Donostia-San Sebastián. Diasporako euskaldunak asteburu honetan hasiko dira ospatzen Aberri Eguna, historikoki munduko euskal etxeetan tradizio handia izan duen festa. Immigranteek sorturiko elkarteetan sorterriari maitasuna eta herrimina sentimendu ohikoak dira eta festa hau horiek erakusteko eta arintzeko unerik aproposena izan ohi da. Horretarako, bazkariak, festak eta zenbait kultur jarduera egingo dira munduan zehar.
Horrela egingo dute, esaterako, Kuban. Habanako Euskal Etxeak atzo hasi zituen Aberri Eguneko ekitaldiak eta Euskal Aste oso batekin ospatuko du festa.
Miami eta New York
Estatu Batuetan ere ospatuko dute jaia bertako euskal etxeek. Esaterako, Miamin, Euskal Etxeak piknik baterako deialdia egin du igande honetarako. Royal Palm Island-en egingo da festa.. Bazkaria egingo dute, laku ondoko paraje ederrean eta, ondoren, festa.
New Yorkeko Eusko Etxeak ere asteburu honetan ospatuko jaia, igandean. Elkarteak bazkarirako deia luzatu du, Brooklyneko egoitzan. Elkarteko taberna ordubatetan irekiko da eta ordubitan bazkaria egingo dute. Bazkalostean, dantza eta musika, DJak animatuta.
Mexiko, Caracas edo Necochea
Mexiko DFn ere igandean egingo dute festa, Polanco auzoko Euskal Etxean egingo den bazkariarekin. Caracasen, Venezuelan, Eusko Etxeak ez du kalerik egingo, festa hau elkartearen hitzordu nagusienetakoa baita. Euskal etxeak urtero urtero ospatu du Aberri Eguna, 1939an aurreneko erbesteratua heldu zirenez geroztik. Igandean eguneko egitaraua meza elizkizun batekin hasiko da; ondoren, lore-eskeintza, hereserkiak eta aurreskua; jarraian, pilota partidak frontoian eta, eguna amaitzeko, herri bazkaria eta festa. Antzekoa egingo dute Caraboboko Eusko Etxean.
Necochean, Argentinan, Eusko Etxeak ere igandean ospatuko du Aberri Eguna. Egitaraua honakoa izango da: 11:00tan meza Andra Mari elizan; ondoren, omenaldia eta lore eskaintza hiriko Gernikako Arbolaren kimuan; eta, amaitzeko, txikiteoa euskal etxean.
Igandean bertan, baina Txileko Santiagon Aberri Eguna ospatuko dute urtero legez, San Cristobal mendiko Euskaldunen Enparantzan. Hilario Olazaran Txistulari Taldeak antolatu du ekitaldia, eta, iaz bezala, herri mapuche, zelta, kataluniar eta palestinarrekin senidetze ekitaldia egingo da.
Apirilaren 10ean Buenos Airesen, Euskaltzaleak-ek Aberri Eguna ospatzeko ekitaldi berezia egingo du, zine-emanaldi batekin. Ikusgai izango dira honako filmak: "Aberria", Gotzon Elorzaren laburmetraia, eta "Jostunak" dokumentala. Ondoren mahaingurua egingo da (20:00, B. de Hirigoyen 826).
Txileko Santiagoko Euzko Etxeak 12an, igandea, sopatuko du, egun osoko programarekin, eguna Euskal Meza batekin hasiz, bertako Euskal Abesbatzak kantatua, eta ondoren Vicuña MacKennako euskal egoitzara pasatuz, bertan euskal dantzak --Itxaropen Gaztearen eskutik--, musika, bazkaria, hitzaldiak eta giro oneko egun alaia igaroz.
Apirilaren 12an bertan, Las Vegaseko Lagun Onak Euskal Etxearen Aberri Eguneko festaren txanda izango da. Bazkaria egiteko bilduko dira elkarteko kideak, 15:00tan, hiriko German American Club delakoan.
Hitzordu hauek adibideak baino ez dira, mundu osoan hamaika izango baitira Aberri Eguna ospatuko duten euskal etxe eta gizataldeak.