euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Far Westeko Euskal Ahotsak' aztergai gaur Huheziren Literatura Egunean; jarrai ezazu zuzenean internet bidez

2010/11/11

Literatura Egunarekin batera Huhezik aste honetan egin duen erakusketaren kartela
Literatura Egunarekin batera Huhezik aste honetan egin duen erakusketaren kartela

PUBLIZITATEA

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (Huhezi) antolatuta, Literatura Eguna egingo dute gaur Eskoriatzan. Euskaldunek AEBetako Mendebaldean sortutako literatura aztarnak dira topaketaren gaia eta besteak beste, Gloria Totoricagüena boisetarra; Frank Bergon idazle euskalamerikarra eta Miel Anjel Elustondo bezalako adituak izango dira bertan, Bernardo Atxaga idazlearekin batera. Musikarik ere izango da: 'Amuma Says No' talde idahotarrak skype bidez emango du kontzertua eta Audience gernikarrak zuzenean ariko dira. Bertan izan nahiko zenukeela? Mondragon Unibertsitateko telebista bidez, 9:30etatik aurrera zuzenean ikus dezakezu interneten.

Eskoriatza, Gipuzkoa. Diasporak berebiziko lekua izango du gaur Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatea egingo den Literatura Egunean eta nahi duenak zuzenean internet bidez jarraitu ahal izango du MUtb telebistaren bidez. Jardunaldiaren antolatzaileak Mondragon Unibertsitatean 'Euskaldunak munduan zehar' Diasporari buruzko hautazko ikasgaia ematen duen Monika Madinabeitia eta Arantxa Ozaeta Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika ikasgaien irakaslea izan dira. "Aspalditik genbiltzan Literatura Astea Diasporari eskaintzeko gogoz eta aurten, nahiz eta arrazoi ekonomikoengatik astea egun bihurtu behar izan dugun, unea zela erabaki dugu", azaldu dio Ozaetak EuskalKultura.com-i.

Jardunaldia 9:15etan hasiko da, Huheziren Areto Nagusian. Gloria Totoricagüena boisetarrak hasiko du saioa, 'Elegir ser vasco: identidades transnacionales en la diáspora' hitzaldiarekin. Totoricagüena Diasporan aditua da eta Renoko Unibertsitateko Center For Basque Studies zentroko zuzendaria izan zen. Ondoren, 10:30tan, Miel Anjel Elustondo kazetariak 'Basque boulevard: Kaliforniatik Idahora, Nevada eta Oregonen barrena' aurkezpen multimedia egingo du, bere bidaietan bildutako bideo eta argazkietan oinarrituta. 

Eguerdiko 12.00tan Frank Bergon idazle euskal-amerikarrak 'The adventures of a Basque-American novelist' hitzaldia eskainiko du eta topaketako hitzaldien tartea itxiz 15.00tan Bernardo Atxagak 'Urrutiko kontaera hurbilak' gaia jorratuko du, Asun Garikanoren 'Far Westeko Euskal Herria' liburuko pasarteak irakurriz.

Musika eta ispilu-jokoak

Arratsaldean musika izango da Literatur Egunaren protagonista. Diasporak ere lekua izango du hemen eta 16:00tan Boiseko 'Amuma Says No' taldeak skype bidez aurkezpena eta kontzertua eskainiko ditu. Ondoren Gernikako 'Audience' taldeak , oraintsu estreinatua izan den 'Amerikanuak' filmaren soinu-banda egin duen taldeak, kontzertua emango du.

"Gloria Totoricagüenaren familia gernikarra da jatorriz eta Gloriak Boisen euskalduna izatea zer den azalduko digu. 'Amuma Says No' taldekoen aurkezpenean Jill Aldapek euskaraz egingo du eta taldeak, ohi duen bezala, euskaraz kantatuko du. Audience talde gernikarrak aldiz, ingelesez kantatzen du, baina abestien aurkezpena beti euskaraz egiten du. Denak bilduta ispilu-jokoa egingo dugu, euskaldun izateko era desberdinak erakutsiz", azaltzen du Ozaetak. 

Diasporaren argazki gaurkotua

"Bernardo Atxagak bere emazte Asun Garikanoren liburuko pasarteak irakurriko ditu, Asun berak ezin izan baitu etorri. Asunek Center For Basque Studies-eko artxiboetan gordeta dauden Ameriketara joan ziren euskaldunen testigantzak 'Far Westeko Euskal Herria' liburuan jaso zituen. Topikoak apurtzen dituzten istorio pertsonalak dira, denak ez ziren artzain ameriketaratu eta", aipatzen du.

"Miel Anjel Elustondok, berriz, Ameriketako euskaldunen argazki gaurkotua ekarriko digu. Berak, Barandiaranek zioen bezala etnografia hankekin egin du, ez liburuekin. Bere bidaietan 1go eta 3. belaunaldiko euskal amerikarrak elkarrizketatu ditu, beraien ahotsak jasoz, eta hori da ekarriko diguna. Aurkezpen multimedia bat egingo du, argazkiekin eta bideoekin", gehitzen du Ozaetak.

Internet bidez ikusgai zuzenean

Jardunaldia irekia da eta ikasleei Diasporako euskaldunen berri ematea du helburu. "Ez da gai oso ezaguna gure ikasleentzat eta horren berri izan dezaten nahi dugu. Ez dugu ur sakonetan sartu nahi, lehio bat irekitzea baizik", azaltzen du irakasleak.

Literatura Eguna internet bidez zuzenean ikusgai izango da MUtb telebistaz, bihar Euskal Herriko 9:30etatik aurrera (09:30 GMT).



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia