euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Diasporako Herri Kirolak 2007' (sic) izeneko ekimena gauzatu da San Nicolas, bertako euskal etxearen eskutik

2007/09/10

Sokatiran ere ibili ziren parte hartzaileak
Sokatiran ere ibili ziren parte hartzaileak

PUBLIZITATEA

'Diasporaren Herri Kirolak 2007' izena --halaxe, euskaraz-- daraman egitasmoaren lehenengo saioak OHOko1, 31 eta 16 eskola publikoetako 70 bat ikasle bildu zituen Argentinako San Nicolás herrian, Buenos Aires probintzian, bertako Euskal Etxeak antolaturik. Egunean zehar partaideek Lihue Qimlu-ren baserria bisitatzeko aukera izan zuten --arazo fisiko eta sikikoak edo gaisotasun terminalak dauzkaten neska-mutikoekin lan egiten duen elkartea da berau--, baita ere euskal herri kirolak egiteko eta Euskal Herria, bere kultura eta hizkuntzari buruzko jakingarriak eskuratzeko, horretarako propio ateratako orrialde batzuk medio.
Diasporaren Herri Kirolak proiektuko aurtengo lehenengo elkarretaratze hau joan den abuztuaren 24an gauzatu zen. Aurretik, ekainaren 22rako iragarria zuten, baina eguraldi txarraren karietara bertan behera utzi eta agorrileko data berrira pasatu behar izan zen. Data berrian, ordea, eguraldia lagun, San Nicolasetik Gaztemundu programarekin Euskal Herrira bidaiatu ziren gazteek gauzatu eta bideratu ahal izan zituzten han ikasitakoak, euskal erakunde nicoleñotik EuskalKUltura.com-i adierazi zaionez.

[Partaideen ikuspegia, ikasleak arreta jartzen Euskal Etxekoek euskal kirol tradizionalei buruz eman ari zaizkien azalpenei]


Kirol ekintzei dagokienez, honako jokoak eskaini zituen: lokotx lasterketa, zaku lasterketa, txinga erutea eta sokatira. Neska-mutiko minusbaliatu eta egoera terminalekoekin lan egiten duen Lihue Quimlu elkartearen baserrian egin zen eta OHOko 1, 31 eta 16 eskola publikoetako 70 bat ikaslek hartu zuten parte. Ekitaldiaren ondotik panchoak (hala deitzen zaie Argentinan hot dog-ei) eta edariak eskaini zitzaizkien ikasleei eta orri batzuk banatu zitzaizkien Euskal Herria eta euskaldunei buruz, euren kultura, hizkuntza eta ezaugarriak aipatuz.

San Nicolaseko Euskal Etxeak hasitako ekimen hau bertako komunitateari 'euskal kultura eta balioen adierazpen diferenteak erakustearren' eginiko ahaleginean behar da kokatu, kasu honetan 'haurrei euskal herri kirolen berri eman eta Euskal Etxeak inguruari eskaintzen dizkion ekarpenak agerian uzte aldera'. Izan ere, horregatik aitortu zuen euskal ekimen hau Buenos Aires probintziako Kultura eta Hezkuntza Zuzendari Orokorra den Adriana V. Puigross doktoreak 'Probintziako Hezkuntzarako Baliosa' (de Interés Educativo Provincial) 2006ko irailaren 6ko 2752 zenbakidun ebazpenez.


Lotura interesgarriak

San Nicolas de los Arroyoseko Euskal Etxea
www.euzkalnik.com.ar

Damián Cebey berriz ere San Nicolaseko lehendakari hautatua
2007ko urtarrilaren 19an EuskalKultura.com-en argitara emana

Iazko Euskararen Eguna San Nicolasen
2006ko abenduaren 7an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia