euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Diaspora Bidaian' proiektuak Quebecen egonaldia burutu ondoren, hurrengo fasea Venezuelan izango du, apirilean

2007/03/24

'Diaspora Bidaian' antzezlana Ameriketara joandako bi anaia euskaldunen historian oinarrituko da
'Diaspora Bidaian' antzezlana Ameriketara joandako bi anaia euskaldunen historian oinarrituko da

PUBLIZITATEA

Miarritzeko Theatre du Versant antzerki konpainiak 'Diaspora Bidaian' proiektuaren lehen fasea burutu berri du. Kultur trukaketa eta lankidetzaren aldeko apostua da 'Diaspora Bidaian' eta Quebec, Venezuela, AEB eta Argentinako taldeekin hartuemanak ditu oinarri. Versanteko bi kide Quebec-en izan dira bertako Le Cochon Souriant taldeko lagunekin lanean; apirilean, berriz, Venezuelara abiatuko dira.
Theatre du Versanteko bi lagunek, Gael Rabas zuzendariak eta Francoise Dorgambidek, Quebec-en egonaldia egin eta otsailaren 17 eta 18an antzerki tailerra burutu zuten bertako Le Cochon Souriant taldearekin. Topaketa hau 'Diaspora Bidaian' proiektuaren lehen urratsa baino ez da. Nazioarteko produkzio honetan Québec, Venezuela, Argentina, Estatu Batuak eta Euskal Herriko taldeekin lan egingo du Miarritzeko taldeak.

Ekimenak herrialde desberdinetako artisten arteko hartuemanak ditu oinarri, 'lekuan-lekuko hizkuntza eta ezaugarri kulturalez gaindi' komunikatzen ahal duten antzezlanak sortzeko. Lehen fasean Theatre du Versantek antzerki tailerrak egingo ditu zenbait herrialdetan, obraren bizkarhezurra izango den ideia bat landuz. Ondotik, herrialde bakoitzeko aktoreak aukeratu eta egonaldi bat egingo da Miarritzen, behin-betiko antzezlana sortzeko. Azkenik, bira bat antolatuko da proiektuan parte hartu duten herrietan zehar. Theatre du Versantek horrelako produkzio ugari egin izan ditu, Mali, Madagaskar, Bamako, Mexiko eta Venezuelarekin elkarlanean, adibidez.

Bi anaia Diasporan

'Diaspora Bidean'eko bizkarhezurra Pier-Pol Berzaitzek idatzitako proposamen bat da, Bi anai izenburua duena. Bertan Ameriketara joan ziren Barkoxeko (Zuberoa) bi anaiaren istorioa jasotzen da. 'Batek fortuna egina, herrira itzuli zen urrez jantzia eta ohorez estalia, Amerika Latinan Simon Bolivar bezalako iraultza gizon handiak ezagutu ondoan. Beste anaiak, olerkari, ameslari, munduari ez egokitua, ez du deus ekarriko bere bidaietatik. Soilik amets gehiago behar bada....', azaltzen dute arduradunek. [Ezkerreko irudian Le Cochon Sourianteko kideak eta Theatre du Versanteko lagunak (argazkia Versant)]

'Quebec-en otsailean egin dugun egonaldia oso interesgarria izan da', adierazi dio EuskalKultura.com-i proiektuaren koordinatzaile Xabaltxek. 'Izan ere, hango bi zuzendariek sustrai baxenabartarrak zeuzkaten, beraien familiak Oragarrekoak ziren, eta proiektuaren gaiak erabat hunkitu zituen'. Alde artistikoan, gainera, emaitza ere ezinhobea izan da eta aktore oso onak aurkitu dituztela aitortzen du Xabaltxek.

Hurrengo geltokia, Caracas

Proiektuak aurrera darrai eta Theatre du Versanteko kideak hurrengo bidaia egiteko prestatzen hasiak dira jada. Venezuelan izango da hurrengo tailerra, Caracaseko Fundateneo taldearekin, apirilean bertan. Talde venezuelarraren buru Orlando Arocha izango da, entzute handiko profesionala eta Versantekoen ezaguna, aurretik ere elkarlanean aritu baitira. Arochak, gainera, euskal jatorria dauka eta lan honen bitartez bere sustraiak ber-aurkitzeko aukera biribila izan dezake. [Eskuineko irudian Fundateneo taldeko kideak]

Ondotik, Diaspora Bidaianeko hurrengo fasea Euskal Herrian bertan, Iruñean, izango da, maiatzean. Honez gain, antolatzaileak egonaldi gehiago prestatzen hasiak dira: Kalifornia (AEB) urte amaieran, abenduan, eta Argentina, 2008ko martxoan. Hala ere proiektuak bertan parte hartu nahi dutenentzat irekita jarraitzen du. Diaspora Bidaiani buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, hona jo daiteke:

Théâtre du Versant
Centre de Recherche Théâtrale International de Biarritz
Rue Pelletier Lac Marion 64200 BIARRITZ
Tel. +33 5 59 230 230
E-mail: theatre-versant@wanadoo.fr


Lotura interesgarriak

Theatre du Versant, Miarritze
www.theatre-du-versant.com

Le Cochon Souriant, Québec
www.repertoiredesartistesquebecois.org

Pier Pol Berzaitz
www.eke.org

Miarritzeko talde batek Diasporari buruzko antzezlana egingo
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia