euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dhaulagirira igotzea lortu zuen Edurne Pasaban mendizale tolosarrak, bere bizitzako hamargarren zortzimila

2008/05/03

Edurne Pasaban tolosar mendizalea zortzi milako hamar mendi igo dituzten hiru emakumeen artean kokatu da (argazkiaEfe)
Edurne Pasaban tolosar mendizalea zortzi milako hamar mendi igo dituzten hiru emakumeen artean kokatu da (argazkiaEfe)

PUBLIZITATEA

Iragan ostegunean Edurne Pasaban mendizale tolosarrak koska berria idatzi zuen bere curriculumean, Nepaleko Himalaiako Dhaulagiriren gailurrera igotzerakoan. Espedizioak Al filo de lo imposible izena izan du eta beste mendizale batzuk ere bazeuden bertan: Asier Eizagirre eta Alex Txikon euskaldunak, Ferran Latorre kataluniarra, eta hamalau zortzimilakoetara igo direnen zerrendan sartu berria den Ivan Vallejo ekuadortarra. Munduko hamalau tontorrik garaienak egitearen ametsean garaiera altuko lau mendi geratzen zaizkio gaina hartzeko: Shisha Pangma (8.046 m.), Annapurna (8.091 m.), Manaslu (8.163 m.) eta Kangchejunga (8.586 m.).
Everest (8.848 m.) 2001ean; Makalu (8.035 m.) eta Cho Oyu (8.201 m.) 2002an; Lhotse (8.516 m.) eta Gasherbrum I (8.163 m.) eta II (8.035 m.) 2003an; K-2 (8.611m.) 2004 an; Nanga Parbat (8.125 m.) 2005ean eta Broad Peak (8.047 m.) 2007an. Eta ostegunean Himalaiako Nepalen dagoen Dhaulagiri (8.165 m.) gailurrera ere igotzea lortu zuen Edurne Pasabanek. Era honetan, tolosarra zortzi milako hamar mendi igo dituzten munduko hiru emakumeen artean kokatu da.

'Momentu honetan hemen egote hutsak eta munduko zortzimilako erraldoi baten gailurra, gure Dhaula, igotzeko aukera edukitzeak, sakrifizio guztiak sobran saritzen ditu', idazten zuen Pasabanek bere webgunean azkeneko igoera hasi baino hogeita lau ordu lehenago. 'Gailurra oso gertu dagoela dirudi, baina oraindik esfortzu asko egin beharko dugu geratzen diren 800 metroko aldapa igotzeko', aitortzen zuen mendizaleak.

'Aparteko poztasun sentsazioa'

Dhaulagiriren gailurrera igo bezain laster, Edurne Pasabanek honako adierazpenak egiten zituen: 'Zaila da momentu honetan sentitzen dudana azaltzea, nekea, egarria, oroitzapenak eta emozioak nahasten dira, aparteko poztasun sentsazioa sortuz. Betirako barnean gordeko dudana gailurrean bizitako minutuak eta lan ona egin ondoren jasotako saria izango da'.

Nepaleko Himalaiako tontorrean lortutako arrakastaren ondoren, tolosarra bere hurrengo erronkan ari da pentsatzen dagoeneko. Pasabanek adierazi duenez, datorren udazkenean Manaslu (8.163 m.), 'espirituen mendia', igotzen saiatuko da. Gelditzen zaizkion beste zortzi milako tontorrak --Sisha Pangma (8.046 m.), Annapurna (8.091 m.) eta Kangchejunga (8.586 m.)-- igotzeko, ordea, denbora gehiago beharko du gipuzkoarrak, baina euskal mendizaleak bizi izan dituen ezbehar guztiak ikusita, argi dago behintzat, saiatuko dela lortzen.


Lotura interesgarriak

Edurne Pasabanen webgunea
www.edurnepasaban.net

Edurne Pasaban mendizalearen biografia
Altzoko udaleko webgunean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia