Boise, Idaho, AEB. Iristen doaz mundu osotik euskal etxe, komunitate eta erakundeen dei eta hitzorduak Euskal Diasporaren Egunarekin (EDE) bat egiteko eta Diaspora bera ospatu eta aldarrikatzeko. Guztiak merezi bezala bildu ezinean, banaka batzuk azpimarratuko ditugu eta Boisen 'Diaspora Eguna Mintzagai' izenpean, BSU Unibertsitateko Euskal Ikasketa alorrak prestatu duenarekin hasiko gara. Iazko EDEn izan zuen lehen edizioa, eta badirudi ildoari eutsi eta urtero data berean errepikatzekotan diren ekimena dela.
-Data: 2022ko Irailaren 8an, Diasporaren Egunean
-Antolatzaile: BSU, Boise State University, Euskal Ikasketen alorra
-Ordua: Boiseko 8:00etan, Buenos Airesko 11:etan, Euskal Herriko 16:00etan
-Zoom bidez: programa eta Zoom esteka irailaren 1ean plazaratuko dira hemen
Euskal kulturaren alorra landu eta euskal ikasketetan interesa duten pertsonek har dezakete parte. Topaketak aukera ematen die graduondoko ikasleei euren lanak agertzeko eta erakundeei euren berri eman eta lantzen ari diren proiektu eta emaitzak jakinarazteko. Euskal Ikasketen alorrean dabiltzaten guztiei dago zabalik eta partaidetza hizlari gisa izan daiteke ala entzule moduan. Ikasleen aurkezpenak hiru minutukoak izango dira, hiru minutuko tesi ereduari jarraiki, eta erakundeetako hizlarienak, bostekoak.
Partaidetzak edozein hizkuntzatan izan ahalko dira, baina hizkuntza ingelesa ez bada power-point bat eskatuko zaie hizlariei ingelesez, bere esanaren lagungarri.
Parte hartu nahi dutenek email bat bidali beharko dute johnysursa@boisestate.edu helbidera abuztuaren 22aren aurretik honako datuekin: izen-deiturak, erakundearen izena eta kokapena; gradua edo ikasketa alorra; aurkezpenaren izenburua eta lanaren 250 hitzeko laburpena.
-Informazio gehiago: https://www.boisestate.edu/basquestudies/diaspora-eguna-hizketa