euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Deustuko Euskal Ikasketen Institutua, "mundua ikusteko lehioa; mundura geurea eramateko atea"

2010/11/26

Mintegia Deustuko Unibertsitateko Hitzaldi Aretoan egin zen (argazkia EuskalIkasketenInstitutua)
Mintegia Deustuko Unibertsitateko Hitzaldi Aretoan egin zen (argazkia EuskalIkasketenInstitutua)

PUBLIZITATEA

Deustuko Unibertsitatea Euskal Ikasketen Institutua ari da indartzen, etorkizunean ikastetxe nagusi honetako ikasketa eta ikerketa arloan pisu gehiago izango duelakoan. Joan den astean unibertsitateak 'Euskal Ikasketak mundura eta etorkizunera begira' izeneko simposium bat egin zuen eta bertan institutua sustatzeko ekimen eta kolaborazioei buruz hausnarketa egin zuten Deustuko euskal ikasketa arloko irakasle, ikertzaile eta adituek. "Munduan euskal gaiarekiko interes handia dago", adierazi du Esti Amorrortu Deustuko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Ikerketa eta Graduondoetako dekanordeak.

Bilbo, Bizkaia. Joan den azaroaren 17an Deustuko Unibertsitateak Euskal Ikasketei buruzko mintegi batean bildu zituen erakundean, egun sail desberdinetan eta bakoitza bere aldetik, euskal gaietan ikerketak egiten ari diren adituak. "Topaketaren helburua elkarren berri izan eta ikuspegi amankomun bat bilatzea zen", azaldu dio EuskalKultura.com-i Esti Amorrortu Ikerketa eta Graduondoetako dekanordeak.

Mintegiaren balioespena, Amorrortuk adierazi duenez, oso positiboa izan da. "Euskal Ikasketen Institutua ez bakarrik iraganera begira, baizik eta etorkizunera eta mundura begira egon dadin nahi dugu. Gure ideia euskal ikasketak mundu globalean aztertzea da, eta ez bakarrik Euskal Herriko txokoan", azadu du.

Amorrortu Estatu Batuetako Nevada-Renoko eta Southern California-ko Unibertsitateetan ibilitakoa da, eta bere ustez atzerrian euskal ikasketen beste ikuspegi bat dago. "Kanpoan ibili garenak konturatzen gara euskal gaiak interes handia pizten duela; ez bakarrik hizkuntzak, baizik eta euskal kulturak orokorrean", aipatzen du.

Mundurako lehioa, geurea munduratzeko atea

Mintegiaren barruan Pedro Oiarzabal ikerlariak hausnarketa horietan sakondu zuen mintegiaren azken hitzaldian. Bere hitzetan, Euskal Ikasketen Institutuak mundurako lehioa izan behar du, nazioartean besteek zer egiten duten ikusteko, baina aldi berean ate bat ireki behar du, Euskal Herrian egiten ari garena besteekin konpartitzeko. 

"Munduan euskal gaien inguruko interes handia dago: gure nortasun kulturalaren baloreak, ohiturak, hizkuntza... Badugu ekarpen bat munduari egiteko, ikuspegi oso konplexua eta aldi berean mundu globalari oso irekia", dio Oiarzabalek. "Gure mundu kulturala, linguistikoa... oso txikia da, eta kultura hori mantentzeko ahalegin handiak egiten ditugu. Geureari errespetu handia diogu, baina beste kulturei ere bai. Hori da gure ekarpena". 

"Globaltasunak tokian-tokikoa suntsitu egingo zuela uste genuen, baina, aldiz, aberastu egin du. Euskal kultura pisu handiagoa duten beste kulturekin lehia daiteke era osasuntsu batean", iragartzen du ikerlariak. Oiartzabalen esanetan, gaur egun Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza-Zientzien Fakultateko ikasleen %15a atzerritarra da. "Kanpoko ikasleen presentzia hori oso esanguratsua da. Etorkizunean Euskal Ikasketen Institutua fakultateko marka izango da", gehitzen du. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia