Diaspora euskal argentinarrak berriro berritu du euskal kulturarekiko engaiamendua, aurten Pamparen bihotzetik
2015/11/03
2015eko Macachingo Euskal Aste Nazionalaren hasiera ofiziala (argazkia EuskalKultura.com)
PUBLIZITATEA
Azkar baino azkarrago pasatu da asteburua. Amaitu berria den 2015eko Euskal Aste Nazionalak, ordea, bihotzean luzaro gordeta izango ditugun hainbat irudi eta oroipen polit utzi dizkigu. Urtero bezala, EuskalKultura.com Argentinako euskal jai handienaren lekuko eta partaide izan da eta, urtero bezala ere, baliabide bihurtuko da irakurle bakoitzak bere argazki galeria propioa osa dezan. Hona ostiraleko momentu adierazgarrienetako batzuk.
Macachin, Argentina. Goizean goiz hasi ziren ekintzak ostiralean eta goizean goiz –baina larunbatean-- bukatu. Eta proposamen bakoitzean gogotsu hartu zuten parte Argentina osotik Macachinera bertaratu ziren lagunek. Txangoak, hitzaldiak, omenaldiak, erromeriak… Inork ez zituen galdu nahi izan Euzko Alkartasuna euskal etxeko kideek antolatutako aktibitateak.
Ostiral iluntzean izan zen festaren inaugurazio ofiziala. Eta txupinazoak --eta Ioar Oteiza eta Daniel Oiarbide musikariek zuzenean jotako doinuek-- deituta, berehala hasi ziren dantzan dantzari txikiak, gazteak, helduak eta guztiak.
Abesbatzen topaketan nobedade bat aurkeztu zuen Euskaltzaleak-eko abesbatzak: ‘Agur Jaunak’ agurraren bertsio eguneratua: ‘Agur Jaunak eta Andreak’.
Afarian ez zen dantza egiteko aukera falta izan+...
Eta erromerian, Maral taldea ere luzitu zen, oraingoan ‘Lau teilatu’ abestiarekin.