euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diamante, Argentina: ‘Don Julio Otegui’ Eskola Arteko Futbol Txapelketa bere 26. ediziora iritsi da aurten

2019/10/29

‘Don Julio Otegui’ Eskolen Arteko Futbol Txapelketaren 26. edizioa
‘Don Julio Otegui’ Eskolen Arteko Futbol Txapelketaren 26. edizioa

PUBLIZITATEA

Diamante, Argentina. Lehiaketa 1994an sortu zen, eta 2006an ‘Udal Interesekoa’ deklaratua zuten. ‘Don Julio Otegui’ Eskolen Arteko Txapelketa Buenos Aires hiriburutik 450 kilometrora dagoen Diamante herrian jokatzen da urtero, Entre Rios probintzian. Aurtengoan eskualde osoko hamazazpi eskolek hartu dute parte; eta inaugurazio zeremonian, ikasle eta tokiko agintariekin batera –Juan Carlos Darrichon alkatea ere tartean–, Julio Oteguiren alabak eta ilobak bildu dira. Lehiaketako argazki gehiago, hemen.

Julio Cesar Bartolome Otegui jauna

Txapelketari izena ematen dion Julio Otegui, Euskal Herritik etorritako tolosar baten, Lorenzo Marcial Otegui-ren biloba izan zen. Bere aurrekoak ez bezala, Julio Otegui Argentinan jaio zen, 1919an, Entre Rios probintzian euskal ondare handikoa den Victoria hirian. Prefekturako langile zenez, Argentinako litoraleko hainbat tokitan bizi izan zen Diamanten kokatu aurretik. Euskal sustraiko askok bezala, gustukoa zuen kirola, eta eskualde osoko zenbait klubetako sortzaile eta kide izan zen.

Bere alaba Marta Liliana Otegui-ren hitzetan, “Gure aitak sarritan esan ohi zuen ez zela batere ona umeak egun osoan kalean ibiltzea, eta horregatik makina bat kirol ekitaldiren antolatzaile izan zen, izan ere umeak klubetara erakartzeko. 1994an, Diamanteko Independiente Klubeko kide zen Esteban Rauk Txapelketa hau antolatzea proposatu zion eta baietz erantzunda abiatu zen". "Txapelketarekin, aitak adierazi nahi zien umeei, ondo pasatu behar zutela eta nahiz eta txapelketa izan, parte hartuz gero, guztiak zirela irabazle. 1999an zendu zen, baina Txapelketak jarraitu egin du eta urtero egiten da arrakasta politarekin”.

Aurtengo edizioan, Julio Oteguiren hiru alabak, Marta Liliana, Elena Isabel; eta Maria Julia --lehenengoa bere biloba Jeronimo lagun--, partaide izan ziren Txapelketaren inaugurazioan. Eta familiak Euskal Herriarekiko kontaktua galdu bazuen ere, Liliana hasia da duela urte batzuk sustraiak ikertzen. “Are gehiago", esan dio EuskalKultura.eus-i, "Tolosara joateko aukera izan dut eta Lorenzo gure berraitonaren etxea ezagutu nuen. Bertan jakin nuen gainera Lorenzoren emazteak Garra zuela abizena. Gauza asko ditut ikertzeko oraindik baina horretan nabil. Interesa dut, gainera, hemen Argentinan Euskal Etxe batera hurbildu eta nire sustraiein inguruan eta oro har Euskal Herriari buruz gehiago ikasteko”, adierazi digu hunkituta Liliana Oteguik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia