euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diana Huarte: «Gaurko egoera krisitzat daukazue, baina guretzat umeen jolasa besterik ez da»

2009/05/11

Diana Huarte eta Daniel Gorostegui, SHH
Diana Huarte eta Daniel Gorostegui, SHH

PUBLIZITATEA

Argentinara joandako euskaldunen bilobak dira Diana Huarte eta Daniel Gorostegui, eta Buenos Airesko pop elektronikoaren aitzindariak dira SHH taldearekin. Argentinan musika elektronikoa jorratzen duen talde bakanetakoa da SHH bikotea. Aitona nafarra duen Diana Huartek (Buenos Aires, 1979) egiten ditu SHHren kanten hitzak, eta Daniel Gorosteguiren doinuak abesten ditu. Gorosteguiren aitona Miarritzekoa zen. Lehen aldiz izan dira Euskal Herrian jotzen. Atzo eman zuten azken kontzertua, Elorrioko Parra tabernan (Bizkaia). Berria egunkariak eginiko elkarrizketa.

Edu Lartzaguren/Berria. Argentinan musika elektronikoa jorratzen duen talde bakanetakoa da SHH bikotea. Aitona nafarra duen Diana Huartek (Buenos Aires, 1979) egiten ditu SHHren kanten hitzak, eta Daniel Gorosteguiren doinuak abesten ditu. Gorosteguiren aitona Miarritzekoa zen. Lehen aldiz izan dira Euskal Herrian jotzen. Gaur emango dute azken kontzertua, 20:00etan, Elorrioko Parra tabernan (Bizkaia).

-Euskal jatorriko bi musikari pop elektronikoa egiten Buenos Airesen... Baina ba al dago eszena elektronikorik Argentinan?

Egon badago, baina oso underground da. Irratian ez duzu entzungo. Rocka entzungo duzu, eta nahiko txarra. Buenos Airesen ez da hemen bezala, ez dago kontzertuetara joateko kulturarik. Tristea da. Guk hamar urte daramagu jotzen, eta nahiko gogorra da. Londresen ibili gara azken hilabete erdian, eta askoz hobeto hartu gaituzte han; ezin genuen sinetsi. Hemen gauza bera gertatu da. Inor ez da profeta bere herrian.

-Izan ere, zu Londresera joan zara bizitzera?

Irailetik han bizi naiz. Gogorra da, Danik Buenos Airesen jarraitzen duelako. Ikusiko dugu bidea egiterik daukagun. Hego Amerikan ez dago zer eginik, han rock barrial deiturikoa entzuten delako batez ere.

-Zeu ere ez zinen pop abesten hasi, baizik eta opera...

Bost urtez ikasi nuen opera, musika goi eskolan. Izugarri maite dut, baina neure kantak idazten hasi nintzenean ate bat irekitzea bezalakoa izan zen: etxean beste gela bat zegoela aurkitu nuen, eta izugarri ederra zen.

-Zure kantetako gaiak «maitasuna, zomorroak eta heriotza» direla diozu. Zergatik maitasuna?

itzak oso ezberdinak izaten dira, baina guztietan saiatzen naiz emakumeen ikuspegia agertzen. Askotan gertatzen da emakumeek egin edo abesturiko kantek gizonezkoen ikuspegiak agertzen dituztela. Mende honetako emakume batek nola sentitzen duen islatzen saiatzen naiz. Duela hamarkada batzuk emakumeetan gaizki ikusitako gaiak lantzen ditut: aldi baterako sexua, drogak... Gaucho boy bigarren diskoan Mexikoko Ciudad Juarezeko emakumeen hilketen inguruko kanta bat daukagu.

-Gaur Europan mintzagai nagusia krisia da, baina Argentinan hogei bat urte inguru daramazue krisian. Zein da halako garaietan sortzen jarraitu ahal izateko zure formula?

Zuek, agian, krisitzat daukazue egoera, baina guretzat haurren jolasa besterik ez da. Gurean txirotasuna izugarri hazi da azken zazpi-zortzi urteotan. Gu ez gara aberaskumeak, beti lan egin behar izan dugu, baina ez dugu arazo larririk izan. Borrokatu egin behar da gustuko duzuna egiteko, eta musika egiten jarraitu. Kanta baten hitzen erdia ondo atera bazaizu gaur, poza sentitzen duzu astebetean.

-Nola moldatuko zarete orain lan egiteko, bat Buenos Airesen eta bestea Londresen bizita?

Melodiak eta hitzak Internet bidez bidaliko dizkiogu elkarri, eta dirua aurreztuko dugu bidaiatu ahal izateko. Dagoeneko beste hiru kanten hezurdura daukagu eginda. Euskaldunak burugogorrak direla diote. Espero dut euskal izaerak laguntzea taldeak aurrera egin dezan.

(jatorriz Berria egunkariak argitara emaniko elkarrizketa)

Lotura interesgarriak

SHH 'Sin dormir' bideoa
http://www.youtube.com/watch?v=ZBJ7o7gibS8&hl



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia