euskal diaspora eta kultura
2012/10/29
PUBLIZITATEA
Bilbao, Bizkaia. Deustuko Unibertsitateak tarte berezia eskaini zien iragan urriaren 19an Euskal Herrira itzuli diren emigranteei eta emigranteen ondorengoei, unibertsitateko Euskal Ikasgaien Institutuak eta Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak antolatu zuten ekitaldian. Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin antolatu zen jardunaldia, izan ere, aldundiak sustatzen duen BizkaiLab egitasmoaren barruan Bizkaira itzuli den emigrazioario buruzko ikerketaren baitan kokatzen da topaketa. Pedro J. Oiarzabal eta Nerea Mujika historialariek zuzentzen dute ikerketa hori.
Topaketak itzulitakoei eman zien hitza, eta horietako batzuk euren esperientziari buruz eta Euskal Herrian sortzen hasi diren elkarteei buruz solastu zuten, EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarrik aurkeztu zuen mahainguruan. Hizlariak Veronica Domingo (Argentina), Laura Igantzi (Estatu Batuak), Izar Errandonea (Uruguai) eta Irantzu Leunda (Venezuela) izan ziren. Horrez gain, Pedro J. Oiarzabal historialariak Bizkaiko emigrazioari buruzko ikerketaren emaitza batzuk aurkeztu zituen.
Topagune
Antolatzaileak oso pozik agertu dira topaketaren emaitzarekin. "Topaketa bera antolatzea jada arrakasta izan da; horrelako lehendabizikoa dela uste dut", agertu dio Pedro Oiarzabalek EuskalKultura.com-i. "Nire ustez partehartzaileak oso kontent izan ziren jardunaldian sortu ziren harremanengatik: itzulitako emigranteen artean maila pertsonalean eta baita elkarte mailan, mundu akademikoarekin (kasu honetan Desutuko Unibertsitatearekin), eta azkenik erakundeekin, adibidez Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzako Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako Zuzendaritzarekin".
[Partehartzaileen artean Euskal Herrira itzulitako Diasporako kide asko izan ziren (argazkia Belen Ibarrola/Deustuko Unibertsitatea)]
Jardunaldia lehen pausu arrakastatsua izan bada ere, azken helburua askoz zabalagoa dela azaldu du Oiarzabalek. "Gure asmoa, Deustuko Euskal Ikasgaien Institututik eta Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institututik Bizkaiko Emigrazioaren Interpretazio Zentro Birtual bat sortzea da, horren bidez atzerrian idatzi diren Bizkaiko historiako orrialdeak gorde eta zabaltzeko", adierazi du historialariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus