2014an Jon Bilbao bibliografo, irakasle eta idazlearen jaiotzaren mendeurrena betetzen da eta Deustuko Unibertsitateak bere lanen inguruko jardunaldia eta erakusketa antolatu ditu. Ostegun honetan egingo da jardunaldia, Deustuko Euskal Gaien Institutuak, Giza Eskubideen Institutuak eta Unibertsitateko liburutegiak antolatuta. Bertan Renoko CBSren sortzaileetako bat izan zen euskaltzalearen ekarpena eta ondarea aztertuko dira.
Bilbao, Bizkaia. Ostegunean Jon Bilbao euskal-amerikarrari eskainitako jardunaldia hartuko du Deustuko Unibertsitateak, haren jaiotzaren mendeurrenaren karira. Bilbao euskal bibliografo nagusienetakoa izan zen eta bere lan garrantzitsuena izan zenak, Eusko Bibliographia delakoak, tarte berezia izango du jardunaldiotan.
Bi jarduera nagusi egingo dira ostegunean. Batetik, “Jon Bilbao aro digitalean: euskal kultura babesteak eta transmititzeak dakartzan erronkak" jardunaldian Bilbaoren ondarean sakonduko da, historiarako eta artxiboen zaintzarako euskal gizarteak sortutako kultura eta ondarea babesteak zer erronka dakartzan aztertzeko asmoz.
Jardunaldi honetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Gaur da izena emateko azken eguna; horretarako bete honako formularioa.
Informazio gehiago: euskalgaiak@deusto.es / 944 139 225
Eusko Bibliographia
Orobat, ostegunean inauguratuko da Jon Bilbaori buruzko erakusketa CRAI Liburutegiko Ellacuria aretoan. “Jon Bilbao, euskal kulturaren armadore: Eusko Bibliographia eta Deustuko Unibertsitateko ondare bibliografikoa" izena du erakusketaketak eta euskal bibliografiaren bilakaera aztertuko du, tarte berezia eskainiz Jon Bilbaoren lan nagusiari: Eusko Bibliographia, euskal gaiei buruzko munduko datubase nagusienetakoa.
Erakusketa azaroak 7a arte egongo da irekia, astelehenetik ostiralera, 17:00tatik 20:00ra. Sarrera doan.