euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporak bat egingo du, aurten mende laurdena betetzen ari den Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiarekin

2008/05/10

Bihar egingo den Herri Urrats jaialdiaren 25. edizioa Buenos Aireseraino iritsiko da gaur bertan, eta Parisera itzuliko da hilaren amaieran
Bihar egingo den Herri Urrats jaialdiaren 25. edizioa Buenos Aireseraino iritsiko da gaur bertan, eta Parisera itzuliko da hilaren amaieran

PUBLIZITATEA

Azken momentuko xehetasunak prestatzea besterik ez da falta Lapurdiko Senpereko lakuan Herri Urrats jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko. Iparraldeko ikastolen aldeko jai honetan, urtero bezala, ekintza ugari burutuko dira bihar igandea, egun osoan zehar: musika kontzertuak, erakusketak, artisau postuak, gazteentzako jarduerak, bertsolariak... Buenos Airesen, berriz, Iparraldeko Euskal Etxeak bere jaialdi propioarekin bat egingo du gaur bertan deialdiarekin, jokoak, zozketak eta dantzak eta umore on euskaltzalea nagusi izango diren festa antolatuz. Pariseko Eskual Etxeak ere bi eguneko jarduera programa antolatu du, kasu honetan hilaren 24 eta 25erako.
Ipar Euskal Herriko ikastolen alde urtero Senperen (Lapurdi), bertako laku edo aintziraren inguruan antolatzen den Herri Urrats jaiak bere hogeita bosgarren edizioa ospatuko du aurten. Jaia eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko eguna izateaz gain, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko ikastolei laguntasun ekonomiko polita ekartzen dien ekimena Senpereko aintzirak dituen lau kilometroko ibilbidean gauzatuko da beste urte batez, zazpi gunetan banaturik, hurrenez hurren Araba, Gipuzkoa, Lapurdi, Bizkaia, Nafarroa, Zuberoa eta 'haurren xokoa' deiturikoak.

Musika kontzertuak gune gehienetan eskainiko dira eta arituko diren taldeen artean aipagarri dira Betagarri, The Uski´s, Celtas Cortos, Esne Beltza eta Burrunka, besteak beste. Aipatzekoak dira baita ere Peio Serbielle eta Maialen Errotabehe kantarien emanaldiak. Ohi denez, aurtengo edizioan ere ez dira faltako liburu eta diskoen salmenta postuak, bertsolariak, euskal dantza eta jokoak, pailazoak, magoak, gazteentzako jarduerak eta Afrikako dantzak eta perkusioak uztartzen dituen ASCA taldearen partaidetza.

Buenos Airesen gaur eta ondoren Parisen

Muga guztiak gaindituz, Herri Urrats jaialdiaren ospakizuna Argentinako Buenos Aireseraino iritsiko da gaur bertan, hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxearen eskutik, iragan urtean gertatu bezalaxe. Jaiari gaueko bederatzi t'erdietan ekingo diote, zozketa, joko eta dantzekin. Afari legea pasatzeko, pintxoak, hanburgesak, izozkia, ardoa, kalimotxoa, gaseosa eta zurrakapotea ere eskainiko dira, aipatu euskal etxearen Moreno 1370eko egoitzan.

Parisen ere, bertako Eskual Etxearen eskutik, Herri Urrats-ek presentzia propioa eskuratuko du, bi eguneko ekitaldi programarekin, maiatzaren 24 eta 25ean. Larunbat horretarako, sukaldaritza txapelketa egitarautu dute antolatzaileek eta arratsaldean, berriz, lauetatik aurrera, 'Nomadak TX' filmea eskainiko dute. Biharamunean, igandean, euskal kultur animazio eta jarduerek osaturiko ibilaldi batean parte hartzeko deia luzatu da, goizeko bederatzietatik aurrera. Eguerdian, lehenik hamaiketakoa eta ordu biak aldera bazkaria antolatuko dute Eskual Etxean, arratsaldeko lauetan euskal filme eta karaoke batekin aurtengo Herri Urrats jaialdiari amaiera emateko.


Lotura interesgarriak

Herri Urrats 2008
www.herriurrats.com

Seaska, Iparraldeko Ikastolen elkartea
www.seaska.info

Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak Herri Urrats ospatuko du
2008ko maiatzaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana

Diasporak Herri Urrats ospatuko du
2007ko maiatzaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia