Donostia-San Sebastian. Bereziki euren herrialdeetan udako oporretan daudenentzat —baina baita gainerako guztientzat ere— hona azken asteotan gureratu zaizkigun Diasporako hiru buletinen azkeneko zenbakiak: Frantziatik 'Hiruak Bat', Venezuelatik 'Jazoera' eta Txiletik 'Berriketari'. Hirurak doan daukate harpidetza eta email bidez edo internetez irakurri edo jaso daitezke. Frantziatik datorkiguna frantsesez da, eta Venezuela eta Txilekoak gaztelaniaz.
'Hiruak Bat' Lyoneko Euskal Etxeak, Marseillako Euskal Etxeak eta Montpellierreko Euskal Etxeak elkarrekin ateratzen duten buletina da. Erredakziokide dauzka: Txomin Bernard, Francky Etchegorry, Romain Kukla, Xantal Mamarque, Jacques Lesca eta Fernando Zabalza; emaila, hiruakbat@marseillako-euskaletxea.com. Ateratako azkeneko zenbakia 8.a dute eta 2024ko agorrilari dagokio. Orain arteko zenbaki guztiak hemen topa daitezke, zortzigarrena barne.
'Jazoera' du izena Venezuelako Caracasen Pedro Javier Arriaga Aguirre caracastarra sortzaile eta arduradun daukan buletinak, Adriana Lobascio lankide. Jaso dugun azkena uztailari dagokio, hilabetea bukatzen denean plazaratzen baita aurreko hileko berriekin. Uztailekoa, 169. zenbakia du, Emailez jasotzen da jazoeraccs@gmail.com helbidera eskatuz. Jazoerarekin batera, Arriagak "Lo vasco venezolano" izeneko fitxak ere ekoizten eta igortzen ditu ostiralero emailez. Hauek ere doan eska ditzakezu. Telefono eta whatsappa, +58 424 1797908.
'Berriketari', Santiagoko Euzko Etxetik María Angélica Carrascok (editore) eta Luis Ignacio Bastarricak (zuzendari) ekoizten dute. Atera den azkeneko zenbakia 2024ko ekain-uztailari dagokio eta141.a du aldizkariak. Kasu honetan, kontaktatzeko edota buletina jasotzeko noticiero.berriketari@gmail.com helbidera idatz daiteke. Gaztelaniaz da eta hitz batzuk eta esaldi batzuk sartzen ditu euskaraz, ondoan gaztelaniazko itzulpena duela.
Pariseko 'Elgar'
Etorri zaigu besterik ere, hala nola Pariseko Euskal Etxeak paperean ateratzen duen 'Elgar' aldizkari historikoa. Bere 626. zenbakia 2024ko uztaila/agorrilari dagokio. Paul Legarraldek 1932an sortua, Jean-Baptiste Héguy du gaur egun arduradun. Frantsesez da, editoriala edo mezu nagusia —zenbaki honetan Pariseko Euskal Etxeko lehendakari Laure Petiet-ek sinatua— euskaraz ere. Erredakziokideak Olivier Caserta, Isabelle Claverie-Dreyfuss, Bruno Gizard, Isabelle Goitia, Antton Lartigue eta Marc Quentin. Emaila, elgar@eskualetxea.com.