Donapaleu, Nafarroa Beherea. Euskal diaspora eta emigrazioaren isla eta lekukotasuna ematen duen kontzertu batek, euskal emigranteek Ameriketatik bidalitako bertso, kantu eta testuekin, amaiera ekarriko dio datorren igandean Donapaleun irailaren 23az geroztik herri naxenabartar horretan garatzen joan diren Diaspora eta Emigrazio Jardunaldiei, Chemins-Bideak eta Euskal Argentina elkarteak antolatzaile. Gaur arratsaldean bertan 17:00etan gauzatuko da hitzaldietako azkena, 'Iparraldeko euskaldunak Txilen' izenburupean, Patricio Legarraga txiletarrak propio grabatutako emanaldian, ondoren Legarraga berak galderei zuzenean erantzungo diela Whatsapp bidez.
Igandean entzungai Uruguai eta Argentinako XIX. mendeko bertsoak, baita Kaliforniako Charles Uhalde iholdiarrarenak ere, eta Ternuako testuak, 1757an idatzitakoak
Igandean, bestalde, Bideak-en ekitaldi-aretoak kontzertu zinez interesgarri bati abegia emango dio 16:00etan, euskal kantari ezagunek, bertako kantariekin lankidetzan, Ameriketako euskal emigrazioaren isla ematen duten kantu eta bertsoak eskainirik, Ipar zein hego Ameriketakoak, esan nahi baita Saint Pierre eta Mikeluneko edota Rio de la Platako euskaldunen eta euren egoeren berri ematen digutenak. Kantari arituko dira, besteak beste Pantxix, Marie eta Pagoa Bidart eta Berzaitz anaiak, lagun dauzkatela Anuxka Etchetto, Frantxoa Caset eta Léa Escondeur (argibide eta erreserbak 0670 626 841 zenbakian edo hona idatziz, contact@chemins-bideak.com).
Jardunaldien arrakasta ederra
EuskalKultura.eus Euskal Argentinako buru den Monika Legartorekin mintzatu da, eta zinez kontent azaldu zaio igandeko kantaldiarekin bukatuko diren Jardunaldiek iraun duten bi hilabete hauetan lortutako arrakasta eta oihartzunarekin. "Ederra izan da mintzaldien arrakasta, hitzaldiena zein lekukotasunena. Harrera ederra izan dute batez ere Ipar Ameriketan bizi izan direnen lekukotasunek eta emigrazioaren inguruan ziren beste gai batzuk, eta jendea harritu da, konparazio, argentinar pilotariek Iparraldeko pilotaren profesionalizatzean izan zuten eragina ezaguturik", laburbildu du.
Zorionak Bideak eta Euskal Argentinari euren ekimen honengatik eta azken hamarkadetan Atlantikoaren bi aldeetako euskaldunen elkar ezagutza bultzatuz eta zubiak sustatuz egiten duten lan bolondres eta ber denboran zinez eraginkor eta baliotsuagatik, erroen eta familien loturei buruzko ikerketak tarteko. Lan bikaina, oraingoan ere!