euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diaspora partaide Goizaldirekin Donostiako Aste Nagusian Xabier Zubillaga dantzari necocheatarraren bitartez

2023/08/17

Goizaldiren ikuskizuna abuztuaren 14an Donostiako Aste Nagusian, Xabier Zubillaga euskal argentinarra dantzari beteranoenen artean
Goizaldiren ikuskizuna abuztuaren 14an Donostiako Aste Nagusian, Xabier Zubillaga euskal argentinarra dantzari beteranoenen artean

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Uda da Euskal Herrian eta urtero bezala asko dira sasoia baliatzen duten Diasporako euskaldunak euren erroen herrialdera bildu, familia bisitatu, bertako festetan parte hartu, eta gainerako euskal herritarrekin batera udaren onurez gozatzen dutenak. Donostian, bertako Aste Nagusiaren baitan eta EiTBko kamerak lekuko zirela, emanaldi berezi bat eskaini zuen joan den astelehenean Goizaldi dantza talde donostiar erreferentzialak, sortu zela 75 urte ospatzen ari den urtean. Egungo taldeak, egungo dantzari gazteek, dantzatu zuten, dantzari beterano talde bat lagun zutela, Goizaldiko dantzari ohiak. Horien artean —beteranoena zen gainera— Xabier Zubillaga Zubillaga necocheatarra zegoen, Diasporaren ordezkaria de facto 70 dantzari bildu zituen ikuskizunean, horietarik 25 beteranoak eta 20 musikari lagun.

Aita Francisco errenteriarra eta ama Barbari hernaniarra, Xabier Zubillaga, Necocheako euskal bizitzari oso aktiboki lotutako Zubillaga familiako kide da, Buenos Aires probintzia hegoaldean. Aita Euzko Etxea sortu zutenetakoa izan zen, elkarteko lehenengo Zuzendaritza Batzordeko kide eta bertako dantza taldeko sortzaile 1941ean. Aurrekari horrekin, Xabierrek umea zenetik dantzatu zuen Euzko Etxean, bere arreba Arantxak bezala, eta iloba Lorea, Marcial, Iñaki, Ainhoak ere bere lehengusuek bezala.

Euskal dantzariak Argentina eta Boisekoak

Euskaldun eta euskaltzale, Xabier euskaltasunarekin eta euskal tradizioekin harreman sakonean hazi zen Necochean, Euskal Herrira ere bidaiaturik. EuskalKultura.eus-ekin solaskide, azaltzen du Donostian urte haietan "dantza ikastaro baten ondoren, Diasporako beste gazte batzuk ezagutu" zituela, kasu honetan Estatu Batuetakoak, eta harremanetan segitzen duela gaur egun ere eurekin, "Boisekoak ziren, John Bieter, John Ysursa eta Megan Donahue bezalako jendea", geroago, denborarekin, euren euskal komunitateetan eragile baliotsu baieztatuko zirenak. Orduan, eurak Boisera itzuliko ziren eta bera Euskal Herrian gelditu zen, besteak beste Enpresaritza karrera ikasiz eta Goizaldiko kide bilakatuz zenbait urtez. "Bavariara egin genuen bidaia baten ondotik", gogoratzen du, utzi zuen taldea, geroago Argentinara itzuliz.


Xabier Zubillaga prestatzen oholtzara ateratzeko joan den astelehenean Donostiako Konstituzio Plazan

Zubillagak aitortzen du Diasporakoa izatea eta Goizaldirekin entseatzea, "aurresku txapeldunekin, hala baitziren orduko Pontesta, Arregi, Sanchez... eta orain Salamanca-eta, erabateko luxua jo izan dut beti", "urte haietan Maradonarekin entrenatzen ibilitzearen pareko", alderatu du grafikoki. "Esperientzia ahaztezina izan zen, giro euskaldunean bizi ahal izatea gainera, pertsona talde bikain batekin", gogoratzen du. 2000ean Goizaldik Argentinara egin dituen bi bidaietako lehena egin zuen eta Xabierrek berriz izan zuen Goizaldirekin dantzatzeko aukera, Necochean. Eta 2023era etorrita, Euskal Herrian egiten ari den hilabete batzuetako egonaldian, jakin zuen dantzari ohiek ere dantzatuko zutela Aste Nagusian, eta guztien pozgarri izan zen. Sakonki eskertu zuen gonbitea, berriz Goizaldira bildu eta emanaldi honetan parte hartu ahal izatea, "euren ispiluak ikusi, entseguak berriz ere bizi ahal izatea...".

"Nire bizitzako egun hunkigarrienetako bat"

Eta joan den astelehena iritsi zen, emanaldiaren eguna. Berezia oso berarentzat, zalantzarik ez du esatean "nire bizitzako egun hunkigarrienetako bat" izan zela. Plaza betea dantzatzea Donostiako leku esanguratsu horretan Aste Nagusian, telebista bertan, hainbeste dantzari eta musikarirekin... Mugarri gisa kontsideratzen du, azken agur moduko bat ate handitik, dantzari, egiari zor, inork azken egurrik egiten ez badio ere. Urduritasuna, bozkarioa eta malkoak ekidinezinak gertatu zitzaizkion, eta gogoratu eta kontatzearekin hunkidurak dardaratu egiten dizkio hitzak.


2000an Necochean Argentinako Euskal Aste Nazionalean parte hartu zuen Goizaldiko taldea


Joan den astelehenean, abuztuaren 14an, Donostian dantzatu zuen Goizaldiko taldea

Apur bat gehiago sakontzen dugu bere euskal erroekin tinko engaiatutako euskal argentinar honen sentimentuetan, eta esaten digu beti bizi izan dela, bizi dela eta biziko dela euskal kultura eta nortasuna sustatzearekin konprometituta, partekatu nahirik, zabaltzen eta eragin nahirik euskal kultura ondarearen aberastasuna loratu dadin eta ongarri izan dadin munduan presentzia duen lekuetan; baina bere konpromisoa badela baita ere Diaspora ezagunagoa eta errekonozituagoa izan dadin Euskal Herrian, askotan gertatzen den desezagutzak min ematen baitio. Amesle bat da, aitzindaria, eta bere bizipen eta esperientziek, urte hauetan euskal gizataldearen mesedetan egiten joan den proposamenek hala nabarmentzen digute, askotan aintzakotzat hartu ez badituzte ere. Buenos Airesen Garapenari Lankidetza emateko Euskal Institutuko zuzendari izan zen Xabierrek, FEVAko Zuzendaritza Batzordeko kide eta Necocheako Euzko Etxeko batzordekide izan zenak, ez dauka gaur egun kargu edo ardura instituzionalik euskal komunitatearen barruan, euskaltasuna maila berean bizi badu ere, eta bere kezka, gogoeta eta engaiamenduek aktibo jarraitu arren.

Diasporaren Eguna, Korrika, Ballet Nazionala, Danborrada...

Hainbat ideia proposatu izan ditu urteetan zehar. Gogora dezagun beste hainbat ekimenen artean, Xabier Zubillagak, 2003ko Kanpoan diren Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrean proposatu zuela, esaterako, Euskal Diasporaren Eguna antolatzea; 2015ean gogor saiatu zela Korrika Diasporatik, Argentinatik, atera zedin, gero jauzia eman eta Euskal Herrira pasatzeko —"iritsiko da eguna", diosku—; eta berak, bere sos eta baliabide pertsonalak erabiliz Necochean ikastola-eskola bat sortu zuenak, Ikastolen Nazioarteko Sare bat antolatzeko proposamena plazaratu zuela urte berean... Izan ere, ez da bera ideiak plazaratu eta geldirik geratzen dena, pertsonalki eta bere ahalen arabera bustitzen baita. 2018an, euskal dantza ikuskizun bat sortzearen onurak ikustarazten saiatu zen eta 'Dantza' filmaren harira, 'Euskal Ballet Nazional' moduko bat sortu eta garai batean Eresoinkak egin bezala munduan erakustearren, modu bateratuan, proiektu nazional gisa, osatuz agian ikuskizunak Diasporako dantzariekin. Korrikaren kasuan, antolatzaileekin mintzatu zen zuzenean, emaitzarik gabe orain arte. Eta ez da batere ezaguna, besteak beste apaltasuna ezaugarri baitu, Necocheako Danborrada Donostiarrari dagokionez egin zuen lan eraginkorra, Donostia, Gaztelubide eta Diasporaren arteko harremanak estutuz.

Horixe, bada. Joan den astelehenean, Xabierren bidez, Diaspora partaide eta izerdikide izan zen, beste behin, euskal ekitaldi berezi batean, Goizaldi donostiar talde enblematikoak bere 75. urteurrena ospatzen ari den honetan plazaratutako emanaldian, Aste Nagusiaren baitan, Ama Birjinaren bezperan, Konstituzio Plazan, ikuskizunaren hunkipena bizi eta partekatuz, belaunaldi diferenteak sokakide eta lekukoa pasatzen, eskuz esku, Euskal Herrian bezala Diasporako hainbat euskal etxetan Korrika garaian jendaurretzen duten bezala milaka euskaldunek, eta dantza talde eta dantzariek; Xabierrek bezala, modu besternkoi eta ez-interesatuan, barnean bizi eta sentitzen dutelako, taupadaka, bihotzez.

Eskerrik asko, Xabier!



Komentarioak

  • Segi hola Xabier

    Orain arte hola, segi hola urte askoan, Xabier, zauden lekutik zure onena ematen. Euskal Herria eta diaspora harro gaude zutaz eskerrik asko

    Mariana (Errenteria), 2023/08/20 23:46

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia