Donostia-San Sebastián. Urtero bezala urriko lehen asteburuan, Euskal Dantzarien Biltzarrak herrialde osoko dantzarien bilgarri den Euskal Herriko Dantzari Eguna egingo du datorren larunbatean. Aurtengoan, Donostiako Goizaldi taldearen 75. urteurrenarekin bat eginez, jaiaren egoitza hiriburu gipuzkoarra izango da. Edizio honek, gainera, bi donostiar omenduko ditu: Juanma Oronoz dantza maisua eta Tomás Hernández EDBren logoa diseinatu zuen artista, biak azken bi urteotan zendu direnak.
Ehundaka dantzarik beteko dituzte datorren larunbatean Donostiako Alde Zaharreko kaleak. Argentina, Txile, Uruguai eta Saint Pierre eta Mikeluneko euskal dantza taldeak partaide izango dira pantailak lagun
Euskal Herri osoko euskal dantzarien elkarretaratze nagusia den Dantzari Egunaren 2023. edizio honetan zazpi lurraldeetako 50 dantza taldek hartu dute parte eta azpimarratzekoa da Diasporako 5 talde ere partaide izango direla, Argentina, Txile, Uruguai eta Saint Pierre eta Mikelunekoak, hain zuzen, kasu honetan pantaila bidez, beste hainbeste bideo medio. Hauek dira partaide izango diren taldeak:
- Montevideo, Uruguaitik Eusko Indarra Dantza Taldea, Haize Hegoa Euskal Etxea
- Rosario, Argentinatik Gaztedi Zutik Dantza Taldea, Zazpirak Bat Euskal Etxea
- Santiago, Txiletik Txileko Euskal Gizataldea EEko Dantza Taldea
- Buenos Aires, Argentinatik Laurak Bat Euskal Etxeko Dantza Taldea
- Saint Pierre eta Mikelune Euskal Etxeko Orok-bat Dantza Taldea
Euskal Dantzarien Biltzarreko eta ekitaldi honetako koordinatzailea den Erika Garciak adierazi dio EuskalKultura.eus-i antolatzaileak oso pozik daudela "Diasporako dantza taldeeen partaidetza bildu ahal izateagatik beste urte batez", euskal dantzari guztiena "eta beraz baita Diasporakoena ere", den jai handi honetara, azpimarratu du. Pantaila bidezko epartaidetza pandemiarekin estreinatu zen 2020an, urte hartan bilkura osorik birtuala egin baitzen. Diasporako taldeen kasuan, bidea ikasi eta geroztik urtero eutsi egin diote distantzian parte izateari.
Datorren ediziorako izena ematea
"Honek guztiak azpiegitura eta ahalegin ekonomiko berezia" eskatzen dio Euskal Herriko Dantzarien Biltzarrari, "eta izan ere gustu handiz egiten dugu munduan zehar Diasporako euskal dantza taldeek egiten duten ahaleginarekin bat egitearren", aitortu du Garciak, gogoratuz gonbitea irekia dela. Parte hartu nahi duten munduko euskal taldeek aski dute emaila bidaltzea edb-koordinazio@hotmail.com helbidera edo +34 690 812 514 telefono / whatsapp-aren bidez kontaktatzea, dantza eta bideoa adosteko. Aurten, esaterako, Montevideoko Eusko Indarra izango da bilkuran bakarra Tafallako Jota eskaintzen.
Gogora dezagun 2023ko Euskal Herriko Dantzari Eguneko egitaraua joan den igandean hasi zela Donostian eta datorren larunbateko festaldia izango duela momentu gorena. Ostegun honetan 18etan "Goizaldi 75. Urteurrena" dokumentala estreinatuko dute Okendo Kultura Etxean eta larunbatean ehundaka izango dira Alde Zaharreko bazterrak beteko dituzten dantzariak, kabalkada bat eratuz Zuloaga Plazaraino eta 18etan dantza ikuskizun ederra eskainiz. Egun osoan Folklore Azoka bat egongo da zabalik boulevardean, dantza parte hartzaileak egingo dira kioskoan, baita erakustaldiak, kale animazio saioak eta erromeria ere. Ikus programa osoa hemen
Segi ikuskizuna online
Eta erne! Hala nahi dutenek aukera izango baitute larunbat honetako ikuskizuna online zuzenean ikusteko esteka honetan klik eginez. 17:30etatik aurrera izango da, Euskal Herriko ordutegian (Argentinan eguerdiko 12:30ak direnean; Kalifornian goizeko 8:30ak). Bideoa ikusi ahal izango da saioa pasata ere. On egin!