euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako diseinatzaileei ere deitzen die Durangoko Azokak aurtengo kartela egiteko zabaldutako lehiaketak

2007/05/23

Iazko Azokaren kartelak ongi etorria egiten zien bisitariei
Iazko Azokaren kartelak ongi etorria egiten zien bisitariei

PUBLIZITATEA

Lehiaketa bidez aukeratuko dute Durangon aurtengo Euskal Liburu eta Disko Azoka iragarriko duen afixa edo kartela. Euskal Herriko eta Diasporako diseinatzaileek har dezakete parte lehiaketan, euren lanak posta bidez bidaliz Gerediaga elkarte antolatzailearen Durangoko egoitzara. Irabazleak 1.300 eurotako dirusaria jasoko du eta bere lana Euskal Herri osoko kultur ekitaldi garrantzitsuenetako baten ikurra eta irudia izango da. Lanak bidaltzeko epea uztailaren 13an bukatuko da.
Diasporan, euskal etxeetan edota euskal komunitateen inguruan urtero sortzen dira kartel, iragarki, abisu, liburu eta oro har diseinu lana eskatzen duten lan ugari, euskal kutsudunak zein gabeak. Denok ezagutzen ditugu euskal elastikoak, eranskailuak, edalontziak, txanoak eta abarrak, Diasporan Diasporako artistek egindakoak, azpimarragarriak batzuk. Euskal diseinatzaile horien lanek Diasporan gelditu behar dute? Ezin dute diseinatzaile horiek Euskal Herrian deitzen diren lehiaketetara aurkeztu eta euren ekarpena gutartera garatu? Esaterako, Durangoko Azokak bere aurtengo kartela diseinatzeko deitu duen leihaketara. Gerediagakoekin kontsultatu, eta partaidetza hori arras ongi etorria izango litzatekeela onartu dute.

Hilabete batzuk falta dira oraindik abendurako, baina azoka bultzatzen duen Gerediaga Elkartekoak hasiak dira jada antolaketa lanetan. Aurtengo nobedadeetako bat, lehendabiziko aldiz Azokaren kartela lehiaketa bidez aukeratua izatea. Orain arte, Durangaldeko artistaren bati enkarguz eskatu izan zaio kartela, baina aurten lehiaketa irekia egitea erabaki dute Gerediagakoek, eta BasqueHeritage.com-i azaldu diotenez, Diasporako euskaldunek ere parte har dezakete bertan.

Irabazleak 1.300 euroko saria jasoko du eta bere lana Euskal Herriko ekitaldi kultural garrantzitsuenaren irudi izango da. Uztailaren 13a izango dute partehartzaileek lanak aurkezteko epea. Kartel irabazlea irailaren amaiera aldera emango da ezagutzera. Aurkeztutako lanekin erakusketa bat ere antolatuko du lehenengoz Gerediaga Elkarteak.

Lehiaketaren oinarriak

Lehiaketan parte hartzen duenak lan bakarra, originala, argitaratu gabea eta teknika librekoa aurkeztuko du. Kartelaren tamaina 70 cm x 50 cm neurrikoa izango da, bertikala, ez-etzana alegia. Lanak behar bezala paketatuak aurkeztu behar dira, euskarri zurrun baten gainean muntatuak, epaimahaiak baloratzeko eta, halakorik behar izanez gero, erakusgai jartzeko. Kartelean derrigorrez jarri beharreko testua hau izango da:

42. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Abenduaren 5etik 9ra

Lanak 2007ko uztailaren 13rako (hau ere barne) aurkeztu behar dira. Aurkezteko lekua: Gerediaga Elkartea, Astola auzoa, 26, 48220 Abadiño. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara. Informazio telefonoa: 946 818066. E-maila: gerediaga@durangokoazoka.com. Kartela egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko da eta atzeko aldean eslogana izango du idatzia. Horrekin batera, gutunazal itxi bat aurkeztu beharko da, eta kanpoko aldean, kartelaren eslogana bera idatzita. Barruko aldean,egilearen izen-deiturak, helbidea, telefono zenbakia, e-maila eta Nortasun Agiri, pasaporte edo antzekoaren fotokopia. Antolatzaileek ez dituzte beren gain hartuko lehiaketan parte hartzen duten lanek jasan ditzaketen galera edo kalteak. Lanak igortzeak eta itzultzeak eragindako gastuak ere lehiakideen kontura izango dira. Lehiaketaren oinarriak osotasunean irakurtzeko, jo hona.


Lotura interesgarriak

Durangoko Azoka
www.durangokoazoka.com

Diasporako euskaldunen hitzordua Durangoko Azokan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 14an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia