euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporak zuzenean eta internetez segitu ahal izango du larunbatean Hazparneko Mendiague pastorala

2012/09/04

'José Mendiague' pastoralaren Arrokiagako bi emanaldiek jendetza polita bildu zuten Xiberoko herri honetara uztail hondar eta agorril hastapenean (argazkia Gaizka Iroz-Naiz.info)
'José Mendiague' pastoralaren Arrokiagako bi emanaldiek jendetza polita bildu zuten Xiberoko herri honetara uztail hondar eta agorril hastapenean (argazkia Gaizka Iroz-Naiz.info)

PUBLIZITATEA

Arrokiaga Herri zuberotarrak 'José Mendiague' pastoralaren hirugarren eta azken emanaldi bat taularatuko du datorren larunbatean, Hazparnen, Zuberoatik kanpo, beraz, Mendiague hazi zen herri lapurtarrean. Euskal Herrian direnek izango dute bertara biltzeko aukera. Diasporari lotua den obra denez, ordea, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute Diasporara ere hel dadin, eta asteburuko emanaldiaren irudiak eman eta internetez zabalduko dira, mundu osotik ikus ahal izan ditzaten, larunbat arratsaldetik hasi eta baita igandean ere. Honekin, erraztasuna eman nahi izan dute, euskal etxeetako euskara ikasleek eta talde euskaltzaleek taldeka bildu eta Mendiague eta pastoralaren inguruan bildu ahal izan ditezen, solasa ere sortuz gai hauei buruz.

Hazparne, Lapurdi. Jose Mendiague Diasporak eman duen hiru bertsolari eta olerkari handienetarik aipatzen dute adituek, Iparragirre eta Otañorekin batera, baina hala ere Diasporan zein Euskal Herrian bertan bere obra eta ibilbidea ezezaguna zaie oraindik jende gehiegiri. Gabezia eta hutsune hau gainditzeko aukera aparta heldu da datorren larunbatean, Jose Mendiague pastorala eskainiko baitu Arrokiagako herriak Hazparnen, eta Kanaldude Iparraldeko herri telebista bertan izango da eta internetez ikusteko aukera emango du.

Aukera polita izan daiteke --eta honela planteatu dute antolatzaileek-- Diasporako eta bereziki Mendiague ibili zen Hego Ameriketako herrietako euskal etxeetako euskara ikasle eta talde euskaltzaleak pantailaren ingurura bildu eta obra taldeka ikusteko eta, zergatik ez, ondoen eta bitartean obra bera eta aztertzen dituen gaiak --hala nola Mendiague, euskara Diasporan, duela ehun urteko Diaspora eta orduango giro euskaldun eta euskaltzalea... edota pastorala bera Zuberoako euskal antzerki tradizional forma berezi gisa-- aipagai hartzeko eta euren inguruan eztabaidatzeko.

Hori guztia errazte arren, internetez egingo den emanaldiak azpitituluak izango ditu gaztelaniaz, ahalik eta jenderik gehien erakartzeko proposamen honetara eta aipatu pastorala eta gaien ingurura.

Emanaldia, berez, larunbatean arratsaldeko hiru t'erdietan hasiko da, baina ez da etengo eta igandean ere segituko du, beti ere Euskal Herriaren eta Diasporaren artean dauden ordu-aldeen arazoa ere gainditu nahirik, besteak beste.

Lerro hauek irakurtzen ari zaren hori Euskal Herrian bazaude eta bertaratzeko xantza baduzu, badakizu azken aukera izango duzula pastoral hau zuzenean segitzeko (ikus beherako Hazparneko egitarauaren xehetasunak).

Internetez segitu nahi baduzu, hona lotura:
http://www.kanaldude.tv/Jose-Mendiague-Pastorala-Hazparnen_r32.html

HAZPARNEko EGITARAUA

10:30 Meza, pastoraleko jokalariekin
          Messe avec les acteurs de la pastorale

11:30 Ibilaldia karriketan
          Défilé dans les rues

12:30 Bazkaria ezker paretan
          Repas au mur à gauche

15:30 JOSE MENDIAGUE PASTORALA
herriko pilota plazan: € prezioa 12

20:00 Pesta gaualdia deneri idekia : taloak, ostatua
Animazioak: kantuak, dantzak…

Soirée festive ouverte à tous : taloa, buvette
Animation : chants, danses …

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia