euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako testigantzak dakartza 5. Mundu-Batzarrak liburu aurkezpen eta dokumentalen bitartez

2011/10/31

"Basques in the West" dokumentala Kursaalean ikusgai izango da
"Basques in the West" dokumentala Kursaalean ikusgai izango da

PUBLIZITATEA

Etzi Donostian hasiko den Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrak Diasporaren errealitatea ezagutzeko aukera emango dio publiko orokorrari, bertan egingo diren liburu aurkezpen, hitzaldi eta dokumental emanaldien bidez. Liburu aurkezpenetan, besteak beste, Simon Bolivar eta William Douglass antropologoa izango dira hizpide, hala nola, Inglaterrara erbesteratutako gerrako umeen esperientzia. Horrez gain, ikasleentzako bereziki prestaturiko jardunaldietan --publiko orokorrari ere irekiak dira-- Diasporako euskaldunei buruzko hitzaldiak eta "Basques in the West" edo "Artzainak" bezalako dokumentalak eskainiko dira. Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunen historia eta gaur egungo bizitza ezagutzeko aukera aparta.

Donostia-San Sebastián. Etzi Donostian hasiko den Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrak euskal etxe eta elkarteen ehun bat ordezkari bilduko ditu Kursaal jauregira. Horrez gain, Batzarrak Diasporako euskaldunen beste istorio eta testigantzak ezagutzeko parada eskainiko du, hiru egunetan zehar egingo diren liburu aurkezpen, hitzaldi eta dokumentalen emanaldien bidez.

Liburuen atala etzi abiatuko da, "Mr. Basque" lanaren aurkezpenarekin. Liburua William Douglass antropologo eta Renoko Center for Basque Studieseko sustatzailearen biografia da. Miel Anjel Elustondo egileak aurkeztuko du.

Kolonbiatik Ingalaterrara

Ostegunean lau aurkezpen egingo dira. John Alejandro Ricaurte kolonbiarrak herrialde honetako euskaldunen historia ekarriko du, "Vasco-navarros en Antioquia (1890 a 1970)" liburuarekin. Ondoren, Fabio Javier Echarri argentinarrak El Chacoko euskaldun ospetsu baten biografia aurkeztuko du: "Eusebio Zamacola Abrisketa: un basauritarra en el Chaco argentino". Jarraian, Jose Manuel Azconak "El ámbito historiográfico y metodológico de la emigración vasca y Navarra hacia América” liburua aurkeztuko du eta, azkenik, Igor Calzadak "¿Hacia una ciudad vasca?" lana aurkeztuko du.

Ostiralean Susana Sabin-Fernandez ikerlariak Ingalaterrara joan ziren gerrako umeen bizipenak izango ditu hizpide, “The 'Niños Vascos': Memory and memorialisation of the Basque refugee children of the Spanish Civil War in the UK” liburuaren harira. Jarraian Alejandro Cardozok Libertadorearen ikuspegi berri bat emango du, "Simón Bolivar y Bilbao. El hombre antes del héroe" liburua aurkeztuz. Ondoren, José Ruiz de Gordejuela historialariak "Vivir y morir en México" liburua aurkeztuko du eta bukatzeko, Miguel Ángel Elkoroberezibarrek "Domingo de Irala y su entorno en la villa de Bergara" lanari buruz hitz egingo du. Saioak 17:00etan hasi eta 19:00tan bukatuko dira.

Programa.

Hitzaldiak eta ikus-entzunezkoak

Bestetik, ikasleei zuzenduriko hitzaldi eta dokumentalen arloan, aipatu beharra dago publiko orokorrari ere irekiak direla. Saioak bi bloketan banatuko dira, eta bloke bakoitzean 50 ikaslek parte hartuko dute (beste horrenbeste lagunentzako lekua geldituko da libre aretoan; sarrera libre).

Etziko lehen blokea, 10:30tan, Marcelino Irianik abiatuko du, "Emigración Vasca a Argentina" hitzaldiarekin. Ondoren César Arrondok "Asociacionismo Vasco en Argentina" gaia jorratuko du eta bukatzeko Javier Zubizarretaren "Zuretzako" dokumentala izango da ikusgai. Aldi berean, bigarren blokean, bi dokumental emango dituzte:  "Basques in the West", Amaya Oxarango-Ingram-ek zuzendua, eta “Artzainak", Javier Zubizarretarena. Jarraian Axun Garikanok "Far Westeko Euskal Herria" liburuari buruz hitz egingo du. 

Ostegunean lehenengo blokean Koldo San Sebastianek "Los Bengoechea de Mountain Home" hitzaldia emango du eta Patty Miller-ek Boiseko Basque Museum-a aurkeztuko du. Ondoren, "Basques in the West" eta “Artzainak" dokumentalak izango dira ikusgai. Bigarren blokean,  "Zuretzako" dokumentala aurkeztuko da eta ondoren Argitxu Camusek "Euskera Diasporan" hitzaldia emango du.

Ostiralean lehengo blokea bi hitzaldirekin hasiko da: John Bieter-ek "Basque emigration to the United States" gaia jorratuko du eta John Ysursak "Basque Culture in the United States" aurkeztuko du. Ondoren, "Zuretzako" dokumentala. Bigarren blokean "Basques in the West" eta “Artzainak" lanekin hasi eta, ondoren, Oscar Alvarez historialariak "Oleadas migratorias y sus causas" gaia azalduko du.

Programa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia