euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Denak Bat lagun aurkeztu da Guillermo Etchebehere-ren 'Poesia osoa' Argentinako Liburutegi Nazionalean

2024/09/19

Cañuelasko Denak Bateko abesbatzak lagun, dantzarien Agurra Liburutegi Nazionalean Etchebehereren liburuaren aurkezpenean
Cañuelasko Denak Bateko abesbatzak lagun, dantzarien Agurra Liburutegi Nazionalean Etchebehereren liburuaren aurkezpenean

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Oso ekitaldi artistiko zaindu baten babespean, eta euskal dantzari eta kantariak partaide, Argentinako Liburutegi Nazionalak abegia eman dio Guillermo Etchebehereren “Poesia osoa” liburukiaren aurkezpenari, bertako Liburu eta Hizkuntzaren Museoko David Viñas aretoan. Mahaian eseri ziren poeta cañuelastarraren bizitza eta obra ikertu duen Juan Manuel Rizzi, Cañuelasko D. F. Sarmiento liburutegiko zuzendari dena; eta Antonio Requeni poeta eta kazetaria. Gogora dezagun Ediciones del Dock argitaldari duen lan-bilduma honek Etchebehereren lan osoa biltzen duela, baita zenbait hitzaldi ere, literatur aldizkarietan argitaratutako olerkiak ere, eta idazlan biografiko eguneratu bat. Ekitaldia abuztuaren 23an egin zen, ostiralez, aretoa jendez mukurru, tartean Etchebereren sorterri Cañuelastik propio etorritako hainbat.

Poetaren lan osoa liburu bakarrean. Haren testuak ozen aipatu eta biziarazi zituzten, baita gitarra eskuetan kantatu ere, Atahualpa Yupanquik bere garaian grabatutako batzuk ere tartean

Poetaren arreba eta ilobak lehenengo lerroan eserita, Liburutegi Nazionaleko Kultura zuzendari Guillermo Davidenak izan ziren aurreneko hitzak. Argentinako bizitza politiko eta poetikoan Etchebeherek —"Argentinako poesiaren izen handienetako bat"— izandako lekua nabarmendu zuen. Cañuelas Udaleko Komunikazio idazkari Fernando Abdok Marisa Fassi intendentearen agurra eta zorionak ekarri zizkien bertara batutakoei. Olerkariaren jaioterrian antolatu berri duten Liburutegi Digitala ere aipatu zuen eta udal argitaletxe baten sorrera iragarri, idazle cañuelastarren lanak behar bezala plazaratu eta hedatzeko.

Korrespondentzia

Juan Manuel Rizzi poeta eta filosofia irakasleak Etchebehereren maisuak aipatu zituen, Carlos Vega, Alvaro Yunque, José Sebastian Tallón eta Luis Iglesias. Pasadizoak kontatu zituen, eta poetaren lanari buruz aritzeko harek idatzitako gutunak hautatu zituen. Azaldu zuenez, liburua argitaratu eta hilabetera, senitarteko baten etxean idazlearen korrespondentzia guztia aurkitu zuten. Besteak beste, Jorge Luis Borges, Alfonso Reyes, Alejandro Casona, Arturo Frondizi, José Pedros eta Leon Benaros bezalako figuren erantzun gutunak, edota jasotze agiriak.

 
Liburutegi Nazionaleko Kultura Zuzendari Guillermo David bertaratutakoei zuzentzen

 
Cañuelasetik bertaratutako ordezkaritza Juan Manuel Rizzi eta Antonio Requenirekin

 
Sergio Massarotto musikari, konpositore, idazle eta irakaslea

 
Sandra Cherutti Leo Mennitto gitarristarekin batera

  
Matías Kekes Lópezek "El fervor que me desvela" estreinatu zuen

 
Guillermo Etchebehereren obraren aurkezpena, 'Euskal Arima'ko dantzariek hasia (bideoa InfoCañuelas.com)

Antonio Requeni, bere aldetik, Guillermo Etchebeherek berarengan eta bere obran izan zuen eraginaz mintzatu zen, adiskidetasun harremana izan baitzuten, eta 27ko poeta espainiarren grabitazioa poeta cañuelastarrarengan azpimarratu zuen, bereziki Miguel Hernandezena. Une biziki hunkigarria bizi izan zen, kazetariak, ezustean, berari eskainitako dezima baten orijinala, poetak berak eskuz idatzi eta dedikatua, erakutsi eta eman zionean han bertan dohaintza gisa Juan M. Rizziri, Cañuelasko Sarmiento Liburutegiarentzat.

Agurra eta Denak Bat kantari

Euskaldunek bat egin zuten omenaldiarekin eta, ekitaldiari hasiera emanez, Cañuelasko Euskal Arima dantza taldeko lau gaztek Agurra dantzatu zuten, Denak Bateko abesbatza kantuan lagun zutela, Leandro Vallejos zuzendari. Cañuelasko zenbait artistek, ahotsa eta musika jarri zizkieten Guillermo Etchebehereren hitzei. Sergio Massarottok “La Mano de mi rumor” abestu zuen, eta Sandra Cheruttik, Leo Mennitto gitarran, “Memoria para el olvido”, biak hitzak Etchebehere-renak eta Atahualpa Yupanquik musikatu eta 1980an grabatuak. Amaieran, Matías Kekes Lópezek “El fervor que me desvela” estreinatu zuen Cañuelasko poetaren letrarekin eta, urrezko amaiera gisa, 2005eko grabaketa bat entzun zen, “Sed” poemaren irakurketa, Etchebeheren laguna zen Carlos Gorostiza antzerkigile ospetsuaren ahotsean.

“Poesía completa” (Poesia Osoa) proiektuak partaide eta argitaldari izan ditu: Cañuelasko Udala, Silencio y Voces kafe literarioa, Rancho Los Uncalitos eta D. F. Sarmiento Liburutegia. Liburua Ediciones del Dock-en webgunean eros daiteke, 15.000 pesotan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia