euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako euskaldunek Iparraldeko genealogisten urteroko bilkuran parte hartuko dute abuztuaren 18an

2008/07/10

Irudiaren eskubian Christine Fagalde eta J.R. Yharrassarry, bilkuraren antolakuntza taldeko kideak
Irudiaren eskubian Christine Fagalde eta J.R. Yharrassarry, bilkuraren antolakuntza taldeko kideak

PUBLIZITATEA

Akitania probintzian dagoen Berenx izeneko herria izango da datorren abuztuaren 18an Iparralde eta Frantziako genealogistek egingo duten bilkuraren egoitza. Hitzordu honetan, gainera, euskal Diasporako hainbat kide ere izango dira, urtetan internet bidez eginiko ikerketetan aurkitutako familiak eta sorterriak ezagutu nahian. Bilkura informazioa trukatu eta sarean ikerketak egiteko laguntza eskaini dieten ikerlariak ezagutzeko aukera aparta izango da. Genealogian interesa duen orori egiten diote parte hartzeko gonbitea antolatzaileek; izena emateko epea irekita dago.

Berenx, Frantzia. Genea 64 izeneko posta zerrendan biltzen diren Iparraldeko genealogistek --64 Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa hartzen dituen Pirineo Atlantikoen departamenduaren zenbakia da-- bilkura egingo dute abuztuaren 18an Akitaniako Berenx herrian. Hitzorduan Frantziako departamentu desberdinetako genealogistek hartuko dute parte, baina gonbidapena Hegoaldeko ikerlariei ere irekia da. Ez hori bakarrik, izan ere, Jean René Yharrassarryk, antolatzaileetako batek, EuskalKultura.com-i azaldu dionez, Diasporako euskaldun talde bat ere bertan izango da.

'Orokorrean internet bidez egin dituzten ikerketak osatzera datozen euskal Diasporako kideak dira eta hemen familiaren sorterria eta senitartekoak ezagutu nahi dituzte', azaltzen du euskal genealogistak. Topaketak zortzigarren edizioa beteko du aurten eta hamaika istorio bitxi sortu izan dira aurreko edizioetan, adibidez iaz parte hartu zuen kanadiar emakumeak bertan deskubritu zuen bere familia bizi izan zen etxea Yharrassarryren arbasoen etxe bera zela. Emakumeak aurten bisita errepikatu egingo du.


Iparraldeko genealogisten bilkura 2
[Giro bikaina Pirineo Atlantikoetako genealogisten aurreko edizio batean]

Topaketaren ekitaldi nagusia bertan parte hartzen dutenen arteko bazkaria izango da. Bazkalostean urtean zehar internet bidez harremanetan izan diren ikerlariek aurkikuntzak azaldu eta informazioa partekatu ahal izango dute. Yharrassarryk azaltzen duenez, partehartzaileetako batzuk euskaraz eta gazteleraz egiten dute eta aukera baliatuz, antolatzaileek Hegoaldeko zein Diasporako ikerlari eta genealogia zaleei bertaratzeko gonbitea egiten diete. Bazkariaren prezioa 28 eurotakoa izango da eta aldez aurretik izena eman beharra dago, e-maila bidaliz,  hona.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero jo Christine Fagalde topaketaren antolatzakuntza taldeko kidearen webgunera, hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia