eta larrialdi ekologikoak sortzen duten zalantzen aurrean, gerrek sortzen duten ezegonkortasunean eta globalizazio testuinguruak burujabetza osorik gabeko euskal komunitateari ekartzen dizkion erronketan. Batera lurraldeen artean, ezberdinen artean, askotariko esparruen artean. Batera gure Nazioaren erabakimen gaitasuna sakondu dadin.

Aberri Eguna Batera aritzeko eta Nazioa garela ospatzeko eguntzat hartzen dugu eta beraz etorkizunean Aberri Egun bateratua ospatzeko baldintzak sortzera deitzen dugu. Modu bateratuan zein ahal eta ofizialtasun gehienarekin euskal lurralde guztietan ospatu dezagun bagarela eta munduaren aurrean azaldu, bagarela eta etorkizunean izan nahi dugula. Nazioek nazioa izango badira, besteak beste, euren egun nazionalak izan eta ospatu behar dituztela uste dugulako. Euskal Herriaren historiari begiratuta hala izan dela ondorioztatu dezakegu. Erabateko normaltasunean batzuetan eta debekuei aurre eginez beste batzuetan. Aberri Eguna tradizioa ez ezik, oraina eta etorkizuna duela uste dugu.

• Euskal jendartea asko aldatu da eta horrekin Nazioa eta nazioa sentitzeko moduak. Euskal Herria Baterak Nazioarekiko atxikimendua berritu, egokitu, gaztetu eta zabaldu behar dela uste du eta horretarako deialdia egiten du.

Euskal Herria Batera!-ren konpromisoak:

• Gure deialdia zabaltzen jarraitzea. Ez soilik erakunde eta eragileei baizik eta herri honen kapital nagusia kontsideratzen dugun jendarte sektore zabal horri, zeina Euskal Herriari etorkizun hobeagoa bat emateko helburuarekin esparru ekonomikoan, sozialean, akademikoan, zientifikoan zein kulturalean euskal komunitatearen oraina eta etorkizuna eraikitzen ari den. Horiei guztiei Batera aritzeko deialdia egin nahi diegu. Horiei guztiei Aberri Egunean Nazioa garela ospatzera dei egiten diegu.

Euskal jendarteari Aberri Eguna ospatu dezan eta ikurrinak leihoetan zabaldu ditzan eskatzea.

• 2024ko ekitaldi bateratua antolatzea. Bilbon, Martxoak 30, Campos Eliseos antzokian izango dena. Herri gisako momentu honetan, Euskal Herria ardatz duten eragileak biltzera deitzen dugu.
◦ Aurtengo ekitaldian bi lan kultural uztartuko dira. Lehena Euskal Herriko fundazio nagusiek osatu duten narrazio da, zeinak Euskal nazioa munduan aurkezten duen. Bigarrena Jon Maiaren gidoipean osatutako ekitaldi antzeztua, nazioa egunerokoan azalduko duena.
◦ Aurtengo hitzorduan bi data historiko ekarri nahi izan ditugu, gaurko testuinguruan duten antzekotasunengatik
- Lehen Aberri Eguna. 1932an Bilbon EAJk deitu zuena. 1929-an lehertu zen krisi ekonomikoaren eta 1931an Espainiar estatuan martxan jarri zen Errepublikaren testuinguruan. Garaian bezala erronka eta aukeren aurrean gaude ere. Horregatik, Campos Eliseos antzokia aukeratu dugu aurtengo ekitaldirako.
-  1978ko Aberri Egun bateratua. Espainiar Estatua frankismotik demokraziarako trantsizioa egiten ari zen unean, UCD eta AP ez beste alderdi eta mugimenduek (18 guztira, hauen artean PSOE eta garaiko Euskadiko Ezkerra) Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ospatu zen Aberri Egunera egin zuten deialdia. 400.000 herritar inguru batu ziren “Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako autonomia estatutua” eta “Autodeterminazio eskubidea” aldarrikatzeko. Egungo testuinguru politikoak euskal lurraldeen aitortza politikoaren gaineko adostasuna eskatzen duela uste dugu. Horregatik, aurtengo ekitaldira 1978ko Aberri Egunean lortutako aniztasuna ekartzen saiatuko gara.

Euskal Herria Batera, Aberri Eguna 2024
- Webgunea: aberrieguna.eus
- X (twitter zena): https://twitter.com/aberrieguna2023
- Instagram: https://www.instagram.com/2024aberrieguna



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia