euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diaspora gertukoa duen Juan Inazio Zulaika puntista ohia: «Pilota profesionala sehaskara itzuli da berriz; atzera egin du»

2020/11/23

Juan Inazio Zulaika (arg Andoni Canellada-Foku, Berria)
Juan Inazio Zulaika (arg Andoni Canellada-Foku, Berria)

PUBLIZITATEA

Jakin-minak ez du erretirorik hartzen. Zulaika II.aren kasuan ez, behintzat. Urteetako eskarmentuan oinarriturik ari da Jai Alaiari buruz, 1988ko grebaz, oraingoaz, bere blogaz, eta ondu nahian dabilen liburuaz. Zenbat gauza ikusten dituen kontrakantxatik. Honako elkarrizketa Berriak argitaratu zuen atzo. Diaspora gertutik ezagutzen duen andoaindarrak Enekoitz Telleria Sarriegi kazetariaren galderei erantzun die.

Enekoitz Telleria Sarriegi. Elkarrizketatuak elkarrizketatzaileari elkarrizketen generoari buruz egindako proposamenarekin hasi da elkarrizketa: «Irakurri duzu Gay Taleseren Frank Sinatra Has a Cold ? Zeinen ederra den, zeinen formatu iraultzailea». Juan Inazio Zulaikari (Andoain, Gipuzkoa, 1956) medailan «puntista ohia (ez bakarrik)» jartzeko gogoa ematen du. Berdin dakartzalako mahaira Gillermo eta Piston puntistak, edo Ginsgberg eta Kerouac Beat belaunaldiko idazleak. Frontoi baten izena eskatu eta «Gernikakoa» esan du. Puntista baten izena eskatu eta «Tximela». Jai Alaiari blues doinu bat beharrean jazz doinu bat jartzeko eskatu eta Miles Davisen Kind of Blue: «Magia du haren soinuak».

Tolosan hasi zinen zu?

Eskolapioetan eskolan, eta Beotibarren pilotan. Aita oso pilotazalea zen. Ikusi genuen han bazela zesta-punta eskola bat, Andoaingo Rafael Elizondok sortua. Ehunka puntista irten ginen handik.

Zulaika I.a anaia, Zulaika II.a zu.

Txundituta gelditu ginen frontoia ikusi genuen lehen egunean. Han zaildu ginen. 8-9 urterekin hasi nintzen lezioak hartzen.

Eta debuta 14 urterekin!

Orduan normala izaten zen. Batzuk lehenago ere bai: Gillermo, Piston... Los niños pelotaris deitzen zieten talde bat bazen, Mutrikutik Madrilera eraman zituzten, galtza motzetan oraindik.

Zu ere hor nonbait Zaragozara.

Eskola utzi nuen, aitari agindu nion batxilergoa amaituko nuela... eta akabo. Hasi bezain pronto ikusi genuen hori zela gure bidea. Entzuten genuen nola jokatzen zen Filipinetan, AEBetan, Mexikon... Madrilera etortzen ziren debuta egindakoak, eta haiei begira egoten ginen gu, txundituta.

Eta Milanera hurrena. Salto handi samarra?

Artean Zaragoza herri handi bat zen, eta Tolosako familia batekin bizi ginen pentsioan. Etxean bezala geunden. Italiara joatea beste mundu batera jauzi egitea izan zen. 1971 zen. Frankismoa. Mundu txikia eta itxia zen gurea. Ez genuen ezeri buruzko informaziorik. Ez harremanei buruz, ez sexuari buruz...

Bakarrik joan zinen?

Javier Riaza beasaindarrarekin. Kontratua lortu genuen biok Zaragozan. Trena hartu genuen Hendaian, eta hogei bat ordu egin genituen Milaneraino. Paper mutur batean helbide bat. Ez genuen besterik. Taxilari bati eman genion, eta auskalo zenbat buelta eman zizkigun hirian. Eztabaidan hasi ginen. Diru mordo bat kendu zigun. Eta iritsi ginen, halako batean. Ostatu batean hasieran, eta beste bi kiderekin pisu batean gero. Gauero jokatzen genituen kinielak, baina erritmo lasaiean.

Hiria ezagutzeko erritmo egokia.

Italia aurkikuntza ikaragarria izan zen. Zinema, irakurzaletasuna... Mundu berri bat zen. Egunero zerbait deskubritzea.

Bartzelonara handik.

Eskarmentu apur bat banuen ordurako. Pilotarien koadroa ere handiago zen han, mugimendu gehiago zegoen. Hiria ere ederra zen. Ikasteko toki aproposa. Akademia batera joaten nintzen han margotzen ikastera. Lagun durangar batekin, trena hartu eta Costa Brava aldera joaten ginen margotzera.

Bartzelonan ondo, baina jomuga beti zen amets amerikarra?

Hori da. Bazeuden aukera gehiago: Tijuanara joatea, Filipinetara joatea, Indonesiara... baina horiek beste maila batekoak ziren. AEBak ziren jomuga. Bartzelonan, Fernando Azpiri aritzen zen orduan ikuskatzaile lanetan. Haren bidez, Tampara joateko kontratua lortu nuen. 16 urte nituen.

Eta sekulako ilusioa.

Anaiari galdetzen nion hangoari buruz. Argazkiak eta frontoiko programak bidaltzen zizkidan. Eta behin hara joanda, bizimodu erabat ezberdinarekin egin nuen topo: bakoitzak bere etxetxoa zeukan, eguraldi bikaina... Askatasun erabatekoa zen.

Egokitzeko denbora beharko zenuten?

Zentzu guztietan. Hango girora; neskak... gu ez geunden ohituta. Zer zen hura! 1974an hasi ginen jokatzen. Bi urtera goraka hasi nintzen egiten koadroan. 20 urte nituen. Baina ez nengoen asetuta. Nire izaerak beti eraman izan nau jakin-minera.

Eta ikasketak amaitu zenituen?

Batxilergoa amaitu nuen han, college-an hasteko ezinbestekoa baitzen. Bazegoen nagusientzako programa publiko bat, eta han izena emanda bukatu nuen. Gero hasi nintzen college-eko eskola suelto batzuk hartzen. Pilotarekin uztartu beharra neukan, baina aurkikuntza bat izan zen hango hezkuntza sistema. Ni Eskolapioetatik erdi traumatizatuta irten nintzen. Metodoa zen: egurra eta errieta. Eta hara joan eta kontrakoa: irakasleak laguntzeko eta irakasteko zeuden. Gustura joaten nintzen eskoletara.

Euskal Herrira bueltatzen zinen?

Pil-pilean zegoen orduan Euskal Herria, eta begi batekin beti egoten nintzen hona begira. Zenbat amets orduan, borroka, ETA... asko segitzen nuen. Ez nuen nire burua AEBetan bizitzen ikusten urte osoan, anaia bezala. 1977an Connecticutera joateko kontratua lortu nuen, Bridgeportera. Sei hilabetez jokatzen zen han. Oso ongi irabazten zen han. Eta horrek ematen zidan aukera Euskal Herrira etortzeko. Bidaia horietako batean ezagutu nuen emaztea.

Eta elkarrekin bueltan hara?

Hori da. Bridgeporten jaio zen seme zaharrena. Joan eta etorrian jarraitu genuen.

1988a iritsi zen arte.

Bizitza aldatu zigun lurrikara.

Greba bat? Mugarri bat? Abiapuntu bat? Amaiera bat?

Dena batera. Ekaitz perfektu bat.

Eta zu ekaitzaren erdian?

Erdi-erdian. Hantxe, Bridgeporten sortu baitzen txinparta. Eguerdiko funtzioan deitu zigun Pedro Larretak. Manifestu bat irakurri zuen. Soldatak hobetu ezean, gose greban hasiko zela zioen. Ez genuen oso serio hartu. Enpresak jakin zuenean, hegazkinean sartu eta Gernikara bidali zuen.

Baina txinparta piztuta zegoen.

Egun gutxira heldu zioten gazte batzuk haren erreibindikazioari, hainbat frontoietakoekin bilerak egiten hasi ziren, pilotarien elkarte bat sortzeko asmoa mahai gainean jartzen... Mugimendu moderatu bat zen hasieran.

Gerora, ez.

Elur bola baten modura hasi zen maldan behera, eta handik hilabetera grebara joan ginen.

Eta denera zabaltzen hasi.

Hamalau frontoi. 600 pilotari. Hasiera hartan eszeptikoagoak ginenak ere harrapatu egin gintuen olatuak. Konturatzerako olatuaren barruan geunden, eta hankaz gora. Presioa egin behar zela, indarra bagenuela... Sortu zen halako euforia sentsazio bat, mezuetan, diskurtsoetan... Soziologoek jakingo dute hobeto, baina beste mekanismo batzuk sortzen dira hor, nik ezagutu dut neure baitan, eta kalentura horretan beste bat bihurtu nintzen.

Enpresa mugitzen hasi zen.

Amateurrak kontratatzen. Gure itsutasun horretan, gauza askoz ez ginen konturatu. Pentsa: gure xisterak saldu genituen. Garestiak ziren. Baina nori? Estralurtarrei? Ez. Gazte amateur horiei. Gu pozik salduta, baina haiek jokatzeko amorratzen. Gu konturatzerako sartu ziren frontoi barrura. Gu kanpoan pankartekin, eta haiek barruan pilotan. Ordurako, makineria guztia martxan jarrita zegoen pro-bussines (enpresaren alde). Han hasi zen sokatira.

Sokatira luzea. Hiru urtekoa.

Itxura txarra hartzen hasi ginen batzuk. Enpresek epaileen esku utzi zuten dena. Sindikatutik esaten ziguten lasai egoteko, denak bueltatuko ginela, dirua atzera eraginkortasunez bueltatuko zigutela, irabazita zegoela hura... Eta han segitu genuen piketeetan. Zero azpiko tenperaturekin, frontoiaren kanpoaldean egunero.

Noiz arte iraun zenuen zuk?

Urtebete egin nuen. Emaztea eta haur txikia nituen. Esan nuen: «Hemen jai daukat. Ezin dut jasan». Kale itsu bat bihurtu zen hura. Beste erremediorik gabe ibili beharreko kale bat.

Errekuperatu da inoiz zesta-punta ordutik?

Testuinguru hartan, beste apustu mota batzuk sortu ziren. Indiarren erreserbetan sekulako kasinoak ireki zituzten, loteriak... Jai Alaiak apustuen monopolioa zuen: zesta-punta, zaldi lasterketak eta txakur lasterketak. Bat-batean, tarta banatu behar zuten beste hainbat produkturekin. Eta gu greban. Nola errekuperatu Jai Alaiaren industria? Enpresek ikusi zuten behiak ez zuela gehiagorako ematen. Etekinik ez zuten ikusten. Eta frontoiak erortzen joan ziren bata bestearen atzetik, dominoan bezala. Kapitalismoa. Etekina nahi zuten. Zikloa amaitu egin zen. Akabo. Gainbehera bat. Gaur egun gelditzen direnak Daniako zazpi hilabeteak dira, eta derrigortuta, legez frontoia irekita izan behar dutelako, kasinoko lizentzia izaten segi nahi badute.

Eta Baikoko pilotarien grebak barrenak astindu dizkizu?

Asko. Batez ere grebara joateko erabakia zer denbora gutxian hartu zuten ikusita. Bat-batean: grebara goaz. Eta orduko irudiak etorri zitzaizkidan, eszenaratzeak, adierazpenak... Azken batean, kulturalki eta mentalki, gurea hemendik hara eramandako borroka mota bat izan zen: «Gu gai gara, borrokalariak gara, egin dezagun borroka». Bestela, nola esplikatu daiteke? Ziur nago, kanpotik ikusita, hura borroka heroiko bat izan zela: «Amerikako kirolaren historiako grebarik luzeena». Baina joder! Beste erremediorik izan ez genuelako!

Asko zenuten jokoan?

Euskaldunak burbuila batean bizi ginen han. Hango benetako gizartea greban geundela ezagutu genuen. Platerak garbitzera joan ginenean, zaborra biltzera joan ginenean... Beste lan batzuk topatzera joan ginenean, orduko sei-zazpi dolarren truke. Hura zen errealitatea, eta ez frontoikoa: bi edo hiru orduz gustuko zenuen gauza batengatik sei hilabetean 30.000-40.000 dolar irabaztea.

Eta bueltatu zinen, eta 36 urte zenituen. Euskal Herrian, zer?

Hemen ere giroa gaiztotua zegoen hemengo enpresen artean. Nik erretiroa hartzeko asmoa neukan, baina Eusko Basque izeneko enpresa sortu zen. Aitor Tototorikak sortu zuen, eta deitu zidan jokatzeko. Hiru urte neramatzan xistera hartu gabe. Jokatzen hasi nintzen, baina ez nuen nire mailarik ematen. Utzi egin nuen. Oso gaizki pasatu nuen.

Kontrakantxatik izena zuten zure artikulu haiek Euskaldunon Egunkaria-n, eta Kontrakantxatik izena du berria.eus-eko zure blogak ere. Zer ikusten une honetan kontrakantxatik?

Aldaketa bat. Gizartea aldatzen ari da abaila batean, eta pilota ere bai. Eta batek daki non bukatuko duen aldaketa horrek. Perspektika historikoa eduki behar da. Schumpeter ekonomialariak duela 100 urte aztertu zuen kapitalismoaren bilakaera, ez bakarrik ekonomia hartuta, baizik gizartea, historia... Pilota ere modu horretara aztertu behar da. Apustuarekin lotuta joan da beti pilota, eta lege batzuei esker iritsi zen gailurrera. Monopolioa zeukan, eta, bat-batean, lehiakide berriak agertu zirelako galdu egiten du monopolioa. Eta paradoxikoki, barruraka egiten du, berriz sehaskara. Merkatuak erantzuten ez duenean, berriz ere atzera egite bat dago. Nora eta herri txikietara. Esku-huska berriz ere herrietako fenomeno bat bihurtu baita. Ederra litzateke aztertzea zenbait diren herri txikietako pilotariak, eta zenbat urbanoak. Horien arabera antolatzen dira orain jaialdiak.

Laguntzak tarteko.

Erabat subsidiarioak dira jaialdiak. Diru laguntza horiek gabe, jaialdi batzuk ez dira antolatzen. Beraz, pilota profesionala sehaskara bueltatu da berriz, atzera egin du, bere baitan bildu da, eta diru publikoari esker egiten du aurrera, ezinbesteko produktu bat balitz bezala. Baina noiz arte? Pilotako enpresariak ekintzaileak izan dira, kapitalistak. Ikusi zuten han etekina zegoela. Orain figura hori desagertu egin da. Orain, diru publikoari esker, kudeatzaile batzuk bihurtu dira. Berezitasun batekin: guztiz puztu dutela dena. Aipatzen nuen ikuspegi historiko hori kontuan hartuta, ez dut uste bideragarria denik.

Zer da txik-txak?

Jokaldi bat. Pilotak zoruaren eta errebotearen mugan jotzen du, eta hantxe hilda gelditzen da.

Beste blog baten izena ere bada.

Baita ere.

Eta zer kontatzen duzu han?

Nire gauzak. Elkarrizketak, azterketa historikoak... material mordoa dago. Hor daukat erronka: handik atera beharko nukeen liburua non dagoen asmatzea.

Izan ere, agertu daiteke han Oteiza, agertu daiteke Woody Allen. Manilan zaude bat-batean, Kuban hurrena, New Yorken gero... Nor da Bandini?

Arturo Bandini idazle baten alter ego-a da: John Fanterena. Charles Bukowskik behin bere editoreari esan omen zion: «Beti niri eta nire liburuei buruz ari zarete, baina badago ezagutzen ez duzuen beste idazle bat: John Fante du izena». Hark egin zuen ezagun Fante, hil ondoren. Ikaragarri gustatzen zaizkit Fantek Bandiniren bidez kontatzen dituenak.

Eta zuk blogean Bandiniri idazten diozu. Egia da Woddy Allen ezagutu zenuela Donostian?

[Barrez]. Idazteko garaian konturatu naiz zerbait asmatzen duzula, eta asmatzen duzun hori izan daitekeela egia edo gezurra. Eta denborarekin, gertatzen zaizula duda sortzen zaizula benetan gertatua den edo ez. Zer esanik ez irakurtzen duenari.

Ez didazu esango, beraz, gertatu zen edo ez?

Bai. Ez. Ez dakit [Barrez].

Idazle belaunaldi hark markatu zintuen, beraz?

Beat belaunaldiak. Allen Ginsberg, William Burroughs, Jack Kerouac... Horien munduak beti erakarri izan nau. Kasualitatea izango da, gainera, baina Jack Kerouac nire etxetik hurbil hil zen! Ni Tampan bizi nintzen, eta St. Petersburgen hil zen bera. Zubi bat igaro, eta han nengoen. Gerora jakin dut hori. Hura eta haren garaikideak, nireak izan ziren. Eta haien errealitatearen eta fikzioaren arteko nahasketa bat egin izan dut nire idazketetan.

(2020-11-22an Berrian argitara emandako elkarrizketa)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia