euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diaspora eta euskal kulturari buruzko ikastaroa aurrera doa Viedmako CURZAn: aukera daukazu online segitzeko

2023/05/24

Patagoniako euskal diaspora ezagutzeko doako proposamena, online parte hartzeko aukera dago
Patagoniako euskal diaspora ezagutzeko doako proposamena, online parte hartzeko aukera dago

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. Maiatzean hasi da 'Euskal Diaspora: hurbilketa Iparraldeko Patagoniako euskal kulturara' ikastaroa, Viedma-Patagoneseko Aberri Etxea Euskal Etxea antolatzaile CURZArekin batera (Comahueko Unibertsitate Nazionaleko Zonalde Atlantikoko Eskualde Unibertsitate Zentroa). CURZAko unibertsitate-komunitateari eta publiko orokorrari zuzenduta dago, eskualdeko euskal kulturarekiko interesa sustatzeko asmoz, dela euskal komunitateko kideengan, dela kide ez direnengan.

Doako ekimena da eta aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke. Arduraduna, Ruben Suarez, Aberri Etxeko bazkidea eta EEko Kultura arloko erreferentea, Historian doktorea, aditua Euskal Diasporan EHUn. EuskalKultura.eus-ekin solaskide, adierazi du pozik daudela oso deialdiaren erantzunarekin eta ikastaroaren hasierarekin. 45 bat lagunek eman dute orain arte izena, aurrez aurreko eta online ikasleen artean. Aurrez aurreko kupoa beteta dago, baina interesatuek online parte har dezakete.

Bi saio egin dira orain arte, maiatzaren 3an eta 10ean, hurrenez hurren, hainbat gai landuta, hala nola geografia eta antolaketa politikoa Euskadin eta Euskal Herrian, euskal erregionalismoa, eta diasporarekin zerikusia duten euskal historiako gai batzuk. Saio guztiak Ruben Suarezen eskutik izan dira, eta berarekin batera, gaiaren arabera, Aberri Etxea-ko eta Euskal Herriko beste lagun batzuk ere bildu dira kolaboratzaile.

Guztira 8 topaketa izango dira. Hona hemen datozen aldietako programa:

Maiatzak 24: Euskara
Hizkuntzaren esanahia eta iraunkortasuna. Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Erkidegoekiko Politika, 8/94 Legea. Euskararen mundu mailako irakaskuntza-sistema. Zer da barnetegi bat. Euskararen irakaskuntza Aberri Etxean. Rocio Basterra eta Virginia Argañaraz partaide.

Maiatzak 31: Prentsa. Literatura. Artea
Fernando Donato Cordoba, Kepa Zelaia Bolinaga (EHUko Kazetaritza saileko doktoregaia) eta Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Álvarez Aranburu (bideoa) partaide

Ekainak 7: Euskal zinema
Mertxe Barcos partaide (Aberri Etxeko Euskal Zine Zikloaren koordinatzailea 2015etik)

Ekainak 14: Folklorea. Euskal Dantza
Josetxu Astolfi partaide (Aberri Etxeko Lagun Onak dantza taldeko zuzendaria eta FEVAko ikastaroetako irakasle)

Ekainak 21: Ohiturak
Bertsolaritza. Mus-jokoa. Euskal komunitateko kideak eta Martin Goicoechea, Wyoming-eko bertsolaria partaide (bideoa)

Ekainak 28: Gastronomia
Baserrietako sukaldaritza eta euskal gastronomia berria. Sukaldaritzako erregionalismoa. Plater tipikoak. Euskal sukaldaritzaren birsorkuntza Argentinako Euskal Etxeetan. Aberri Etxeko Sukaldaritza taldea partaide.

Topaketa guztiak asteazkenez egiten dira —gaur saioa dago, beraz—, 18etan, CURZAren gela hibrido presentzial/birtualean. Suarezek azpimarratzen du gela hibridoa aparteko tresna dela eta, besteak beste, hainbat lekutako interesdunen parte-hartzea ahalbidetzeko abantaila duela. Oraingoz, bertakoez gain, Venado Tuerto, Bahia Blanca, Río Colorado, Puerto Madryn, Toay, Parana, CABA eta Zapalako ikasleak dauzkate da, baita Txileko Viña del Mar-ekoak ere.

Online ikastaroetan parte hartzeko, idatzi molicotes@yahoo.com.ar helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia