Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakunde nagusiek abian jarri dute "Euskararen Txantxangorria", euskaldunoi euskara erabiltzeko eta zaintzeko gonbidapen berri bat luzatuz. Diasporatik hasiek dira gutxi batzuk kanpainarekin bat egiten, eta webguneko mundu mapan adierazi dute Argentinan, Brasilen, Katalunian, Espainian... eta beste hainbat lekuetan ere egiten dela euskaraz. Zuk ere bat egin eta jarri txantxangorri berri bat munduan!
Donostia-San Sebastián. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek abian jarri dute "Euskararen Txantxangorria" kanpaina, euskararen erabilera sustatzeko. Kanpainaren irudia txantxangorria da, euskal kulturan txori oso maitea, baina, aldi berean "txikia eta hauskorra", aurkezpenean Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi zuenez.
Kanpainaren helburua txori hau bizirik eta hegan ikustea da eta horretarako euskaldunei euskaraz hitz egiteko gonbitea luzatu diete arduradunek. Ez hori bakarrik. Baztarrikak euskaraz dakitenek ulertzen dutenei euskaraz egitea ere eskatu zuen, horrela euskaraz egiteko "aukerak ugaritzeko".
Diasporan ere txantxangorriak
Euskararen erabilera hori ikusiarazteko, kanpainak www.euskararentxantxangorria.eus webgunea jarri du abian. Bertan, euskaraz egiten duen edonork izena eman eta mundu mapan bere txantxangorria jar dezake. Diasporako euskaldunak ere hasiak dira bertan agertzen, eta badira dagoeneko txantxangorriak Logroñon, Valladoliden, Madrilen, Lleidan, Valentzian... eta Argentinan eta Brasilen ere.
EuskalKultura.com-etik gonbitea luzatu nahi diegu munduko euskaldunei kanpaina honekin bat egin dezaten, mapa horretan txantxangorria jarriaz eta egunero euskara erabiliz.