Vitoria-Gasteiz. Azken asteotan iragartzen joan gara EuskalKultura.eus-eko orrialdeetan Aiko Eskolak sarean abiarazi duen lehenengo Euskal Dantza Akademia birtualar eta, beraz, honek munduan barreiatutako euskal dantzari eta dantzazaleentzat dakarren abantaila nabaria. Eusko Jaurlaritzak, bat egin zuen ahalegin horrekin eta akordioa sinatu zuen eurekin, pandemiak baldintzatutako urte honetan eta Gaztemundu bezalako programa propioak bertan behera geratuta, aukera bikain hori euskal etxeetako gazteei helarazteko, beka programa baten bidez, Dantza Munduan izenpean.
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaritzatik, bertako arduradun Gorka Alvarez Aranburuk eskabideen eta parte hartzea eskatu duten --eta lortuko duten, inor ez baita momentu honetan kanpoan utziko-- pertsonen berri eman digu, esanez, behin-behineko datuekin eta eskabide batzuk zehaztear --beraz, zenbakiak zertxobait gora egin dezake-- 171 partaide onartu dituztela gaurko eguneko datuekin, 13 herrialdetatik etorriak.
Kontent azaldu da, balioespen ona eginez lortutako oihartzunaz, itxaropentsu agertuz ekimenak euskal etxeetan izan dezakeen inpaktu eta eragin positiboaz eta efektu biderkatzaileaz.