Donostia-San Sebastian. Martxoaren 3ra arte zabalik dago EuskarAbenturaren 2023ko edizioan parte hartzeko izen-ematea. Espedizio berezi honetan, protagonistak 15 eta 17 urte bitarteko gazte euskaldunak dira —Diasporakoak barne— eta Euskal Herrian zehar ibiliko dira hilabete batez, esperientzia ahaztezinak partekatuz. Gazteen euskarazko aisia sustatzea, gazte euskaldun sareak sortzea eta elikatzea, eta gazteen artean Euskal Herriko ondare naturala eta kulturala ezagutzera ematea ditu helburu. Uda betean egiten denez abagune ezinhobea da horretarako.
Nola parte har dezakezun? Oso erraza da. 2006an edo 2007an jaio bazinen eta euskaraz hitz egiten baduzu, minutu bateko aurkezpen-bideo bat eta banakako proiektu bat bidali behar dituzu. Aurten proiekturako sei lan formatu daude aukeran: literarioa, musikala, historikoa, ikusentzunezkoa, plastikoa eta sormen digitalekoa, eta hiru gai hauen artean hauta daiteke:
• Turistak vs Bidaiariak: Nola eta zertarako bidaiatzen dugu? Bidaiatzen duen pertsona ororekiko jarrera berdina al dugu? Zein ondorio dakartza masa turismoak?
• Natura gizartean/Gizartea naturan: Nola txertatzen da natura gizartearen espazioetan? Ezagutzen ditugu inguruan bizi diren landare, animalia eta izaki bizidunak? Geratzen al da munduan gizakion eraginik jasan ez duen espaziorik?
• Happykrazia: Norbanakoa al da bere zoriontasunaren erantzule bakarra? Zer desiratzen dugu eta zergatik? Desiratzen dugun oro eskuragarria al da?
Martxoaren 3a da eskaerak bidaltzen azken epea. Apirilaren 14an 120 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Horretarako proiektuak baloratuko dituzte, hautagaien jatorria, generoa eta motibazioa ere kontuan hartuta. Hautatutako gazteek uztailaren 1etik 31era egingo dute Euskal Herria zeharkatuko duen euskarazko eta oinezko espedizioa.
Antolatzaileek adierazi diote EuskalKultura.eus-i poz-pozik jasoko dituztela Diasporatik heltzen zaizkien eskabideak. Diasporako gazteen artean partaidetza bultzatu nahi horren erakusgarri, eta aurreko edizioetan egin bezala, EuskarAbentura elkarteak dirulaguntza bat emango die Zortzigarren Probintziako partaideei bidaia ordaindu ahal izateko.
Hautagaitzak elkartearen webgunetik aurkeztu behar dira: https://euskarabentura.eus
Zalantzak edo kontsultak izanez gero, idatzi komunikazioa@euskarabentura.eus helbidera edo deitu +34 688.844.257 / 688.603.799 telefono zenbakietara.
Animo eta parte hartu!